Homosexual izateari uzteko ikastaroak ematen ditu Alcala de Henaresko Apezpikutzak
Alcala de Henaresko Apezpikutzak homosexualitatea “sendatzeko” ezkutuko terapia ilegalak ematen ditu, eldiario.es egunkariak zabaldutako informazioaren arabera. Aipatu kazetako berriemaile batek orientazio sexuala aldatu nahi duen gaztetzat aurkeztu zuen bere burua, “sasiterapia” horietako batean parte hartu ahal izateko.
Horretarako, Regina Familiae Orientazio Zentroarekin jarri zen harremanetan, martxoaren 21ean. Esan bezala, Alcalako Gotzaindegiak eskaintzen du zerbitzu hori, nahiz eta Madrilen debekatuta dauden horrelako saioak. Beraz, 45.000 eurora arteko isuna jaso lezakete.
Apezpikutzak aipatu zentroa zuzentzen duela eta terapiak egiten dituztela baieztatu zion kazetariari. Alabaina, “sendatzeko terapiak” direla gezurtatu zion.
Kontrara, eldiario.es-ek frogatu egin du “homosexual izateari uzteko” asmoz antolatutako ikastaroak direla. Gainera, ustez terapeuta den irakasleak ez du Psikologia ikastetarik, Biologiakoak baizik, eta grabazioetan onartu egiten du bere lana ilegala dela. “Sentitzen duzuna aldatzeko aholkuak ematea homofobia da”, adierazi du horietan.
Terapiara jo aurretik bidalitako dokumentutan azaltzen dutenez, maskulinitatea behar bezala landu ez delako ematen da homosexualitatea, eta txikitan izandako traumekin lotzen dute.
Apezpikutzak argi du “laguntza ematen” jarraituko duela
Informazio horien harira, Alcalako Gotzaindegiak ziurtatu du laguntza eskatzen duten pertsonak zentroan “hartzen” jarraituko dutela.
Horixe da, hain zuzen, ohar baten bidez jakitera eman dutena. Juan Antonio Rieg Plak zuzendutako Apezpikutzak esan du “laguntza eta orientazioa” eskaintzen dutela, “fedean, maitasunean eta egian oinarrituta”.
Hori dela eta, eldiario.es-en informazioak apezpikuen izen ona zikindu besterik ez duela egin nahi azpimarratu du.
Zure interesekoa izan daiteke
Jendetza euskal hilerrietan, Santu Guztien Egunean
Espainiako Gobernuak asteartean onartuko ditu Urdako istripuaren biktimentzako laguntzak
LZB sistemak partzialki huts egiten duenean zirkulazioa orduko 40 km-ra mugatzea proposatu du Renfek
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko