SALAKETA
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Emakume langileek etxebizitzaren alorrean jasan beharreko indarkeria matxista eta zaurgarritasuna salatu dituzte Bilbon

Indarkeria matxista pairatu duten emakumeei bideratutako baliabideak "gero eta urriagoak” direla kritikatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Itaiak, eta azaroaren 11ko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin dute.

Iragarkia
18:00 - 20:00

Emakume langileek etxebizitzarako sarbidea izateko “zailtasun handiagoak” dituztela salatu dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Itaiak Emakumeen Antolakunde Sozialistak, baldintza ekonomiko kaskarrak direla eta.

Bi antolakundeek etxebizitzaren arazoak emakumeen bizitzetan dituen ondorioak azaltzen dituen ikerketa-txostena aurkeztu dute larunbat goizean Bilbon. Horren arabera, etxebizitza “ez da babeslekua” emakume askorentzat; aitzitik, emakume langile askorentzat “kontrolerako, zaurgarritasun ekonomikoa areagotzeko eta indarkeria matxista gauzatzeko espazioa da".

Indarkeria matxista jasan duten emakumeek oinarrizko hiru neurri eskatzen dituzte beren babesa eta ongizatea bermatzeko: etxebizitza duina eta segurua berehala eta baldintzarik gabe eskuratzea, laguntza profesionala eta psikologikoa ematea bai emakumeei bai horien seme-alabei, eta gizartea eta erakundeak gehiago inplikatzea babes sozialean, erasotzaileekiko gaitzespen irmoa erakutsiz eta publikoki indarkeria matxistaren aurka agertuz.

Izan ere, emakume askok indarkeria egoeratik askatu nahi izanda ere, nora joan ez daukatenez "beraien bikote erasotzailearekin bizi behar izaten dute", edota etxea gizon erasotzailearen izenean dagoenez, horrek alde egin ostean, "emakumeak etxegabetuak izaten dira".

Gainera, etxebizitzarako sarbide egonkorrik gabe, batzuk "etxejabeen partetik indarkeria sexualean oinarritutako bortxazko kontratuak onartu behar izaten dituzte". Albergeetan edo pisu partekatuetan bizi behar izateak “indarkeria handiagoko egoeren aurrean” jartzen ditu emakumeak.

Indarkeria matxista kasuak gora egiten ari diren eta etxebizitza arazoa areagotzen ari diren honetan, antolakundeek kritikatu dute indarkeria matxista pairatu duten emakumeei bideratutako baliabideak "gero eta urriagoak” direla. Halaber, deitoratu dutenez, sarri emakumea birbiktimatzen dute, erasotzaileen mende egotetik instituzioen tutoretza pean egotera igaroz.

Testuinguru horretan, azaroaren 11ko greba orokorrarekin bat egiteko deia egin dute Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak eta Itaiak Emakumeen Antolakunde Sozialistak, “etxebizitzaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako borrokan”. Halaber, azaroaren 25ean indarkeria matxistaren aurka kaleak hartzeko gonbita luzatu diete herritarrei.

Zure interesekoa izan daiteke

Gehiago ikusi
Publizitatea
X