Positibo tasa % 3,1era jaitsi da Euskadin, azken lau hilabeteetako baxuena
Covid-19aren pandemiak 396 kutsatze berri utzi ditu Euskadin azken orduotan egindako 12.572 diagnostiko probetan. Ondorioz, % 3,1eko positibo tasa izan da, azken lau hilabete eta erdiko txikiena: uztailaren 28an % 2,5ekoa izan zen.
Osasun Sailaren buletin epidemiologikoaren arabera, asteazkenean aurreko egunean baino 186 kutsatze gutxiago atzeman zituzten: Araban 79 (-25), Bizkaian 177 (-54) eta Gipuzkoan 138 (-105). Gainera, Euskaditik kanpo ohiko bizilekua zuten bi pertsonak positibo eman zuten (-2).
Ospitaleko presioak ere hobera egin du: 433 pertsona daude ospitaleratuta, atzo baino 10 gutxiago; izan ere, ospitaleratze berriak 58tik 36ra jaitsi dira, eta gela arruntetan ospitaleratutakoen kopurua 344tik 335era igaro da. Zainketa intentsiboetako unitateetan 98 paziente daude, atzo baino bat gutxiago.
Oinarrizko ugalketa kopurua, R0, gaixo batek zenbat pertsona kutsa ditzakeen adierazten duena, apur bat jaitsi da eta 1,07an dago (asteartean baino hiru ehunen gutxiago).
Euskadin 14 egunean metatutako intzidentziak beheranzko joerari eutsi dio, eta 100.000 biztanleko 297,30 kasutan zegoen asteazken honetan. Araban 387,2koa da, aurreko eguneko 391,8aren aldean; Bizkaian, 250,3koa, bezperako 260,7aren azpitik; eta Gipuzkoan, 323,6koa (337,9 asteartean).
Udalerrietako intzidentziari dagokionez, Gipuzkoan bakarrik daude herriak eremu gorrian (100.000 biztanleko 500 kasu baino gehiago 14 egunean), Arrigorrriaga bizkaitarra atzo zerrenda horretatik atera eta gero, 446ko tasarekin.
Gipuzkoan ez dago aldaketarik, eta eremu gorrian jarraitzen dute Aretxabaletak, Azpeitiak, Beasainek, Ordiziak eta Arrasatek. Azken horrek Euskadiko tasarik altuena du, 1.146,9 kasu 100.000 biztanleko.
Arabak ez du muga hori gainditzen duen 5.000 biztanletik gorako herririk. Gasteizen 400 kasu baino gehiago izaten jarraitu arren, adierazle hori apur bat jaitsi da azken orduetan, 413,98tik 410,7ra.
Euskadiko intzidentzia epidemiologikoaren bilakaera hemen kontsulta daiteke. Azken orduetan herriz herri zenbatutako positibo berriak azter daitezke, eta pandemia hasieratik atzemandako kasu guztiak eta adin-taldeen araberako datuak ageri dira bertan.
Hezkuntzaren arloan, ez dago aurrez aurreko jarduera erabat etenda duen ikastetxerik, baina 79 gela itxita daude (asteartean baino 17 gehiago) 34 ikastetxetan (4 gutxiago). Itxitako eskola horietako batzuk (21) Duranako (Araba) Ikasbidea ikastetxean daude, eta DBHko 450 ikasle inguru daude konfinatuta, koronabirus agerraldi baten ondorioz.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak jakitera eman duenez, Euskadiko Babes Zibileko Planaren Batzorde Teknikoak datorren ostiralean erabakiko du koronabirusaren aurkako prebentzio neurriak mantentzea edo gogortzea; izan ere, asteazkeneko kutsatze datuak "onak" diren arren, beharrezkoa da alerta egoeran jarraitzea, pandemiaren joera positiboa azken astean "eten" egin delako.
Hala ere, horrek "ez du esan nahi ondo gaudenik", ohartarazi du. "Oraindik ez", azpimarratu du sailburuak, eta pandemiaren joera positiboan azken astean izan den "geldialdiak oso erne" egoteko beharra planteatu du.
Nafarroa
Foru Erkidegoak ez zuen covid-19aren ondoriozko heriotzarik izan atzo; hala ere, 124 kasu positibo berri antzeman zituzten, osasun sistema publikoan 1.830 proba egin ondoren (1.083 PCR eta 747 antigeno test), % 6,8ko positiboarekin.
Positibo guztien artean, joan den asteartean Irurtzunen egindako baheketan atzemandako 22 positiboak daude, Foru Gobernuak zehaztu duenez.
Pandemiaren bilakaeraren ikuspegi epidemiologikotik, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak adierazi du atzo gaixotasun horrekin lotutako 10 ospitaleratze berri izan zirela Foru Erkidegoan, bat ere ez zainketa intentsiboetako unitateetan.
Gainera, atzo ez zen covid-19arekin lotutako heriotzarik izan, eta, beraz, Nafarroan orain arte koronabirusaren ondorioz hildakoak 931 dira.
Iruñerrian eta bere eskualdean kasu positiboen % 60 erregistratu dituzte, Tuteran % 14 eta Lizarran % 2. Gainerako positiboak (% 24) Nafarroako beste eremu batzuetan atzeman dituzte.
Kasu gehien pilatzen dituzten udalerri eta guneei dagokienez, Irurtzun da denen buru, asteazkenean 22 positibo berri atzeman baitituzte. 10 kutsatze baino gehiago zenbatu ez badituzte ere, aipagarriak dira Iruñeko Arrosadia auzoan eta Mutilvan atzemandako zortzi kasuak, edota Arrotxapean (Iruñea) eta Tutera Ekialdean zenbatutako seiak.
Erregistratutako kasu berrien adin-tarteen araberako banaketari dagokionez, 30 eta 44 urte bitartekoen taldea da nagusi, % 27rekin; ondoren, 15 urtetik beherakoen taldea dago, kasuen % 26rekin. Ondoren, 45 eta 59 urte artekoak (% 21), 15 eta 29 urte artekoak (% 11) eta 60 eta 75 urte artekoak (% 11). Azkenik, 75 urtetik gorakoen taldea dago, % 3rekin.
Positibo berrien batez besteko adina 35,8 urtekoa da, eta generoari dagokionez, kasuen % 54 emakumeak dira eta beste % 46 gizonak.
Ospitale okupazioaren ikuspegitik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak jakinarazi duenez, ospitaleratzeen eta alten balantzearen ondoren, 154 pertsona daude ospitaleratuta, atzo baino gehiago, eta horietako 22 zainketa intentsiboetako postuetan daude (atzo baino bat gutxiago), eta beste 14 etxeko ospitaleratzean (atzo baino hiru gehiago). Gainerakoak, 118 gaixo, gela arruntetan daude (atzo baino bat gutxiago).
Birusak eragindako infekzioen intzidentzia metatua, eguneroko datuen arabera, 41.173 kasu izan dira Nafarroan.
Bestalde, Haur eta Lehen Hezkuntzako 320 ikasle konfinatu dituzte Nafarroako hainbat ikastetxetan. Guztira, 747 ikasle daude etxean isolatuta. Bi zikloetako ikasle guztien % 1,20 dira. 23 ikastetxetako 40 talde daude konfinatuta, hau da, bizikidetza talde egonkor guztien % 1,15.
Bi hildako Gipuzkoako erresidentzietan
Gipuzkoako adinekoen egoitzetako bi egoiliar hil dira azken orduotan covid-19arekin. Gainera, PCR probetan sei positibo gehiago atzeman dituzte.
Aldundiak jakitera eman duenez, Julian Rezola eta Villa Sacramento egoitzetan hil dira biak, Donostian.
Gainera, Gipuzkoako egoitzetako bederatzi erabiltzailek gainditu dute gaixotasuna azken orduetan, eta 74 pertsona daude ospitaleratuta Gipuzkoako egoitzetatik eratorritako covid-19 kasuak artatzeko erreferentziazko bi zentroetan, Eibarko Ospitaleko gizarte-solairuan eta Ordiziako San Jose zentroan.
Gaur egun, 185 kasu positibo aktibo daude lurraldeko egoitzetan. Covid-19aren pandemiaren bigarren olatuan, abuztuaren 11tik, 417 pertsona sendatu eta 112 hil dira.
Bestalde, Espainiako Estatuko Osasun Ministerioak 12.131 kasu berri iragarri ditu, horietako 5.763 azken 24 orduetan. Horrek esan nahi du gora egin duela aurreko asteko egun berean erregistratutako 7.955ekin alderatuta.
Guztira 1.785.421 pertsona kutsatu dira pandemia hasi zenetik, estatistika ofizialen arabera. 100.000 biztanleko azken 14 egunetako intzidentzia metatua 207koa da Estatuan, atzo 201koa eta ostegunean 188koa izan ziren bitartean. Orotara 97.467 positibo izan dira azken bi asteetan.
Ostegun honetako txostenean 181 hildako gehiago izan dira. Proba diagnostiko positiboa zuten 48.777 pertsona hil dira birusak jota pandemia hasi zenetik Espainiako Estatuan, Ministerioak jasotako datuen arabera.
Zure interesekoa izan daiteke
Oihane Mateos, Orain EITBren albiste zerbitzu digitalaren burua, hil da
Kazetaritzari eta etxe honi lotutako ibilbide profesional oparoa garatuta, 45 urterekin zendu da.
Kanoikadak Donostia astinduta abiatu dira jaiak
Euriak ez du unea zapuztu, eta Onintza Mokoroak metxa piztearekin batera lehertu da festa Gipuzkoako hiriburuan. Euskal dantzek protagonismo berezia izan dute, hiriko zortzi taldek eman baitiote hasiera Aste Nagusiari.
Piraten baltsek Kontxako badia hartuko dute berriro astelehenean
Piraten abordatzeak milaka parte-hartzaile bilduko ditu berriro Donostiako Aste Nagusiko hitzordu jendetsuenetako batean, 17:00etan, Donostiako portutik aterako baitira.
Aktibo jarraitzen dute Huelvan eta Castellon piztutako suteek
Castellon, Cullako sutea kontrolpean dute jada, eta Serra d’en Galcerango sutearen bilakaera ona da; Tirigen, aldiz, sugarrek aurrera egiten jarraitzen dute. Nieblan (Huelva), suteak aktibo jarraitzen du, eta 4.000 hektarea erre dira jada.
Blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan Gasteizko jaietan
Gasteizko nagusiek blusa eta neska beteranoen eguna ospatu dute larunbat honetan. Jardunaldia 09:00etan hasi da, San Migel elizako Andre Maria Zuriaren kaperan egindako elizkizunarekin. Ondoren, beteranoek erroskillak eta ardo gozoa dastatu dituzte, elizako balkoia hartu eta hiriko zaindariari ohiko lore-eskaintza egin aurretik. Guztira, 300 blusa eta neska inguru bildu dira bertan. Ohorezko aurreskua egin ostean, eguneko protagonista nagusiak Artepan okindegira joan dira, txoripanez gozatzera, musika bandaren erritmora.
Ia Nafarroa osoa alertapean egongo da ekaitzengatik; EAE eta Iparraldea, abisu horian
Arratsaldean, bero hodeiak garatu eta zaparrada trumoitsuak, txingorra eta haize bolada gogorrak espero dira, bereziki lurraldearen ekialdean. Ebroko Konfederazio Hidrografikoak ohartarazi duenez, uholdeak egon litezke euriteengatik.
Beroa eta oporrak oztopo dira Euskadin behar diren odol-emateak lortzeko
Tenperatura altuek eta oporraldiek zaildu egiten dute udan transfusioetarako behar den odol kopuruari eustea.
Amaitu dira AP-8ko Irun pareko eta A-8ko auto-ilarak
Trafiko Sailak amaitutzat eman ditu Euskal Autonomia Erkidegoko errepide-sareko bi puntutan sortutako auto-ilarak.
Meta eta TikTok plataformei kontrola indartzeko eskatu die Europako Batzordeak, Ceutako krisia tarteko
Abuztuaren 15aren aurretik, sare sozialok estu zaintzen ari da Brusela. Izan ere, egun horretan beste migratzaile olde bat espero da hiri autonomoan. Horren ildoan, Europako komisarioa bi plataformetako arduradunekin bildu berri da.
Kanoikadak abiatuko du Donostiako Aste Nagusia larunbat honetan
Artillari nagusiak 19:00etan piztuko du metxa Alderdi Ederreko lorategietan, eta horrela emango dio hasiera zortzi eguneko jaiari. Guztira, 400 ekitaldi baino gehiago daude programatuta.