Gripearen aurkako txertoa jartzeko deia egin die Osasun Sailak 60 urtetik beherakoei, bereziki haurrei
Aste honetan 889 gripe-kasu izan dira, eta horietatik % 6,2 baino ez dira ospitaleratu; aurreko astean, berriz, % 10 izan ziren. Jaitsiera horrek erakusten du txertaketak kasu larriak murriztu ditzakeela.
Osasun arloko langile bat, pertsona bati txertoa jartzen. Artxiboko argazkia: EITB Media
60 urtetik beherako herritarrei eta bereziki haurrei gripearen aurkako txertoa jartzeko deia egin die Osasun Sailak larunbat honetan. Dagoeneko 460.264 pertsonari jarri diete txertoa, eta 60 urtetik gorakoen artean % 60k hartu dute.
Osasun Sailak emandako datuen arabera, aste honetan 889 gripe-kasu izan dira, eta % 6,2 baino ez dira ospitaleratu; aurreko astean, berriz, % 10 izan ziren.
Gaixotasunaren intzidentzia 158 kasukoa izan da 100.000 biztanleko. Bizkaian izan dira kasu gehien, 237 kasu 100.000 biztanleko; Gipuzkoan 78 zenbatu dituzte, eta Araban, berriz, 54.
Orain arte 3.573 gripe-kasu izan dira Euskadin, eta horietatik 359 ospitalean artatu behar izan dituzte.