Mediterraneoko 'migrazio holokaustoa' salatu du Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak
Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak Europako gobernuen "pasibotasuna" salatu du Mediterraneo itsasoan gertatzen ari den "migrazio holokaustoa"ren aurrean. Plataformaren hitzetan, azken 25 urteotan 35.000 pertsona migratzaile hil dira itsaso horretan.
Heriotzok Bilbon goizean egin duten protesta ekintza batekin gogoan hartu nahi izan ditu elkarteak. Lore-koro bat paratu dute atzerri bulegoaren aurrean.
Dani Gutierrez Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformako bozeramaileak alderdi politikoei zuzendu zaie, eta eskatu die egoeraren larriaren aurrean "esku har dezaten, eta alda ditzatela migrazio politikak, heriotza politikak baino ez diren horiek".
'Aita Mari' erreskate ontziaren egoera ere salatu du Gutierrezek. Ontzia ez atzera ez aurrera dabil Algecirasetik gertu, Portugalen baimena izan arren, Espainiako Itsas Agintaritzak Espainiako Estatuko portu batean geratzeko eta beharrezko baimena eskuratzeko eskatu diolako.
"Beste jarrera bat behar dugu, giza eskubideen, bizitzaren eta duintasunaren aldeko jarrera bat", azpimarratu du. Gutierrezek gogor salatu du PSOEren Gobernuak auzi horretan egindako kudeaketa: "Ustez ezkerreko gobernua da. Zer gertatuko litzateke eskuineko bat balego?".
Azkenik, maiatzaren 5ean Durangon egingo duten ekitaldi batean parte hartzeko deia egin du Gutierrezek: "Herrien, Pertsonen eta Giza Eskubideen Besarkada" lelopean antolatutako ekimen europarrean, alegia.
Zure interesekoa izan daiteke
Bilboko gotzainak elkarrizketarako deia egin du "berriz ere indarkeria agertu ostean, aurrez izandakotik ezberdina izan arren"
Jendetza euskal hilerrietan, Santu Guztien egunean
Espainiako Gobernuak asteartean onartuko ditu Urdako istripuaren biktimentzako laguntzak
LZB sistemak partzialki huts egiten duenean zirkulazioa orduko 40 km-ra mugatzea proposatu du Renfek
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko