Haize ufadek arazo ugari sortu dituzte Donostian
Goiz korapilatsua izan da gaurkoa Donostian, haize zakarrak arazo ugari sortu baititu. Zenbait lekutan, orduko 114 kilometrorainoko ufadak izan dira, eta udaltzainak eta suhiltzaileak etenik gabe aritu dira lanean; denboraleak eragindako 90 bat gertakari izan dira, guztira, Gipuzkoako hiriburuan.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak 15:00ak arte izan du ezarrita abisu horia, eta arratsalderako egoera asko baretu da.
Besteak beste, eraikinetako teilak eta teilapeak harrotu ditu haizeak Gipuzkoako hiriburuan. Askatasunaren etorbideko 27. zenbakian, esaterako, oinezko baten gainera erori da teila zati bat. Kolpea bai, baina ez da ezer larririk gertatu.
Arbolak eta zuhaixkak ere erori dira, han eta hemen. Tolosa etorbidean eta Mendiolarako bidean erori diren arbola handienak, eta argindar sarean kalteak eragin dituzte.
Halaber, edukiontziak, Gabonetako apaingarriak edota aparkatutako motoak bota ditu haizeak. Suhiltzaileen arabera, kalte materialak izan badira ere, gertakari larririk ez da jaso.
Suhiltzaileek 26 irteera egin dituzte Bizkaian
Bizkaian, goizeko zortzietatik arratsaldeko bostetara arte, suhiltzaileek 26 irteera egin dituzte, haize-boladek eragindako gorabeherez arduratzea xede.
Jakitera eman dutenez, besteak beste, Mallabian zirkulaziorako arriskutsua zen eroritako zuhaitz bat kendu dute errepidetik; Lezaman eta BI-3238an, Ibarrangelun, gauza bera egin behar izan dute. Mundakan, kiroldegiaren teilatua sendotu dute; eta probintziako zenbait puntutan, haizeak botatako kartelak eta antenak kendu dituzte.
Haize-ufadek ondorengo herrietan ere izan dute eragina: Aulestin, Ereñon, Portugaleten eta Sopelan. Azken udalerri horretan, boladek zuhaitzak, teilak eta erretenak mugiarazi dituzte. Plentzian, azkenik, haizeak hesi bat bota du, errepide baten ondoan.
Tren-garraioan, gorabeherak
Zuhaitz eta adar ugari jausi dira, azken orduetan, eta horrek tren-garraioan ere izan du eragina. Adibidez, Bilbo-Burgos eta Bilbo-Balmaseda lineetan, errepidez eraman behar izan dituzte bidaiariak, tarte batzuetan.
Laudio eta Ugaoren artean, katenaria tentsiorik gabe izan da, eta, ondorioz, trenbidea itxita utzi dute arratsaldeko lehen ordura arte. Aldirietako Renferen C-3 linean, batez beste, 15 minutuko atzerapenak izan dituzte trenak, Adifen jakitera eman duenez.
Halaber, Sodupe eta Zaramilloren artean, Bizkaian, trenak ez du ibiltzerik izan, Bilbo-La Calzada tartean zuhaitz bat jausi baita; ondorioz, bidaiariak errepidez eraman behar izan dituzte, han ere.
Errepideetan, arazoak
Gipuzkoako eta Bizkaiko errepideetan arazo ugari egon dira, euri jasen eta haizeteen ondorioz. Segurtasun Sailaren arabera, haizearen ondorioz, zuhaitzak erori dira errepidera AP-8 autobidean, Errenterian, 35. eta 16. kilometroen parean. Itxi egin dute bidea bi toki horietan. Autobide horretan bertan, Oiartzunen, ur putzu handi bat dago bidearen erdian, eta errei bat itxita dago.
Bizkaian ere, Segurtasun Sailaren arabera, arbolak eta zuhaixkak erori dira bideetara, eta ondorengo errepideetan arazoak izan dira: Ondarroa eta Lekeitio artean BI-3438 errepidea, Bermeon BI-631a, Mañarian BI-623a (Urkiolara bidean), Gamiz-Fikan BI-3102a, Bakion BI-3152a, Muxikan BI-635a eta Arrietan BI-2121a.
Zaldibarren, bestalde, N-634 errepidean ur putzuak daude, eta kontuz gidatzeko gomendatu die gidariei Segurtasun Sailak.
Nafarroa ipar-mendebaldean eta erdialdean ere abisu horia dago ezarrita, haizeagatik.
149,5 km/h-ko haize-bolada, Matxitxakon
Haizea benetan bizi ibili da azken orduetan. Bizkaian, Matxitxakon, 149,5 km/h-ko ufada bat jaso dute; Karrantzan, Cerrojan, 147,5 km/h-ko bolada bat izan da. Oizen, aldiz, 123,1 km/h-ko haizea neurtu dute.
Gainera, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, mendiguneetakoak edo itsasaldekoak ez diren hainbat puntutan ere nabarmentzeko ufadak izan dira; Mungian 105 km/h-ko haizea neurtu dute, eta 90,68koa Arteagan.
Olatuak ere handiak izan dira: Pasaiako portuan, olatu handienen batezbesteko altuera 4,76 metrokoa izan da.
Zure interesekoa izan daiteke
Donostian emaztea itotzen saiatu zen gizonak komisarian jarraitzen du
Hilketa saiakera leporatzen diote, emaztea ito nahian aurkitu ondoren.
Gazte bat atxilotu dute Metro Bilbaoko segurtasun-zaintzaile bati eraso egiteagatik
17:30 aldera jazo da erasoa, Abandoko geltokian, atxilotuak trenbidea gurutzatu duenean, batetik bestera. Segurtasuneko langileak bertaratu direnean, egindakoa aurpegiratu diote eta gazteak eraso egin dio horietako bati.
Irungo Belaskoenea auzoan su armaz egindako hilketagatik atxilotutako gizona espetxeratu dute
Gaur goizean utzi dute atxilotua epailearen esku, eta arratsaldean eman du magistratuak Martuteneko espetxera bidaltzeko agindua.
Arzakek salatu du bere marka ordeztu dutela, online bidezko erreserbetan iruzurrak egiteko
3 Michelin izar dituen jatetxeak bere webgune ofiziala imitatzen duten iruzurrezko orriak daudela ohartarazi, eta polizia-etxean salaketa jarri dutela iragarri du.
Gizon bat bikotekidea itotzen saiatu da Donostian
Ertzaintzak gertakarien lekuan atxilotu du ustezko erasotzailea. Biktima ospitalera eraman dute artatzera, eta alta medikoa jaso du.
Euskal esploratzaile batek Zerzura oasi zuri mitikoaren legendaren balizko jatorria aurkitu du
Ouniangako lakuetan, Txadeko iparraldean, kokatu du Miguel Gutierrez-Garitanok mendeetan zehar bilatu duten oasi mitikoa.
Gasteizko Mitika aretoaren auzia herri-epaimahai baten aurrean epaitzea baztertu du Gorenak
Arabako Probintzia Auzitegiak arrazoia eman zien akusatuaren defentsari eta Fiskaltzari, uste baitzuten gertakariak hobeto egokitzen zirela lesio-delitu batera, zuhurtziagabekeriazko homizidio batekin batera, eta horrek eragotzi egingo luke kasua herri-epaimahai baten aurrean epaitzea.
26 urteko emakume bat oso larri zauritu da Saratsan, auto-istripuan
Ezbeharra N-240-A errepideko 11,5 kilometroan jazo da. Larrialdi zerbitzuek ibilgailutik atera dute emakumea, eta anbulantzian eraman dute Nafarroako Unibertsitate Ospitalera, Iruñera. Guardia Zibila ezbeharraren nondik norakoak ikertzen ari da.
Garcia Ortizi aurre egin zion Madrilgo fiskala ordezkatu du fiskal nagusiak
Zehazki, Maria Isabel Martin Lopezek hartuko du Lastrak orain arte betetako kargua. Fiskaltzaren Idazkaritza Teknikoan aritu izan da 2018tik , fiskal nagusiaren laguntza-organoan. Lastrak bost urte zeramatzan karguan eta Madrilgo fiskal nagusi gisa jarraitu nahi zuen.
Global Sumud Euskal Herria: "Tirokatu gaituzte eta bueltatzeko agindu digute, baina aurrera jarraitzea erabaki dugu"
Israelgo soldaduak ontzira igo eta miaketa sakon bat egin dute Global Sumud Euskal Herriako aktibista batek zehaztu duenez. Soldaduen jarrera kritikatu dute eta gure artean Israelek dituen "konplizeak" ere aipatu dituzte.