Hainbat etxe eta baserri hustu behar izan dituzte Berako sute handiagatik
Goizean Beran piztu den baso-sutea (Nafarroa) kontrolatu ezinean jarraitzen dute suhiltzaileek. Haizea gogor jotzen ari da eta sua zabaltzen ari da. Eguerdirako Lapurdira igaroa zen sua eta arratsaldean Gipuzkoa ere mehatxupean jarri du. Suhiltzaileen ustez, "zaila" izango da inguru horretan piztutako sutea gauean zehar kontrolatzea, haize bortitza dela eta.
Gipuzkoako Foru Aldundiko suhiltzaileak Endarlatsa ingurura joan dira, inguruko baserrietako biztanleei euren etxebizitzak husteko esanez, garrak inguru horretara iritsiko direla aurreikusita.
Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuak aginte-postuko trailerra, hamar ibilgailu eta 20 pertsona baino gehiago mobilizatu ditu suteari aurre egiteko. Irungo, Zarauzko eta Legazpiko suhiltzaileak ari dira Irungo San Martzial mendiaren inguruan lanean.
Eider Mendoza Gobernantzako foru diputatua suhiltzaileen foru zerbitzuak Irungo Zaisa industrialdean jarritako aginte-postu mugikorrean dago, eta azaldu duenez, arratsaldeko lehen orduan igaro da sua Gipuzkoara, Endarlatza inguruan, haize bortitzak bultzatuta.
"Suak 100 hektarea baso erre ditu Gipuzkoan. Badaezpada, Irungo Bidasoa auzoko 20 bat baserri hustu dituzte, eta une honetan haien bilakaera gertutik zaintzen ari gara", azaldu du Foru Aldundiko arduradunak ohar batean.
Jose Antonio Santano Irungo alkatea oso kezkatuta agertu da suak duen indarra ikusita. Santanok azaldu duenez, suak Endarlatzako azpiestazio elektrikoari ere eragin dio:
Nafarroako Gobernuko Suhiltzaile Zerbitzuak ere Ibardingo etxebizitza batzuk hustu behar izan ditu, baita hainbat baserri eta borda ere.
Lesakara iritsi da sua —inguru horretan daude une honetan arazorik gehien Nafarroan— eta Iparraldean, gendarmeek Azkaine eta Urruña arteko bidea moztu behar izan dute suarengatik. Bi foku nagusi daude Lapurdin, bat Beratik joana zuzenean eta beste bat Larrunen sortu dena, baina azken hori ez dakite zehatz-mehatz Beratik eratorritakoa den edo ez. Mendian zebiltzan 68 pertsona ebakuatu behar izan dituzte, eta ofizialki ez bada jakitera eman ere, hainbat lekukok etxe batzuk hustu behar izan dituztela Azkaine inguruan kontatu dute sare sozialetan.
Goizean zehar, N-121 errepidea itxi egin behar izan dute Beran, bi noranzkoaetan, eta N-1 errepidea ere itxita geratu da Irunen, Nafarroa aldera. Arratsalderako ireki dituzte errepideak eta alde horretatik ez dago arazorik.
Goizean piztu da sua Berako harrobitik gertu eta gaurko haize zakarra dela eta, berehala indatzen eta zabaltzen hasi da. Josu Irazoki Berako Udalako zinegotziak Euskadi Irratian azaldu duenez, tentsio une latzak bizi izan dituzte. Irazokik baieztatu du azken urteetako suterik handiena dela.
Nafarroako Gobernuak babes zibileko aginte postu aurreratua lekuz aldatu du sua itzaltzeko lanak koordinatzeko eta Beran jarri du. Ura botatzeko prestatuta dauden helikopteroek ezin dute inguru horretan hegan egin, haize bortitza dela eta. Horregatik, Nafarroako Gobernuak Espainiako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Ministerioari foka hegazkin bat eskatu dio baina Torrejongo basera itzuli behar izan dute helmugatik 13 kilometrora zeudenean, turbulentzien arriskua zela eta. Lurrean sua itzaltzeko lanak zailak dira, lurra malkartsua delako eta su-fronteetara iristeko zailtasunak daudelako, Foru Gobernuak ohar baten bidez azaldu duenez.
Egoera dela eta, Baso Suteetarako Larrialdi Planaren 2. maila aktibatu behar izan da, eta Espainiako Larrialdietarako Unitate Militarrak (UME) esku hartu du. Beran dago, Nafarroako suhiltzaileekin batera lanean.
Larrialdietarako Aholku Batzordeak sutearen jarraipena eta analisia egiteko bilera egin du arratsaldean. Bilera horretan, Maria Chivite Nafarroako Gobernuko presidenteak eta Javier Remirez presidenteorde eta Presidentzia, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne sailburuak parte hartu dute telematikoki.
Sutean Cordovilla eta Oronozko suhiltzaileak, Bera eta Lesakako suhiltzaile boluntarioak eta mugaren beste aldeko suhiltzaileak ari dira lanean, eta zabaldutako informazioaren arabera, suak larreei eta sastrakei eragin die batez ere.
Suhiltzaileen ustez, zaila izango da inguru horretan piztutako sutea larunbat honetan kontrolatzea, haize bortitza dela eta. Berako suhiltzaile boluntarioen zentraleko bozeramaile batek adierazi duenez, herritik ez da sutea ikusten, nahiko urrun baitago, Antzuzelai inguruan, Irunerako irteeran.
Suhiltzaileak azaldu duenez, nahiz eta Bera inguruan sua "nahiko kontrolatuta" egon, "zaila" izango da sutea gaur kontrolatzea; izan ere, Beran kontrola daitekeen arren, konplexua izango da Lesakan egitea, bertan egoera "oso zaila" baita, batez ere Ipar Euskal Herriko mugan.
Bart Erratzun piztutako sutea zaintzen ari ziren Oronozko suhiltzaileak Berara joan behar izan dira sute honen tamaina dela eta. Ondorioz, Baztango sutea deskontrolatu egin da berriz ere (goizean goiz kontrolpean zuten) eta ez dute 16:00ak arte berriz ere kontrolpean jartzea lortu.
Oraindik goiz da erretako azalera zenbatzeko, baita sua zerk piztu duen argitzeko. Momentuz, Baionako Fiskaltzak adierazi du ikerketa abiaraziko duela suteak eragindako kalteengatik.
Arratsaldeko azken orduan, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak mezu bat bidali du twitter bidez: "Maitasuna" helarazi die beran piztutako sutearen ondorioz ebakuatutako familiei, eta "indarra" larrialdi zerbitzuentzat, "haizeak zaildu egiten baitu haien lana".
Zure interesekoa izan daiteke
Emakunderen ikerketa baten arabera, bakarrik bizitzea "ikasketa bat da, aukera bat" adineko emakume askorentzat
'Euskal Autonomia Erkidegoan bakarrik bizi diren adineko emakumeak: emandako gizarte-baimena?' txostenaren arabera, bizilagunik ez izateak du esan nahi bakarrik sentitzen direla, gizarteak adineko emakumeei buruz duen irudi estereotipatutik hori ondorioztatzen den arren.
Duela 5.000 urte izoztutako bakterio batek hamar antibiotikori aurre egin diezaieke eta sendagaiak sortzeko baliagarria izan daiteke
Errumaniako izotz-kobazulo batean isolatuta egon da anduia, eta bi agertoki ekarri ditu: askatuz gero, mikrobioen aurkako erresistentzia larriagotu dezake, baina berrikuntza bioteknologikoei atea ireki diezaieke.
Bost gazte hil dira Manlleun (Bartzelona), trasteleku batean izandako sute batean
Bost gazteek "elkargune" gisa erabiltzen zuten trastelekua, eta oraindik ez dago argi zer egiten ari ziren sua piztu denean. Mossoek baztertu egin dute trastelekua bizitoki moduan erabiltzen zutela.
Hainbat errei itxi dituzte Bizkaian eta Gipuzkoan, luiziak eta ur putzuak direla eta
BI-630 errepidean errei bat itxi dute Karrantza parean, luizi bat izan baita. Halaber, lur-jausi bat izan da N-1 errepidean ere, Idiazabal parean, eta errei bat itxi behar izan dute. Hori guztia dela eta, Segurtasun Sailak arretaz gidatzea gomendatzen du.
Amaitu dira auto-ilarak BI-10 errepidean, Barakaldo parean bi ibilgailuk istripua izan ondoren
Ezbeharra 124. kilometroan gertatu da, Donostiarako noranzkoan, eta bost kilometrorainoko auto-ilarak sortu dira.
Albiste izango dira: Ibaien egoera, noiz atertuko du? eta greba Tubos Reunidosen
Gaurkoan Orain-en albiste izango direnen laburpena, bi hitzetan.
Ibaiak gainezka izan dira gauean, baina egoerak hobera egin du
Prezipitazio handien ondorioz, uholdeak izan dira hainbat tokitan, garajeetan eta etxebizitzetan, batez ere Butroe ibaiaren arroan. Marurin 36 auzokideri eragin die.
Harritzar bat zintzilik geratu da N-634 errepidearen gainaldean, Getaria parean
Eguerdia pasatxo zenean, tamaina handiko harri bat erori da mendian behera, baina burdinezko sareak eutsi egin ahal izan dio. Astearte goizean hasiko dituzte erretiratzeko lanak, eta bien bitartean, errepidea irekita dago.
Sei pertsona zauritu dira Faltzesen, beren autoa bidetik irtenda
Zauritu guztiak ospitalera eraman dituzte eta ingresatuta daude, pronostiko erreserbatuarekin. Horietako bost adin txikikoak dira.
Maila horian daude Abetxuku, Zangroiz eta Mungiako estazioak, uholde arriskuagatik
Euskalmetek jakinarazi duenez, datozen orduotan ere euria barra-barra egiten jarraituko du, ia etenik gabe, batez ere, Kantauri isurialdean.