16 asteko guraso baimena bermatuko duen dekretua onartu du Jaurlaritzak
Eusko Jaurlaritzak gaur onartu du erditu ez diren bikotekide guztientzako 16 asteko guraso baimena ahalbidetuko duen dekretua, eta, horrenbestez, Estatuan dagoen amatasun baimenarekin parekatuko du.
Dekretua gobernu bileran onetsi dute gaur, eta EAEko Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean (azaroaren 1ean, seguruenik) sartuko da indarrean, Beatriz Artolazabal Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak aurreratu zuen bezala.
Orain arte, Gizarte Segurantza egin da lehenengo 8 asteen kargu. Azarotik aurrera, berriz, Jaurlaritzak ordainduko du aste horretatik 16.era arte erditu ez diren bikotekideek jasoko dutena.
Berez ez da prestazioa, hori ez baitago Jaurlaritzaren eskumenen artean, diruz lagunduko den seme-alabak zaintzeko eszedentzia baizik.
Umea jaiotzen den unetik, erditu ez diren bikotekideek 12 hilabeteko epea izango dute baimena hartzeko; betiere, amatasun baimenarekin bat egiten ez badu.
Gainera, familia gurasobakarrei ere eragingo die neurriak. Bestalde, testu horrek neurri gehiago ere jasotzen ditu, familia ugarien, % 50etik gorako desgaitasuna duen kideren bat duten sendien eta genero indarkeriaren biktima izan diren pertsonen mesederako.
Eszedentzia hori langile hauek izango dute eskuragarri: besteren kontura lan egiten duten guraso ez umedunek, sozietate kooperatiboetako bazkide langileek edo lan-bazkideek, eta norbere konturako langileek edo autonomoek. Azken talde horrek, laguntzarako sarbidea izateko, langile bat kontratatu beharko dute, dirulaguntza jasotzen duten epe osoan.
Umeak haurtzaindegira eramaten dituzten familiek, aldiz, ezingo dituzte eszedentzia hauek erabili. Azkenean, etxeko langileren bat kontratatuta duten familiek, berriz, izango dute eszedentzia eskatzeko aukera, nahiz eta, hasiera batean, sailburuaren zirriborroak kontrakoa aurreikusten zuen.
Euskal funtzionarioek, 18 aste
Euskal funtzionarioen baimenak, amentzat eta aitentzat, 18 astekoak dira (aiten baimenak duela gutxi hasi ziren amenak bezalakoak izaten). Sektore pribatuko langileek betetzeko dituzten baldintzak funtzionario autonomikoek ere bete beharko dituzten galdetuta Erkorekak erantzun duenez, baldintzak parekatzeak "ez du zentzurik", funtzionarioen eta gainerako langileen lan-baldintzen araudiak "guztiz banatuta" daudelako.
Ondorengoek izango dute aukera dirulaguntza eskatzeko: dekretu berria argitaratuta, seme-alabarik duten bizikide ez umedunek, familia lehenerdiek barne. Neurri hori, IV. Familientzako Laguntza Planaren arabera, 2022an zen indarrean sartzekoa, baina aurreratu egin dute.
Familia gurasobakarrek ere eskatu ahal izango dute. Neurri hori aitzindaria da Estatuan, eta Europako herrialderik aurreratuenetan daudenen parekoa da. Testuak, halaber, beste neurri batzuk jasotzen ditu familia ugarientzat, % 50etik gorako desgaitasuna duen kideren bat duten familientzat eta genero-indarkeria pairatu duen kideren bat duten familientzat.
Eszedentzia amaitutakoan eskatu beharko da dirulaguntza, hiru hilabete igaro baino lehen. Gehienez ere, dirulaguntza emateko erabakia jakinarazi eta bi hilabetera ordainduko da, ordainketa bakarrean.
Zure interesekoa izan daiteke
Abenduaren erdialdean irekiko dute Bilboko Zabalguneko aparkalekua, 549 plazarekin
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak