Minbizia duen emakume batek Irungo plazan kanpatu du, etxebizitza bat aldarrikatzeko
Bularrean duen minbiziaren ondorioz kimioterapia hartzen ari den Maria Jose Porrinok hamaika egun daramatza Irungo plazan kanpatuta, etxebizitzaren alokairurako diru-laguntzak behar dituelako. Horixe da, hain zuzen, Udalari eskatzen diona: alabarekin eta amarekin batera bizi ahal izateko, etxebizitza bat izatea. Ohiko bizilekua Extremaduran badu ere, Maria Jose zaintzera etorri da haren ama Euskal Herrira.
Aldarrikapen gisa, herriko plazan kanpin-denda bat ezarri zuen apirilaren 14an Porrinok, eta 12:00etatik 20:00etara bertan egoten da egunero. Protesta horrekin aldarrikatu nahi duena da "ezinezko" duela etxebizitza bat alokatzea.
Ostegun honetan komunikabideei kontatu dienez, bere eskubideak aldarrikatzeko asmoz erabaki zuen kalera ateratzea. Gaur egun 12 urteko alabarekin bizi da alokatutako logela batean, eta "orain arte arazo bat ez bazen ere", Porrinok uste du inork ez duela merezi "gaixo dagoen amarekin logela partekatzea".
Extremaduran jaio zen arren, Leintz-Gatzagan hazi zen. Duela zortzi urte, baina, Irunera joan zen bizitzera, eta harrezkero enpresa berean ari da lanean. Kontua da baja hartu zuenetik 600 euro inguru soilik jasotzen dituela hilean.
Ildo horretan, argi utzi du laguntzak eskaini dizkiotela, baina etxebizitza bat behar duela. "Jabeek ez dute laguntzak jasotzen dituzten maizterrak nahi, hau da, dirua duten pertsonak nahi dituzte", esan du. "Higiezinen agentzietako gastuak, bestalde, oso altuak dira", gaineratu du.
Udal zerbitzuek emakume baten laguntza ere eskaini zioten. Alabaina, gaur egun bizi den etxebizitzan ezin da inor sartu, "ezta nire ama ere". "Eman dizkidaten irtenbideak etsita egotekotan onartuko nituen", baieztatu du.
"Ez dut doako ezer nahi. Orain arte bezala, ordaindu egin nahi dut, baina 600 eurorekin ezin dut pisu bat alokatu, horregatik eskatzen dut aldi baterako diru-laguntza jasotzea. Lanera itzultzen naizenean, eta laguntzarik behar ez dudanean, nire poltsikotik ordainduko dut alokairua", azpimarratu du.
Bukatzeko, Porrinok udalbatzan hitza hartzeko eskaria egin du, Kaleratzeak Stop Bidasoa plataformak aurkeztutako mozioa defendatze aldera.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak