Errioxako Calahorra, Arnedo eta Rincon de Soto herriak konfinatu dituzte
Errioxako Calahorra, Arnedo eta Rincon de Soto herriak konfinatuko dituzte, koronabirusak eragindako kasu positibo asko direla medio, Concha Andreu Errioxako Gobernuko presidenteak jakitera eman duenez.
Errioxako Exekutiboko buruaren esanetan, neurria zazpi egunez luzatuko da, eta beste zazpi egunez luzatu ahal izango da, eboluzioaren arabera. Gobernu Kontseiluaren ostean streaming bidez eskaini duen prentsaurreko batean eman du neurri horien berri. Ekimen "sendoa" da, eta "bere garaian Alfarorekin gertatu zen bezain eraginkorra izatea espero dugu"; izan ere, irailaren 7an antzeko neurriak ezarri zituzten udalerri horretan, eta positiboak % 84 jaitsi dira, 264tik 47ra.
Adostutako neurri nagusiak hiru udalerrietako pertsonen sarrera-irteerei eta mugimenduen murrizketari egiten dio erreferentzia. Behar bezala justifikatutako joan-etorriak izango dira salbuespenak, hala nola, lan edo lanbide arrazoiak, pertsona ahulen zaintza, osasun-zentroetara edo derrigorrezko irakaskuntzara joatea edo ezinbesteko beste arrazoi batzuk. Ohiko bizilekura ere itzuli ahalko da.
Era berean, ostalaritzako eta sukaldaritzako establezimenduetako jarduera guztiak etengo dira; ostatukoak, etxez etxeko janaria prestatzekoak eta banatzekoak eta terrazetan zerbitzua ematekoak izan ezik. Kirol, kultura, arte, jolas, ikuskizun eta aisiarekin loturiko zentro eta establezimenduetan espazio itxietan egiten diren jarduera guztiak ere bertan behera geratuko dira.
Zure interesekoa izan daiteke
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko