Online jokozaleen profila: mutila, unibertsitateko ikaslea eta matematiketan trebea
Jokoarekin lotutako mendekotasun kasuak geroz eta gehiago dira Euskal Herrian. Apustu etxeen, kirol jokoen eta teknologia berrien amaraunak gazte asko harrapatu ditu bere sarean azken urteotan. Ezkutuan, bakarrik eta, ia gehienetan, batere kontrolik gabe egin dezake apustu gazte batek, bere adikzioa inguruan ikusezin bihurtzeraino.
Ana Estevez Deustuko Unibertsitateko irakasleak eta psikologian doktoreak hainbat ikerketa plazaratu ditu azken urteetan gai honekin lotuta, eta indarrean dagoen legedian "hutsuneak" daudela nabarmendu du. Adikzioari aurre egiteko, "prebentzioan" jarri du azpimarra, "hezkuntzatik abiatuta". "Haurrei eta nerabeei online jokoetara sartzeko kontrol neurriak ezartzea ezinbestekoa da", esan du.

Ana Estevez
Online jokoekiko adikzioa eta gazteak. Goranzko joera hain nabarmena al da? Noiz hasi zineten arazo hori atzematen?
Jokoarekiko mendekotasuna ez da berria, betidanik egon da. Kontua da, orain, Internetekin eta online jokoekin, asko erraztu dela bidea. Online jokatzeak ezaugarri oso bereziak ditu: kreditu txartel batekin egiten da apustua eta, beraz, diru kopuru handiagoak erabiltzen dira. Horrez gain, 24 orduz zabalik duzu sarea, eta anonimoa da: inork ez du zertan jakin jokatzen ari zarela. Taberna edo lokal bat, berriz, itxi egiten da ordu jakin batean, eta ezin duzu jokatzen jarraitu.
Oraindik, goiz da esateko zer eragin izango dituen online jokoekiko adikzioak gazteengan eta, oro har, edozein pertsonarengan. Ikerketa guztien arabera, mendekotasun mota honen joera goranzkoa da, etengabe hazten ari da. Gazteen eta teknologiaren arteko lotura estuak, zalantzarik gabe, gazteen eta online jokoen arteko harremanean ere eragin zuzena du.
Kasu gehienetan apustuak bakarka eta ezkutuan egin ohi direla kontuan hartuta, nola atzeman daiteke arazoa? Zeintzuk dira sintoma nagusiak?
Oro har, arazo honen inguruan ezjakintasun handia dago oraindik. Ez da alkoholarekiko edota beste substantzia batzuekiko mendekotasunak bezain ezaguna. Hortaz, arazoa atzeman ahal izateko beharrezko liratekeen azterketak ere ez dira egiten, eta ezkutuan jarraitzeko arriskua dago. Gainera, gizarte mailan jokoaren arazoari ez zaio ematen beste adikzio mota batzuei ematen zaien garrantzia. Halere, jakin badakigu adikzio hau oso arriskutsua dela kasu askotan.
Faktore asko daude. Horietako bat diru kopuru handia jokatzea da, norberak amesten duen hori lortu ahal izateko. Horrek eszitazio maila oso handia sortzen du. Behin eta berriz huts egiteak, bestalde, kontrola galtzea dakar. Urduritasun eta egonezin handia eragiten ditu egoerak. Arazoei ihes egiteko tresna gisa erabiltzen da jokoa. Ondorioak oso larriak dira: lagunak, lana edota ikasketak galtzea ekar dezake mendekotasun mota honek.
Entretenimenduaren eta adikzioaren arteko marra gorria, finegia al da?
Jokoa bizitzako parte bihurtzen denean marra hori ia ikusezin bihurtzen da, finegia da. Eguneroko bizitzari eta eguneroko ohiturei eragiten hasten denean konturatzen zara jolasa adikzio bihurtu dela. Gazteen kasuan, adibidez, berehala igartzen da errendimendu akademikoan.
Bestalde, mendekotasun mota hau duten pertsonek gezurrak erabiltzen dituzte, adibidez, behar duten dirua lortzeko. Jokoan igarotzen duten denbora ere ezkutatu nahi izaten dute, nola edo hala. Eta horretarako ere gezurrak erabiltzen dituzte.
Zein joko mota dira arriskutsuenak, adikzioa eragin dezaketenak?
Apustua eta bat-bateko emaitzak dituzten jokoak dira mendekotasuna errazen eragin dezaketenak. Berehalako erantzuna, nork bere abilezia berehala neurtzeko aukera eta jokatzeko arau errazak eskaintzen dituztenak dira arriskurako faktoreak.
Adikzioa duten gazteen eta nerabeen bizitzako esparru guztietan atzematen da arazoa: eskolan, etxeko harremanetan ... Komunikaziorik eza eta indarkeria oso presente egoten dira pertsona horien eguneroko gatazketan.
Ludopatia duten gazteak artatzen dituzten elkarteek erakundeen kontrolik eza salatzen dute.
Haurtzaroa eta nerabezaroa etapa oso arriskutsuak dira, gazteak oso zaurgarriak dira adin horretan. Horregatik, oso garrantzitsua da kontrol zorrotza ezartzea eskura dituzten online jokoen gainean; batez ere, adin txikikoek adikzioa ekar lezakeen jokoetara sartzerik izan ez dezaten.
Hasteko, publizitateak ondo araututa egon behar du alor honetan, eta beharrezkoa da maila guztietako erakundeen arteko elkarlana. Gizarte bezala ere, gazteei helarazi behar dizkiegun baloreek ahaleginarekin eta lanarekin lotuta egon beharko lukete; partida bat jokatu eta milioiduna izatea ezin da helburutzat ezarri.
Apustu etxeei dagokien publizitatea arautzeko dekretua prestatzen ari da Espainiako Gobernua, eta adin txikikoak babestea da helburuetako bat. Legedian hutsune nabarmenak daudela begi bistakoa da.
Zalantzarik gabe, publizitateari dagokionean dago hutsune handienetako bat. Legedia noiz aterako zain gaude.
Kirol jokoen inguruko publizitatea arautzea ezinbestekoa da. Kirolak ahalegina, esfortzua eta batasuna bezalako baloreak sustatu behar ditu. Gazteen ikur diren kirolariek ezin dituzte kirol jokoak sustatu eta gazteak horretara bideratu.
Arazo honen beste adibideetako bat joan den urtarrilean ikusi genuen: Haurraren Loteria tokatu zitzaiola esanez atera zen komunikabideetan adin txikiko bat. Haurrek ezin dute loteriarik erosi. Eta hori bermatu egin behar da.
Gazteen artean, ba al dago profil jakin bat? Aldatzen ari al da profil hori azken urteetan?
Gizarteko maila guztietako gazteak daude jokoarekiko mendekotasuna dutenen artean. Hori bai, mutilak askoz gehiago dira neskak baino. Une honetan dugun argazkia hauxe da: mutila, unibertsitateko ikaslea, kirola gustuko duena eta matematiketan trebea dena. Halere, bestelako profil batzuk ere badira.
Tabakoarekin eta alkoholarekin ere lotura izaten dute jokozaleek. Hori beste aldagai bat da.
Eta behin adikzioa atzemanda, zeintzuk dira eman beharreko urratsak?
Behin arazoa diagnostikatuta eta pertsona horrek bere arazoa onartuta, profesionalengana laguntza eske jotzea da garrantzitsuena. Hainbat zentro ditugu gai honetan espezializatuta: Ekintza-Aluviz, Asajer eta Ekintza-Bibe, adibidez. Adituekin egiten dute lana, eta laguntza handia ematen dute.
'360º' saioak Apuestas deportivas: ¿un juego peligroso? erreportajea eskainiko du igande honetan, 22:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.
Apustu etxeen ugaritzeak adingabeen artean ludopatiak izan ditzakeen eragin kaltegarrien inguruko alerta piztu du. Nola hasten dira gazteak jokoan? Non jokatzen dute? Nor da jarduera honen sustapenaren arduraduna?
Eider Hurtado kazetariak aurkeztuta, bi gazte adingabeen lekukotza jasoko du saioak, apustu etxeetan gazteek jokatzeko duten erraztasuna azaltzeko. Bi gazteok kamera ezkutu batekin sartuko dira apustu etxeetara, eta barruan adingabeek jokatzeko inolako oztoporik ez dutela erakutsiko dute. Baina ez hori bakarrik, gazteen elkargunea eta haien aisiaren kokalekua bihurtu dira apustu etxeak.
Zure interesekoa izan daiteke
Guardia zibil batek bikotekide ohia hil du Llanesen, hura ere agentea
Hilketaren ondoren, ihes egiten saiatu da erasotzailea, eta ahalegin horretan, inguruan zeuden beste agente batzuk tiroka erantzun diote. Bertan zendu da.
Lizarran hildako gizonaren bikotekide ohiak azaldu du indarkeria fisikoa eta psikologikoko pairatu zituela hainbat urtez
Gizona balkoi batetik erorita hil zen, Poliziarengandik ihesi zihoala, azken horiek indarkeria matxistagatik abisua jaso ondoren.
Donostiako Udalak eraso sexisten aurkako Aste Nagusirako kanpaina aktibatu du: puntu morea Boulevardean egongo da
Ane Oyarbide Berdintasun zinegotziak adierazi duenez, "elkarbizitza, errespetu eta askatasun gunea izan behar du Aste Nagusiak, pertsona guztientzat".
Uharteko parrokoak barkamena eskatu eta sareak utzi ditu
Ohar baten bidez argitu duenez, Iruñeko eta Tuterako elizbarrutia ez dago ados Javier Aizpunek zabaldutako mezuekin, eta aita santuaren hitzak aipatuta, "giza duintasunak pasaporterik ez" duela esan du.
Zuzenean: Abordatze Pirata
Donostiako Piraten esku izaten da hiriaren abordaia, Gipuzkoako hiriburuko kaitik irten eta Kontxako hondartzan lehorreratuz. Ekitaldiaren emanaldia 16:25ean hasiko da.
Zuzenean: Artillerok hasiera emango dio 2026ko Donostiako Aste Nagusiari
Kanoikadak Donostiako Aste Nagusiari hasiera emango dio. "Artillero 2026", zuzenean 18:00etatik aurrera.
Trumpek presioa egin dio Irani; Teheran eta Oman, ordea, Ormuzko itsasartea irekitzeko negoziatzen ari dira
Iranek ziurtatu duenez, Omanekin itsas pasabide estrategikoan nabigazio mekanismo berri bat ezartzeko elkarrizketak modu positiboan ari dira aurrera egiten. AEBk berriro irekitzea eskatu du, eta Donald Trumpek mehatxu egin du akordorik lortu ezean Teheranen aurka eraso egingo duela.
Bi ibilgailuren arteko talkak auto-ilarak sortu ditu Galdakaon AP-8 autobidean, Donostiarako noranzkoan
Ibilgailuetako bat errepidetik atera da, eta bestea bidean iraulita geratu da. Istripuaren ondorioz, bi errei itxita egon dira.
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, karabela portugesak agertu direlako
Donostiako hiru hondartzetan bainatzea debekatu dute, eta Getarian eta Zarautzen ere ale handiak iritsi direla ohartarazi dute. Saturraranen, Mutrikun, bainuzale bat anbulantizan eraman dute, karabela portugesek ziztatu egin dutelako.
Gasteizko jaietako egun handia heldu da, eta programazioaren zati handi bat kolokan dago teknikarien greba dela eta
Blusen eta nesken kuadrillek lore eskaintza egin diote Andre Maria Zuriari eta haren aldeko aurreskua dantzatuko dute. Ikuskizunetako teknikarien grebak La pasión infinita lanaren funtzioa bertan behera uztera behartu du dagoeneko, eta programaren beste ekitaldi batzuk loka jarri ditu.