Godellako haurren gurasoak atxilotu dituzte umeen gorpuak lurperatuta aurkitu ostean
Ostegun arratsaldean Godellan (Valentzia) hilik aurkitutako haurren aita atxilotu dute gaur goizean; ama, berriz, atzo atxilotu zuten, Guardia Zibilaren galdeketa luze baten ostean adingabeen gorpuak non zeuden aitortu ondoren.
Ikerketaren iturriek Europa Press albiste agentziari jakinarazi diotenez, gaur atxilotu dute umeen aita, ikerketa batzuk egin eta gero.
Haurrek hiru urte eta erdi eta bost hilabete zituzten, eta bikotearen etxetik gertu aurkitu dituzte bien gorpuak, lurperatuta. Gurasoek ez dute hilketa aitortu.
Familiaren lagun batek bazkaria eraman zien asteazkenean, eta orduan ikusi zituzten azken aldiz bizirik. Haurrak aurkitzeko lanak ostegun goizean hasi ziren, herritar batzuek Guardia Zibilari deitu eta gero Godellako etxean oihuak entzun zituztela jakinarazteko.
Aita etxean zegoela egiaztatu zuten orduan Guardia Zibilak eta Udaltzaingoak, baina ama ez zegoen bertan. Lekuko batzuen arabera, emakumeak etxetik ihes egin zuen, biluzik, eta eguerdian aurkitu zuten, bidoi baten barruan ezkutatuta. Emakumeak urradurak zituen, "korrika zihoala erorita egindakoak", antza. Bestalde, aitari umeengatik galdetuta, erantzun "ulergaitzak" eman zituen.
Juan Carlos Fulgencio Espainiako Gobernuak Valentzian duen ordezkariak ostegun gauean emandako prentsaurrekoan jakinarazi zuenez, hasiera batean amak ez zuen asko lagundu galdeketan, gauza arraroak esaten baitzituen, "haurrak berpiztu" behar zituztela, esaterako. Emakumeak, baina, amore eman zuen azkenean, eta gorpuak non zeuden aitortu zuen.
Ikertzaileek gertatutakoa argitzeko lanean jarraitzen dute. Gurasoak datozen orduotan jarriko omen dituzte epailearen esku. Rocafort eta Godella udalerrietako udalek hiru dolu-egun deitu dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Negu Gorriak talde nafarrak heriotza mehatxuak salatu ditu eta "elkartasuna ez gelditzeko" eskatu du
Negu Gorriak GKEa, albiste faltsuen eta eskuin-muturraren gorrotoaren jomugan
Hondakin organikotik biometanoa sortzeko planta inauguratu dute Bizkaian
Ikerketa abiatu dute Barakaldon kriminalitate zantzuak dituen emakume baten gorpua topatu dutela eta
Espainiak Rabaten duen enbaxadak ohartarazi du Ceuta zeharkatzeko deialdiak zabaldu direla datorren astezkenerako
Nafarroako Gobernuak Maiatzeko Plazako Amak elkarteko kideak omendu ditu
Auzitegi Nazionalak Flotillako kideak torturatzeagatik ere ikertuko ditu militar israeldarrak
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik