Abisu horia ezarri dute Araban izotzagatik
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du igande honetan eta astelehenean izotzagatik Araban; izan ere, tokian toki izotz handia bota dezake.
Gainera, igandean beste abisu hori bat indarrean jarriko dute olatuengatik kostaldean, itsasgoran 2,5 metroko olatuak espero baitira. Horrela, aurreneko alerta goizaldeko 05:00etatik 06:00etara arte egongo da indarrean, eta bigarrena 17:00etatik 19:00etara.
Izotzari dagokionez, igandean abisua 00:00etatik 10:00etara luzatuko da. Oro har barnealdean izotz txikia botako du, baina tokian toki izotz handia bota dezake Araban. Gainera, behe-lainoa protagonista izan daiteke.
Era berean, astelehenean abisu horia indarrean izango da barnealdean, goizalde osoan eta 10:00etara arte.
Urizaharrako Pagoetan dagoen estazio meteorologikoak Euskadiko tenperatura minimoa neurtu du goizaldean: - 2,7 gradu. Arabako beste txoko batzuetan ere zeroz azpiko minimoak izan dira: Navarreten - 2,3 gradu; Agurainen - 2 gradu eta Abetxukon (Gasteiz) - 1,9 gradu.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadiko sahararrak ospakizun betean, NBEk Minurso misioa berritzerik izan ez duelako
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean