Maskara derrigorrezkoa eskoletan sei urtetik aurrera, Espainiako Gobernuak ezarrita
Espainiako Gobernuak ezarri duenez, sei urtetik aurrerako ikasle guztiek eraman beharko dute maskara eskola-zentroetan, ikasleen artean 1,5 metroko segurtasun-tartea egonda ere, eta hezkuntza aurrez aurrekoa izango da hezkuntza-sistemako maila eta etapa guztietan, DBHko 2. mailara arteko ikasleentzako aurrez aurreko eskola lehenetsita. Eusko Jaurlaritza, Espainiako Gobernuak autonomia-erkidegoei eskolarako bueltari begira aurkeztutako dokumentuaren aurrean, abstenitu egin da, Hezkuntzan duen eskumen esklusiboa argudiatuta.
Hala, Espainiako Gobernuko Hezkuntzako eta Lanbide Heziketako ministroak autonomia-erkidegoekin "erabateko akordioa" adostu dutela iragarri du, eskolarako bueltaren gaineko neurriak koordinatzeko. Ostegun honetan Konferentzia Sektoriala egin dute, Osasun ministro Salvador Illarekin eta Lurralde Politikako ministro Carolina Dariasekin, autonomia-erkidegoetako Hezkuntza kontseilariekin.
Celaak nabarmendu duenez, aurrez aurreko hezkuntza adostu dute, sistemako maila eta etapa guztietarako; txikienek izango dute horretarako lehentasuna, DBHko 2. mailara arte. Halaber, zentroak ikasturte osoan izango dira zabalik, bai eta jantoki-zerbitzua eta behar bereziak dituzten eta zaurgarritasun-egoeran dauden adingabeentzako zerbitzua ere.
Horrez gain, eskola guztiek izendatuko dute COVID-19rako arduradun bat; horrek ohituta izan beharko du koronabirusaren gaineko dokumentu guztiekin. Hezkuntza-zentroan lan egiten duten profesionalak ahalik eta gutxien izango dira bertan; horretarako, eskola-jarduerak ez direnei dagokienez, hala ahalbidetzen duten kasuetan, telemakikoki egingo dituzte.
Sei urtetik aurrera, maskara erabiltzea derrigorrezkoa izango da, nahiz eta segurtasun-tartea egon; hori 1,5 metrokoa izango da. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzako lehen zikloan talde egonkorrak izango dira.
Eskuak egunero bost aldiz garbitu beharko dituzte, familiek informazioa izan beharko dute, eta profesionalek prestakuntza jaso beharko dute. Celaak nabarmendu du aireztapena oso garrantzitsua izango dela (10-15 minutukoa), bai eta instalazioak garbitu eta desinfektatzea ere.
Jantokian eta eskola-garraioan segurtasun-tarteari eutsi beharko zaio, eta maskara derrigorrezkoa izango da sei urtetik aurrera; hiru eta bost urte arteko ikasleentzat, gomendatu egiten da maskara erabiltzea. Aholkua da adingabeek beti toki bera erabiltzea autobusean, posible den guztietan segurtasun-tartea zainduta, eta, halaber, eskatu egiten zaie gurasoei seme-alabak oinez edo bizikletaz laguntzea eskolara, ahal denean.
Adostu dutenez, ikasle eta langile guztiei gorputz-tenperatura hartuko zaie, egunaren hasieran. Tenperatura hezkuntza-zentroan hartuz gero, horrek erabakiko du nola egin, betiere jendetzak saihestuta eta pertsonen arteko gutxieneko tarteari eutsita. Illak zehaztu du autonomia-erkidegoek erabakiko dutela zentroek nola hartuko duten tenperatura, bereziki txikiei: etxean, gurasoek eginda, edo eskolara sartzean.
Protokoloa eskoletan, COVID-19ko kasurik atzemanez gero
Bestalde, Osasun Ministerioak aurkeztu die autonomia-erkidegoei, adosteko, Osasun Sistema Nazionalaren Lurraldeen arteko Kontseiluaren Osasun Publikoaren Batzordearen barnean, 'Hezkuntza-zentroetan COVID-19ko kasuen agerpenaren aurreko ekintza-gida' izeneko dokumentua. Dokumentu teknikoa da, eta, beharrezkoa balitz, autonomia-erkidegoetako Osasun Publikoko unitateek prebentziozko eta kontrol-neurriak hartu behar izanez gero, hori izango dute abiapuntu.
Salvador Illa Osasun ministroak azaldu duenez, gizarte-tarteari eusteko, bizikidetza-taldeak ezarriko dituzte, Lehen Hezkuntzako 2. mailara arte, ahal denean; halaber, taldeen arteko kontaktua ahalik eta txikiena izango da. Horrek ahalbidetuko du, kutsatze bat egotekotan, talde osoko kideak jartzea koarentenan. Kutsadura ohiko gela batean gertatuz gero, ikasleen "kontaktu estuekin" egingo dute bat.
Kutsadura-kasuen aurreko protokoloari dagokionez, ministroak azaldu du zer gertatu beharko den agerraldia dagoela esateko: hain zuzen, gutxienez hiru kutsadura egotea. Positiboa bizikidetza egonkorreko taldean atzemanez gero, talde osoa jarriko dute koarentenan; "ohiko" gela batean gertatzekotan, "kontaktu estuak" jarriko dituzte koarentenan.
"Ez da: 'kasu bat dago, itxiko dut'", azaldu du Illak: "Hori bai, egoera batzuetan kasuz kasu aztertu beharko da, zentroaren baldintzei erreparatuta". Dokumentuak adierazten duenez, ez da berdina izango positiboa bizikidetza egonkorreko gela batean atzematea, edo ohiko gela batean.
Euskadi abstenitu egin da
Euskadi, Espainiako Gobernuaren proposamenen aurrean, abstenitu egin da. Hezkuntza Saileko iturriek esan dutenez, topaketan, aurrekoetan egin dutenez, Eusko Jaurlaritzak abstenitzea erabaki du, "eskumenagatik, eta testuaren edukiaren gaineko iritzirik eman gabe". "Erabaki horietan, Euskadik eskumena da; beraz, ez da zertan inorekin adostu", azaldu dute.
Iturri horiek gogora ekarri dutenez, ostiralean, Iñigo Urkullu lehendakariak, alegia, Euskadiko Babes Zibileko Planaren (LABI) zuzendari bakarrak, Batzorde Aholkulariaren bileran parte hartuko du. Horren ostean, Nekane Murga Osasun sailburuak eta Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuak agerraldia egingo dute, Euskadiko eskolarako bueltaren xehetasunak ematea helburu.
Nafarroako Gobernuak babestu egin du
Nafarroako Gobernuak, aldiz, babestu egin ditu bileran onartutako neurriak. Santos Indurain Osasun kontseilariak, hitza hartu duenean, Hezkuntza Departamentuarekin egindako lana nabarmendu du; izan ere, 2020-21 ikasturteko eskola-jarduerarako adostutako protokoloak egitea ahalbidetu du lan horrek. Gogora ekarri duenez, aurreikuspena zen maskarak Lehen Hezkuntzako 5. mailatik aurrera.
Kontseilariak gehitu duenez, ministerioek emandako arrazoiak aztertuta, eta kontuan izanik interesgarria dela irizpide horiek autonomia-erkidego guztiek izatea, Nafarroak arauketa hori hartuko du bere gain, eta bere protokoloetan eta arauetan sartuko du, ikasturte-hasierarako.
Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariaren esanetan, "funtsezkoa" da eskolak zentro ziurrak izatea; hori bai, zehaztu duenez, inon ez dago "zero arriskurik". Kontseilariak azpimarratu du ostegun honetan onartutako dokumentuak sendotzen duela eskola ziurren ideia hori, eta nabarmendu du eskolara bueltatzeko apustua irmoa izan dela, zuzentasun-arrazoiengatik, eta gizarte-desberdintasunaren aurka borrokatzeagatik; aurrez aurreko irakaskuntzak laguntza ematen du horietan.
Azkenik, Gimenok eskertu du hezkuntza-komunitateak egindako ahalegina, onlineko irakaskuntza emateko, eta ikasleen gizarte-funtzioa aldarrikatu du berriro ere; esan duenez, hainbat arlotako langile publikoek eta pribatuek konpromiso eredugarriko erakusgarriak ematen jarraitzen dute.
Zure interesekoa izan daiteke
Osasun Sailak zehaztu du iraungitako txerto hexabalenteak Iztietako (Errenteria) eta Ondarretako (Donostia) osasun-zentroetan jarri zituztela
Osakidetza hasi da kaltetutako 30 pertsonak (25 haurtxo eta 5 heldu) berriro txertatzen. Iraungitako txerto tetrabalentea eta hirukoitz birikoa jaso zutenek (75 bat lagun) asteon jasoko dute gertakin zuzena.
Matrikulazioa % 5 jaitsiko dela uste du Hezkuntza Sailak, baina ikasturtean zehar heldutako ikasleekin orekatu daitekeela erantsi du
Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak azaldu duenez, matrikula kopuruak % 5 inguru egin du behera, datu demografikoak kontuan hartuta egindako estimazioen arabera. Dena dela, iragarri du beherakada "matrikulazio biziak" konpentsatuko duela; izan ere, irailetik 5.400 ikaslek eman dute izena EAEko hezkuntza sisteman.
Gidari bat ikertzen ari dira istripu batetik ihes egin eta alkoholemia proba egiteari uko egiteagatik
Ertzaintzak ikertu gisa inputatu du bart Trapagaranen beste ibilgailu baten kontra istripua izan eta ihes egiten saiatu zen gidari bat, bide-segurtasunaren aurkako ustezko delitu bat egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, larunbatean, 21:00ak aldera, bi ibilgailuk talka egin zuten Bizkaiko udalerri horretan, eta gidarietako bat bertan artatu behar izan zuten. Beste gidaria, onik atera zena, ihes egiten saiatu zen, baina agenteek geldiarazi egin zuten. Gizonak uko egin zion alkoholemia proba egiteari.
Hiru pertsona artatu dituzte Usurbilen, sute batean kea arnasteagatik, eta beste bat Errenterian
Usurbile, hiru pertsonak tokian bertan artatu dituzte, baina Errenterian, Donostia Ospitalera eraman behar izan dute emakume bat. Barañaingo supermerkatu batean ere sutea izan da larunbat honetan baina ez da inor zauritu.
Manteroen kontrako "poliziaren esku-hartze bortitza" salatu dute dozenaka lagunek Bilbon
Mbolo Moye Doole eta Manteroekin bat! plataformek deituta, ostegunean Ertzaintza eta Udaltzaingoa manteroen aurka indarkeriaz aritu zirela salatu dute. Horien esanetan, "ez da gertaera isolatua izan", hilero jazotzen baitira halakoak.
Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu eta EHEko lau ekintzaileren aurkako epaiketa salatu dute dozenaka lagunek Baionan
Euria eta hotza egin badu ere, 200 euskaltzale batu dira protestara datorren ostegunean epaituko dituzten Euskal Herrian Euskarazeko lau kideei babesa emateko.
Adingabe bat atxilotu dute Getxon, beste gazte bati lepoan labankadak eman eta larri zauritzeagatik
Ertzaintzak jasotako testigantzen arabera, 01:00ak aldera, hiru gazte Areeta auzoko parke batean zeuden banku batean eserita, erasotzailea eurengana joan eta oldartu zitzaienean. Higu gazteek korrika alde egin zuten baina bat harrapatu eta zauritu egin zuen.
Kamioi batek A63 autobian izandako istripuak auto-ilara luzeak eragin ditu Donibane Lohizune parean
Ibilgailua irauli egin da, eta ondorioz zama galdu du. Errepidea erabat itxi dute eta 6 kilometrora arteko ilarak sortu dira, baina 19:15ean errei bat ireki dute bertan hiru orduz geldirik egon diren ibilgailuak pasatzeko. Ondoren, berriro itxi dute bidea, kamioia bertatik kendu ahal izateko.
Gizon bat atxilotu dute Errenterian beste gizon bat labanaz hiltzen saiatzea egotzita
Ertzaintzak atzo atxilotu zuen 36 urteko gizasemea, baina gertakariak hilaren 12an jazo ziren, Gipuzkoako udalerri horretako lokal batean. Biktima, 21 urtekoa, ospitaleratu egin behar izan zuten, zauri larriak baitzituen.
Osasun sailburuaren arabera, iraungitako txertoen kasuak "ESI batean edo bitan izan dira, Donostialdekoan tartean"
Alberto Martinezek ETBn egindako elkarrizketa batean azaldu duenez, pertsona batek "bere lana egin beharko lukeen modura egin ez duela ondorioztatzen bada, horren ardura hartu beharko luke, zalantzarik gabe". Sailburu gisa, ahal den neurrian, horrelako akatsak ez direla berriro jazoko bermatu behar duela nabarmendu du, hori baita bere "ardura".