110.000 bat bisitari, Gernikako azken Asteleheneko Azokan
110.000 bat lagunek bisitatu dute gaur Gernikako Azken Asteleheneko Azoka, Euskadiko nekazaritza-azoken artean tradizionaletako bat. Eguraldi oso atsegina izan da, eta horrek ere, Udalak jakinarazi duenez, jendea animatu du.
Anak, alegia, azokaren zain urtero ilusioz egoten den emakume gernikar batek, azaldu dio EFEri "jendez gainezka" izan dela.
Iaz, 2018an, Azokak egun tristea bizi izan zuen, euria barra-barra bota zuelako. 55.000 bat lagun ibili ziren Azken Astelehenean, alegia, aurtengoaren erdia, gutxi gorabehera.
Aurten, aldiz, goizeko lehen ordutik, hainbat gernikar eta bisitari ibili izan dira 310 postuetan zehar, bertako produktuak begiztatzeko; hala nola, gaztak, barazkiak, txakolin, eztia eta sagardoa. Euskal baserrietako azken uztetako produktuez gain, azokan artisautza-artikuluen 50 postu zeuden, eta nekazaritza-makineriaren 16.
Hori dena oso berezia den egun batean gertatu da; izan ere, baliteke hauxe izatea ohetik jaiki eta asteari gogoz aurre egiteko hainbeste esfortzu egin behar ez den urteko astelehen bakarra. Izan ere, Gernikako Urriko Azken Asteleheneko Azokan jai-giroa izaten da nagusi. Aurten, orotara 310 postu izan ditu, Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez.
Azoka jendetsu honetako jarduerak goiz hasi dira, 09:00etan, ordu horretan abiatu baitira nekazaritza produktuen lehiaketa eta nekazaritzako makineria erakusketa.
Zehazki, gazta-saltzaileak izan dira nagusi aurten (45 postu), baina barazkiak (43) eta txakolina (16) eskaintzen dituztenak ere ez dira faltako. Halaber, euskal ogia eta pastela (29), kontserbak (11), nekazaritzako makineria (16), eta fruta eta barazkiak (7) eskaintzen dituzten postuak ere izan dira Gernikan. Horrez gain, eztia (5), sagardoa (5), erroskillak (7), esnekiak (3), lore eta landareak (3) eta patea (7) ere erosi ahal izan dira bertan. Gainera, 15 postu jarri dituzte bestelakoak erakusteko, eta 50 postu, euskal artisautza produktuak eskaintzeko.
Egunean zehar, barazki, fruta, landare apaingarri, txakolin, ezti eta gazta lehiaketak egin dituzte. Sari banaketa 13:30ean izan da, Merkurio iturriaren aurrean, eta euskal nekazaritzaren sektorean ibilbide luzea duten teknikariek osatu dute epaimahaia.
Testuinguru horretan, gazta dastaketan hauek izan dira epaimahaian: Aizian jatetxeko Josemi Olazabalaga; ETBko 'Txoriene' programako Zigor Iturrieta; Zarate jatetxeko Iofre; Daniel Garcia, Zortziko jatetxekoa; Iñigo Ordorika, Zallo Barri jatetxekoa; Neskutz Aranzabal, Zallo Barrikoa; Ricardo Perez, Yandiola jatetxekoa; Sergio Ortiz De Zarate, Zarate Jatetxekoa; Txemi Arrizabalaga, Aisia Jatetxekoa, eta Ana Martin, enologoa.
Udalak antolatutako lehiaketa horretan, Gorekok (Mungia) lortu du lehen saria barazkietan, eta Etxebarriak (Gatika) irabazi du frutetan. Landareetan eta loreetan, berriz, Ortuberri (Iurreta) gailendu da.
Eztian, Valentin Llona ekoizle zornotzarrak eta Kortezubiko Javier Larrinagak irabazi dute. Txabarri, Butroe eta Erdikoetxe upategiak, aldiz, txakolin-lehiaketetan gailendu dira, zurian, gorrian eta beltzean, hurrenez hurren. Agiñiga gaztandegiak irabazi du gazta onenarentzako saria; enkantean, 6.600 euro ordaindu dituzte haren truke. Bigarren saria Azkarrak erdietsi du (400 euro), eta hirugarren saria Olaberriak lortu du.
Eguerdian, Andoni Egaña, Sebastian Lizaso eta Onintza Enbeita bertsolariek jai-gunea girotu dute, Merkurio iturritik. Gainera, azoka dela eta, zesta-puntako finala egin dute 17:00etan, Jai Alai frontoian. Zehazki, Beaskoetxea-Lopez eta Goikoetxea-Inza bikoteak lehiatu dira elkarren aurka. Testuinguru horretan, jai-giroak ez du etenik izan eguna amaitu arte.
Postuen eta txosnen kokapena
Larunbatetik aurrera, Artekale, Pasealeku, San Juan, Juan Kaltzada, Industria eta Domingo Alegria kaleak hartu ditu azokak.
Postuei dagokienez, Artekale kalean izan dira gehienak (66), baina Pasealekuan (50), San Juan kalean (36), Juan Kaltzadan (30), Industria kalean (40) eta Domingo Alegrian (20) ere izan da zer ikusi.
Txosnak (6), berriz, Foruen Plazan, Pasealekuan eta Ciutat de Bergan kokatu dira.
Zirkulazioan eragina
Ospakizun hori dela eta, Gernikako Udalak hainbat aldaketa egingo ditu zirkulazioan larunbatetik aurrera herriko zenbait kaletan, eta ondoko kaleetatik desbideratzea ekarri dute. Hain zuzen ere, Adolfo Urioste, San Juan, Artekale eta Juan Kaltzada itxi dituzte. Asteartean hasiko dira horiek zabaltzen, postuak kendu eta ingurua garbitzeko lanak amaitutakoan.
Nola iritsi Gernikara
Jende asko espero denez, goiz joatea da aukerarik onena, eta, ahal bada, garraio publikoan. Autobusa aukeratuz gero, aukerarik onena Bermeo eta Bilbo lotzen dituen A3515 linea da, Zornotzatik igarota. Autobusak 06:30ean hasi eta 22:00etan amaitzen dira, 30 minutuko maiztasunarekin. Trenaren kasuan, Bermeotik eta Bilbotik abiatzen dira, ordu erdian behin.
Euskotrenen zerbitzu berezia
Euskotrenek tren zerbitzu berezia eskaini du Matiko-Gernika linean, Gernikako Urriko Azken Astelehena dela-eta.
Hala, Matiko-Gernika-Bermeo ibilbideko trenek 30 minutuko maiztasuna izan dute egunaren zatirik handienean. Goizean jende gehiago ibiliko zela aurreikusten zenez, Matiko eta Gernika artean 15 minutuko maiztasunarekin ibili dira trenak. Ohiko zuzeneko zerbitzuak mantendu egin dira.
Bermeo-Gernika-Matiko zerbitzua eskaintzen dutenei dagokienez, 30 minutuko maiztasuna izan dute egunaren zatirik handienean, baina zerbitzua indartu egin da eguerdian. Halaber, egun osoan zehar trenak ez dira gelditu Institutuko geralekuan, eta 09:00etatik aurrera Lurgorriko geralekua ere zerbitzurik gabe geratu da.
Zure interesekoa izan daiteke
Jendetza bildu du Korrikak Maulen
Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.
Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz
Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko. Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta. Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute.
Atharratzetik abiatu da 24. Korrika, festa giroan, pizkundearen akuilu izatea xede
Ibilbide osoa zuzenean ikusteko aukera dago ETB ON plataforman, EITBren telebista plataforma digital berrian. Euskararen lekukoa martxan da jada, eta Atharratzetik abiatu den oihuak Euskal Herri osoa zeharkatuko du beste behin. Bilbon amaituko da, martxoaren 29an, igandez.
Euskal jatorriko 114.400 pertsona atzerrian bizi dira, duela urtebete baino % 5,5 gehiago
Gehienak Amerikan bizi dira, Argentinan zehazki, INEk urtero argitaratzen duen Atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) arabera.
32 urteko emakumezko bat zauritu da Iruñean, ibilgailu batek harrapatuta
Ezbeharra 07:32an gertatu da, Arrosadia auzoan. Emakumeak kolpe ugari jasan ditu, hortaz, Iruñeko Unibertsitate Ospitalera eraman dute, pronostiko erreserbatuarekin.
Trafikoa bere onera itzuli da A-8an Irun parean, baina auto-ilara txikiak oraindik daude Kantabriarako noranzkoan, Abanton
Zubiaren hasieran trafiko-eragozpenak izan dira A-8 autobidean.
Furgoneta-gidari bat zauritu da A-1 errepidean, Asparrenan, errepidetik atera eta bazter-babesaren aurka talka eginda
Istripua ostegun honetako 08:45ean jazo da. Zauritutako gidaria ospitalera eraman dute.
Albiste izango da: Korrikaren hasiera, Ekialde Hurbileko azken ordua eta Europako Kontseiluaren bilera
Gaurkoan Orainen albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Atharratzetik Bilbora, Korrikak euskararen paisaia guztiak zeharkatuko ditu
Euskararen aldeko ekimenak hizkuntzaren errealitate guztiak zeharkatuko ditu 11 egunez eta 10 gauez. 2.175 kilometro inguru egingo ditu Korrikak eta 460 herritatik igaroko da. ETB On plataformak etenik gabe jarraituko du ibilbidea, eguneko 24 orduetan.
ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela
ELAk adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.