EAEk 1.400 positibo baino gehiago atzeman ditu berriro eta Nafarroak 200 inguru
COVID-19aren pandemiak kutsatze-erritmo altua baina egonkorra mantentzen du Euskadin, 1.409 azken orduetan, baina ospitaleetako asistentzia-presioa arindu egin da apur bat, bigarren egunez jarraian murriztu egin baita ospitaleratutako pertsonen kopurua.
Asteazken honetan 16.338 proba diagnostiko egin zituzten Euskadin, eta 1.409 pertsonak eman zuten positibo, aurreko egunean baino 8 gehiagok; hau da, % 8,6ko positibotasun tasa izan zen, bezperako % 7,8a baino handiagoa.
Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren datuen arabera, 132 pertsona (bat gutxiago) daude zainketa intentsiboetako unitateetan. 73 ospitaleratze berri izan dira, aurreko egunean 90 izan ziren eta guztira 496 pertsona daude gela arruntetan koronabirusa dela eta.
Hamalau eguneko intzidentzia-tasa metatua 100.000 biztanleko 845,1 kasukoa da Euskadin, eta aurreko egunean, berriz, 836,7koa. Araban egonkortu egin da, azken orduetako 126 kutsatzeekin 551,5 kasu pilatu baitira, eta Gipuzkoan, berriz, beste 601 kutsatze eta 1.106,5eko tasa.
Bizkaian beste 663 kutsatu gehitu dira, eta horrek 747,6ra igo du tasa metatua, astearteko 735,5ekoa baino handiagoa.
Gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duen oinarrizko ugalketa-indizeak behera egiten jarraitzen du Euskadin, 1.03ra arte.
66 udalerri daude aurreko egunean bezala 100.000 biztanleko pilatutako 500 kasuen gainetik: 3 Araban, 29 Bizkaian eta 34 Gipuzkoan.
Adinaren arabera, Euskadin 1.409 kasu berrietatik 603, 40 eta 64 urte bitartekoen artean daude, eta 306, 19 eta 39 urte bitartekoen artean. 18 urtera arteko biztanleen artean 240 kasu daude, eta 65 urtetik gorakoen artean 260 kutsatze (horietatik 110, 80 urtetik gorakoen artean).
100.000 biztanleko 14 eguneko intzidentzia-tasa metatu handiena 19 eta 39 urte bitarteko biztanleei dagokie (944,67), eta txikiena, berriz, 65 eta 79 urte bitarteko biztanleei (665,23).
Lau hildako Gipuzkoako eta Bizkaiko zahar-etxeetan
Bestalde, azken orduetan bi adineko hil dira eta beste 17k positibo eman dute Gipuzkoako egoitzetan. Gainera, hamaika pertsona sendatu dira.
Foru Aldundiak azaldu duenez, heriotzak Donostiako Txara II eta Zorroaga erresidentzietan izan dira. Positiboak, berriz, Errenteriako Jesusen Bihotza eta Donostiako Hermano Garate-San Ignacio eta Zorroaga egoitzetan detektatu dituzte.
Pandemiaren bigarren olatuan 131 adinekok gainditu dute koronabirusa eta 54 zendu dira Gipuzkoan.
Bizkaiko erresidentziatan ere beste bi adineko hil dira azken orduetan koronabirusarekin. Pandemiaren bigarren olatuak 87 heriotza izan dira.
Guztira, 123 egoiliar daude koronabirusarekin, duela bi egun baino zazpi gutxiago, Foru Aldundiak gaur jakinarazi duenez.
Asteazkeneko datuak aintzat hartuta, positibo eman duten adinekoetatik 52 erresidentziatan daude eta 17 ospitaleetan. Azken orduetan hamar adineko sendatu dira.
Koronabirusak ikastetxeetan duen eraginari dagokionez, gaur egun 164 ikasgela daude itxita (atzo baino 1 gehiago) pandemiaren eraginagatik; hau da, Euskadiko eskola guztien % 0,93, 2 urtetik hasi eta derrigorrezko unibertsitatez kanpoko irakaskuntzara arte.
Pandemiaren eraginpean dauden ikastetxeak 113 dira, hau da, aurrekoan baino bat gutxiago, eta batek ere ez du aurrez aurreko jarduera osorik etenda.
Positiboen tasa, egonkor Nafarroan
Bestalde, COVID-19ko kasu berrien maila egonkor mantentzen ari da Nafarroan. Asteazkenean, 234 positibo berri atzeman dira 3.918 proba eginda, Nafarroako Osasun Publikoaren Institutuak emandako datuen arabera.
Azken bost eguneko joerari eutsi dio, beraz, Foru Erkidegoak. Izan ere, 200 kasuren bueltan ibili da eguneko datua. Are, positibotasun tasak beherantz egiten jarraitzen du, eta azken orduetan % 6an kokatu da.
Ikuspegi epidemiologikotik, pandemiaren bilakaerari dagokionez, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo gaixotasun horrekin lotutako 13 ospitaleratze berri izan zirela Foru Erkidegoan, hiru zainketa intentsiboetako unitateetan, eta hiru heriotza izan direla, 86 eta 97 urteko bi emakume eta 87 urteko gizon bat. Halaber, aurreko egunetan jakinarazi ez ziren bost heriotza gehiago izan direla azaldu dute, 75 eta 94 urte arteko hiru gizon eta bi emakume. Koronabirusaren ondorioz, guztira 785 pertsona hil dira.
Iruñean eta Eskualdean positiboen % 47 erregistratu dituzte; Tuteran, kasuen % 22; eta Lizarran, kasuen % 8. Gainerako positiboak (% 23) Nafarroako beste eremu batzuetan banatzen dira.
Kutsatze gehien dituzten herri eta guneei dagokienez, Murchante ageri da zerrendaren goialdean, 15 positiborekin. Ondoren daude Zizur Nagusia, 12rekin, eta Tutera Ekialdea eta Bera, 10na kasurekin. Aipatzekoa da kasuek beherantz egin dutela orain arte bereziki zigortutako Iruñeko auzoetan, hala nola Txantrean, Arrotxapean edo Donibanen.
Erregistratutako kasuen adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, talde gehienak 45 eta 59 urte artekoak dira, kasuen % 22, eta ondoren 30 eta 44 urte artekoak, % 20. Jarraian, 15 eta 29 urte bitarteko taldea dago (% 18), 15 urtetik beherakoena (% 15), 75 urtetik gorakoena (% 14) eta, azkenik, 60 eta 75 urte bitartekoena (% 11). Kasu berrien batez besteko adina 43,2 urtekoa da.
Generoari dagokionez, kasuen % 56 emakumeak dira eta % 44 gizonak.
Ospitale-okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak (SNS-O) jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 330 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19arekin (atzo baino 17 gutxiago), horietatik 65 zainketa intentsiboetako postuetan daude (atzo baino lau gutxiago) eta beste 49 etxeko ospitaleratzean (atzo baino bost gutxiago). Gainerakoak, 216 paziente, gela arruntentan daude.
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua 37.012 da Nafarroan.
Guztira 124 ikasle nafar konfinatu dituzte azken 24 orduetan. Horiekin, 1.826 ikasle daude COVID-19aren ondoriozko berrogeialdi prebentiboan. Nafarroako sare publiko eta itunduetako Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasle guztien % 2,94 dira.
Taldeka, 98 gela konfinatu daude 61 ikastetxetan, eta konfinatu daitezkeen bizikidetza-talde egonkorren % 2,81 osatzen dute. Beste 87 ikasle eskola presentzialetara itzuli dira azken hogeita lau orduetan.
Zure interesekoa izan daiteke
19 eta 21 urte bitarteko bost gazte atxilotu dituzte Gasteizen adingabe bat sastatzeagatik
Adingabea Txagorritxuko ospitalera eraman dute. Atxilotuak hilketa saiakera delitua egotzita atxilotu dituzte, eta polizia-etxera eraman dituzte. Ikerketak zabalik jarraitzen du.
Eneko Axpe: “Misio hau abiapuntu da Ilargian azpiegitura eraiki eta gizateria Martera joateko”
Artemis II misioa abiapuntua baino ez da Ilargian bizitzeko azpiegitura eraiki eta gizakia bertako baldintzetara egokitzeko ikerketak egiteko. Azken helburua, baina, Martera iristea da, Eneko Axpe fisikariak eta NASAren kolaboratzaileak azaldu duenez.
Bi pertsona ospitalera eraman dituzte Azpeitiako etxebizitza batean izandako sute baten ondorioz
Sutea izan da gaur eguerdian Azpeitian, Erdikaleko 27. zenbakiko etxebizitza batean. Sua 15:00ak pasatxo piztu da, eraikineko bigarren solairuan, eta ondorioz, inguruko bizilagunak etxetik atera behar izan dituzte. Hirugarren solairuan zeuden bizilagunek ezin izan dute euren kabuz irten, eta suhiltzaileek lagunduta atera dituzte kalera. Suhiltzaileak lanean ari dira sugarrak amatatzeko. Bi pertsona Zumarragako ospitalera eraman dituzte, sutean kea arnasteagatik.
Ekain Perrino: "Gorroto-delitua dela onartu da, baina 2 urteko espetxe zigorra ez da ezer"
Justiziak Ekain Perrinok 2021ean Basaurin jasandako eraso homofoboaren egile gehienak zigortu ditu. Hamaika egileetatik hamarrek bi urteko espetxe zigorra jaso dute, osotasun moralaren aurkako delituagatik; hamaikagarrenari, berriz, 14 hilabeteko kartzela zigorra eta zortzi hilabeteko isuna ezarri diote. Perrino pozik agertu da gorroto-delitua onartu duelako epaileak, 2 urteko espetxealdia ez dela nahikoa adierazi du.
Mugikorreko NANa, indarrean: Zertarako balio du eta zertarako ez?
MiDNI aplikazioari esker, dagoeneko aurrez aurre identifika zaitezke telefonoarekin. Hala ere, ez du dokumentu fisikoa ordezkatuko kasu guztietan, nazioarteko bidaietan edo zenbait gestio egiterakoan adibidez.
Bederatzi urteko mutiko bilbotar bat hil da Medina de Pomarren izandako auto-istripu batean
Sei urteko beste adingabe bat eta bi heldu larri zauritu dira istripuan, Gaztela eta Leongo Gobernuko larrialdietarako zerbitzuak jakitera eman duenez. Horietako bi Gurutzetako Unibertsitate Ospitalera eraman dituzte.
Ekainek eta bere familiak uste dute "oso eskasa" dela erasotzaileei ezarritako bi urteko espetxe-zigorra
Silvia Gomezek, 2021eko ekainaren 6ko goizaldean Basaurin eraso bortitza jasan zuen Ekain Perrinoren amak, uste du erasotzaileen aurkako epaia "ez dela nahikoa", eta ez dute baztertzen helegitea aurkeztea. Justiziak bi urteko kartzela-zigorra ezarri die 11 akusatuetako 10i.
Poliziak lehergailurik ez zuen maleta bat detonatu du Nafarroako Justizia Jauregian
Eztanda egitean, ikusi dute ez zela objektu arriskutsua, eta normaltasuna berreskuratu da inguruan. Ez dakite nola iritsi den objektua bertara.
Petrolio-konpainiek egunean 81 milioi euro gehiago irabazten dituzte Europar Batasunean gerra hasi zenetik, Greenpeaceren arabera
GKEak eskatu du konpainia horien aparteko irabazien gainean zergak ezartzeko, trantsizio energetikoa finantzatzeko eta kutsatzaile handiak zergapetzeko.
Ekain Perrinoren erasotzaile ia guztiei 2 urteko kartzela zigorra ezarri diete, gorroto-delituagatik
Eraso homofoboaren hamaika egileetatik hamarri 2 urteko espetxe-zigorra ezarri diete, eta hamaikagarrenari, 14 hilabetekoa. Denei 500 metroko urruntze agindua eta isunak ere ezarri dizkiete. Ekain Perrinori eraso bortitza egin zioten, 2021eko ekainean, Basaurin.