COVID-19ak bi hildako eta 21 positibo berri utzi ditu EAEn azken orduetan
Koronabirusak eragindako pandemiaren ondorioz, bi pertsona hil dira Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) azken 24 orduetan; beraz, 1.589 hildako izan dira jada. Horrez gain, 21 kasu berri baieztatu dira PCR proben bidez eta 71 test azkarren bidez, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak larunbat honetan emandako datuen arabera (bezperako 24:00ak arte bildutakoak).
EAEko lurralde guztietan atzeman dira positiboak azken orduetan: 3 positibo berri izan dira Araban, 9 Bizkaian eta 9 Gipuzkoan.
EAEko egoera epidemiologikoa eguneratzeko agerraldian, Osasun sailburu Nekane Murgak nabarmendu du 21 positibo horietatik 10 "kutsaturen batekin harreman estua izategatik isolamenduan zeuden pertsonengan atzeman direla". Hori dela eta, kasu berri horiek detektatzeko eta kontrolatzeko "osasun-sistemaren azkartasuna" azpimarratu du.
Era berean, "bizitza normalera itzuli ahala, gero eta arrisku gehiago" daudela gogorarazi du, eta, horregatik, "segurtasun neurriak are gehiago zorrozteko" eskatu du: "distantzia soziala eta maskararen erabilera, hain zuzen ere, bai norbere burua zaintzeagatik, bai besteekiko elkartasunagatik ere".
37 kutsatu Basurtuko fokuan, Txagorritxukoa kontrolpean eta agerraldi berri bat Arrasateko Aita Menni ospitalean
Bilbon, Basurtuko Ospitalean izandako koronabirus agerraldia dela eta, 37 dira jada atzemandako positibok (atzo baino 5 gehiago). Agerraldiak ez du beste heriotzarik eragin ospitalean, eta larunbat honetan bertan zabalduko dute erditze gunea, atzo bertan ospitaleratutako emakume batek positibo eman ostean itxi ondoren. Erditzeetarako prestatutako eraikin horrertan lan egiten dutenei, pazienteei eta bisitei PCR probak egin ondoren, ez da positibo berririk atzeman.
Orain arte, 2.218 PCR proba egin dira Basurtoko fokua mugatzeko: 1.780 osasun langileei, 217 gaixoei eta 221 bisita eta/edo kontaktu estuei. Probei esker 14 positibo aurkitu dituzte osasun-langileengan, 12 pazienteengan eta 11 bisita edo kontaktu estuengan.
Gasteizko Txagorritxu Ospitaleko fokuari dagokionez, Osasun sailburuak azaldu du kutsatu kopurua atzoko bera dela: 7 (3 gaixo, osasun langile 1 eta 3 bisitari), eta egoera "kontrolatutzat" jotzen dela.
Gainera, beste agerraldi bat ikertzen ari dira Debagoienan (Gipuzkoa), Arrasateko Aita Menni ospitaleko bost profesionalek positibo eman ondoren. Kutsatuak administrazio saileko lau langile eta pisu tutelatuetan bizi diren pertsonekin lan egiten duen pertsona bat dira. Lehen lau pertsonak telelanean ari dira eta ez dute harremanik izan pazienteekin. Murgak esan duenez, nahiz eta telelanean aritu, "loturaren bat" egon behar izan da euren artean eta ikertzen ari dira.
Prebentzio modura, pisu tutelatueta bizi diren bederatzi pertsona ospitaleko unitate batean bakartu dituzte, eta modu prebentiboan, osasun zentrorako bisita guztiak bertan behera geratu dira.
Sailburuak jakinarazi du, gainera, beste kasu batzuk atzeman dituztela eremu horretan eta euren artean nolabaiteko harremanik ba ote dagoen zehazteko lanean ari direla.
Testuinguru horretan, Osasun Saila bisiten protokolo "korporatibo" bat prestatzen ari dela aurreratu du Murgak, "ospitaleratutako pertsonentzat arrisku handieneko eremuak identifikatze aldera", hala nola, "onkologia edo hematologia", bai eta "bisitekiko distantzia-neurriak mantentzea zailagoa den pazienteen kasuan ere".
"Bisita guztiei informazioa emango zaie, etxean tenperatura hartzeko konpromisoa har dezaten eta gertuko kontaktu positibo bat izan balute jakinarazteko", gaineratu du.
Sodupeko, Orioko eta Eibarko kasuak
Koronabirusean positibo eman eta Murgak atzo esan zuenez, "bizitza sozial zabala" zuen Sodupeko gaztearen kasuari dagokionez, 30 PCR proba egin dizkietela bere kontaktuei jakinarazi du sailburuak: "guztiek negatibo eman dute". Dena dela, kontaktu estuetarako protokoloa betez, isolamenduan eta zaintzapean daude (kasu horietan, PCR proba errepikatzen da 8 egunera).
Era berean, eta Orioko adinekoen zentro batean aurkitutako kasu positiboa dela eta, sailburuak adierazi du zentroko langileei, egoiliarrei eta kutsatuaren kontaktuei egindako PCR guztiak negatiboak izan direla, eta azaldu du uste dutela iraganeko infekzio baten PCR positiboa izan dela, oraindik negatibizatu ez dena.
Eibarren atzemandako kasuari dagokionez, Nekane Murgak esan du orain arte kontaktu guztiei egindako PCR testek negatibo eman dutela, eta, beraz, "ez dugu foku gisa identifikatu, ez baita transmisiorik identifikatu".
Azkenik, onartu du kasu berriak eta balizko fokuak aztertzen ari direla, eta azken orduetan "positibo bat" atzeman dela "osasun-zentro bateko profesional batean", baina zentro horretako profesional guztiei eta pazienteei PCR egin zaiela, eta guztiak negatiboak izan direla gaineratu du.
3 kutsatze berri Nafarroan azken 24 orduetan
Bestalde, hiru positibo berri atzeman dira Nafarroan azken 24 orduetan PCR proben bidez (orain arte 5.352 kutsatzen baieztatu dira test hauekihn). PCR probak eta test azkarrak batuta, 9.228 positibo atzeman dira pandemia hasi zenetik.
Zorionez, pertsona bat ere ez da hil azken 24 orduetan koronabirusagatik, eta, beraz, hildako kopuruak 518 izaten jarraitzen du.
Nafarroako Gobernuak jakitera eman duenez, une honetan 40 pertsona daude ospitalean, atzo baino bi gutxiago: 6 pertsona Zainketa Intentsiboetako Unitatean daude, eta beste 2, etxez etxeko ospitalizazioan.
Zure interesekoa izan daiteke
Dani Alvarezek Euskal Kazetariak Saria jaso du
Dani Alvarez EITB taldeko kazetariarentzat izan da Kazetarien Euskal Elkargoaren aurtengo Euskal Kazetariak Saria. Bilboko BBK aretoan egindako sari-banaketa ekitaldian, pozik agertu da Alvarez, eta esan du "ohore" bat dela aitortza hau jasotzea. EITBren parte-hartzea duen "Natur Bizia" ikus-entzunezko lana ere nabarmendu dute Ingurumen Kazetaritza atalean.
Hiru adingaberi sexu-erasoak egin zizkien masajistari 26 urteko kartzela-zigorra ezarri diote
Gipuzkoako Auzitegiak jada agindu du gizona espetxeratzea. 14 urteko kartzela-zigorra ezarri dio 16 urtetik beherako adingabeei egindako bi sexu-eraso delituengatik (zazpi urte, biktima bakoitzeko), 10 urtekoa, 16 urtetik beherakoari egindako sexu-eraso jarraituagatik, eta, bi urtekoa, haurren sexu-ziberjazarpenagatik. Gainera, beste neurri batzuen artean, espetxetik ateratzen denean 17 urte egin beharko ditu zaintzapeko askatasunean, eta, orotara 40.000 euroko kalte-ordaina eman beharko die hiru biktimei.
Euskalmeten arabera, urria "oso lehorra" izan da: ohiko prezipitazioen erdia egin du
Arabako zenbait eremutan, mende honetan izan den "urririk beroena eta lehorrena" izan dute, eta batez besteko tenperatura ohi baino 1,2 ºC gorago egon da.
NEIKERrek animalia-osasunaren inguruko ikerketa indartu du, segurtasun handiko laborategia berrituta
Euspen Biologikoko 3. mailako laborategia handitu dute, eta laborategi eta gela espezializatu berriak jarri dira. Horrek arrisku handiko patogenoak aztertzeko eta biosegurtasunean aurrera egiteko gaitasuna optimizatzen du, animalien ongizatearen nazioarteko estandarrak errespetatuz.
Horrelakoa da NEIKERren Euspen Biologikoko 3. mailako laborategia (NCB3)
NEIKER Nekazaritza Ikerketa eta Garapenerako Euskal Erakundeak erabat berritu du Euste Biologikoko 3. Mailako Laborategia (NCB3), P3 laborategi gisa ere ezaguna, Derioko egoitzan. Aurrerapen hori funtsezkoa da tuberkulosia eta hegazti gripea eragiten dituzten arrisku handiko agente patogenoen azterketan, besteak beste.
Segurtasun Sailak abisu bereziak ezarriko ditu kostaldean ostegunean eta ostiralean, olatuengatik
Abisu horiek asteazken honetarako daudenei gehitu behar zaizkie; gaur indarrean dira abisuak baso-suteengatik, haize-bolada bortitzengatik eta, arratsaldeko hirurak eta bostak bitartean, kostaldean, olatuengaik, bi metrorainoko olatuak izango baitira.
Bizkaiko DYAko presidente ohiak epaiketan ukatu egin du erakundearen dirua desbideratu izana
Fernando Izaguirrek ziurtatu duenez, bere asmo bakarra Kataluniako osasun-garraioaren sektorean erakundearen jarduera indartzea zen, baina "dena alferrik izan zen".
Pablo Ibarren auziko epaileak erabaki du lekuko berria nor den isilpean gordetzea
31 urte bete dira gaueko klub baten jabea eta bertako bi langile hil zituztela. Hiru hilketen egiletzat Ibar jo zuten, eta horren errua egotzita biziarteko kartzela zigorrera kondenatu zuten. Hala ere, berak errugabea dela dio.
Sei urteko kartzela zigorra ezarri diote Eric Olhats entrenatzaile ohiari, adingabeei sexu-erasoak egiteagatik
Espetxe zigorraz gain, Aviron Bayonnaiseko entrenatzaile eta Realeko behatzailea izandakoak ezingo du adin txikikoekin lan egin eta kirol eremuetara joateko debekua ere jarri diote. Epaiaren berri izan ondoren, Alain Larrea defentsa abokatuak ez du baztertu helegitea jartzea.
Txorierriko igarobidea ohikora itzuli da, goiz korapilatsu baten ostean
Zortzi ibilgailuren arteko istripua gertatu da goizeko lehen orduan, eta ilarak A-8ra, Arrontegira eta Artatzako errepidera ere iritsi dira. Dena den, trafikoa bere onera etorri da 10:00ak baino lehen.