Emakumea, erruduna eta drogazalea: gizonen neurrira sortutako sisteman sendatzea
2020ko azaroan, Nagore Orozek, Yolanda Cerverok eta Iosu Martinezek emakume drogazaleek sendatzeko tratamenduetara iristeko dituzten oztopoen inguruko ikerketa egin zuten Emakunderentzat.
EAEko 127 emakume drogazalerekin —18 urtetik gorakoak— eta osasunaren alorreko 96 profesionalekin elkarrizketak egin zituzten estudioa egiteko. Ikerketaren ondorio nagusia argigarria da: "emakumeen droga kontsumoa, oro har, estali, isilarazi eta ikusezin bihurtzen du gizarteak".
Droga menpekotasunen bat duten emakume gazteen kasuan ere, egoera antzekoa dela dio Iragartze Garai Etorkintza Fundazioko psikologo klinikoak; izan ere, "oro har, zarata gutxiago egiten dute, bai eskola zentroan eta baita familian ere", eta "ez dituzte ardurak alde batera uzten", azaldu du psikologoak EITB Mediari emandako elkarrizketa batean. Hala, nerabeetan zailagoa da arazoa antzematea, eta "detekzioa beranduegi egiten da".
Errua eta lotsa: tratamendura heltzeko bi oztopo nagusiak
Emakunderen txostena osatzeko elkarrizketatutako emakumeen artean, gehienek lotsa sentitu dute tratamenduetara gerturatu aurretik. Profesionalek, gainera, erruduntasun eta antsietate sentimendu ugari ikusten dutela azaldu dute.
Informea egin duten ikerlarien hitzetan, lotsak geldiarazi egiten gaitu, eta hori izan daiteke "emakumeak tratamenduetara gutxiago heltzeko" arrazoietako bat. Ildo beretik, estudioan irakur daiteke emakumeok "dauden baliabideekin identifikatuta ez sentitzeak" ere eragin dezakeela, hori baita galdetutako askok azpimarratu duten arrazoietako bat.
Terapia uzten duten emakumeetan, berriz, errua da azalerazten duten sentimendurik ohikoena. Euren beharrizanak asetzeko besteko baliabideak jaso izan dituzten galdetuta, baina, erdiek baino gehiagok (% 60) ez dakite galderari erantzuten. Cerverok, Martinezek eta Orozek uste dute erantzun hori "euren beharrizanak planteatu eta identifikatzeko dituzten zailtasunen" adierazlea izan daitekeela, "sistema eta eskubideen urraketa kolokan jarri beharrean euren gain hartzen dutelako tratamendua uzteko ardura".
Halaber, Iragartze Garaik azpimarratu du emakume drogazaleek dituzten "karga emozionalei" erreparatzeko beharra dagoela, gehienak seme-alaben edo pertsona helduen zaintza euren gain hartzen baitute. Droga menpekotasuna duten nerabeetan, ostera, erabiltzaileek "zaurgarritasun handiagoa erakusten dute", inguruak "gogorrago" epaitzen dituelako.
Beste alde batetik, amatasunak funtsezko garrantzia hartzen du osatzeko prozesuan eta terapiara iristeko unean; izan ere, "ama gazteak izan nahi duten emakumeak ikusten ditugu, eta amatasunean salbazio antzeko bat dagoela uste dute. Ama izatea lortzen dutenean, baina, arazoak biderkatu egiten dira", azaldu du Etorkintzako psikologoak. Emakume drogazale helduen kasuan, ostera, amatasunarekin lotutako errudun sentimendua dute, seme-alabak zaintzeko gai ez direla uste dutelako.
Egitura patriarkalak eta genero ikuspegirik eza
Txostenaren arabera, laguntza jaso duten emakume drogazaleen erdiek tratamendua bertan behera uzteko gogoa izan dute, eta alde egiteko arrazoietako batek gizonezkoekin konpartitzen dituzten espazioetan sortzen diren arazoekin du zerikusia.
Hala ere, jasotako laguntza egokia dela uste duten itaunduta, gehienek baiezko erantzuna eman dute eta askok harridura erakutsi dute galderaren aurrean. Alegia, tratamenduak "pertsona guztientzat egokiak" direla azaldu dute, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko bereizketarik egin gabe.
Cerverok, Martinez eta Orozek badute kontraesan hori azaltzeko erantzunik: "Emakumeek emandako erantzunak argi uzten du ezarritako tratamenduak kolokan jartzeko dagoen gaitasunik eza, baita oraindik indarrean dagoen interpretazio androzentrikoa ere. Errealitate maskulinoa da terapiaren erdigunea, eta hori hartzen da errealitate normatibo gisa".
Iragartze Garairen ikuspuntua ere ildo beretik doa. Terapia gehienak gizonezkoen neurrira sortuta daudela adierazi du psikologoak, "ikerketa gehienak gizonekin egin direlako eta ebidentzia zientifikoak gizonezkoen erantzunak kontuan izanda azalerazi direlako". Horregatik, ezinbesteko jo du "emakumeei zuzendutako arreta berezia eta espezializatua ematea", "emakumeen kontsumoa estalpean" egon baita orain arte.
Gainera, Garaik argitu duenez, "emakumeek beharrizan desberdinak dituzte; adibidez, jasaten dituzten kargak kudeatzen lagundu behar zaie tratamenduetan". Hortaz, terapiak erabiltzaileen ezaugarrietara egokitzeko premia dago, "gizarte matxistari" aurre egiteko.
Autoestimua eta harreman afektiboak, bereziki landu beharreko alderdiak
Ikerketan parte hartu duten profesionalen % 70ek adierazi du, menpekotasunaz gain, emakume asko indarkeria matxistaren biktimak direla, eta harreman afektiboekin, norbere irudiaren onarpenarekin eta amatasunarekin zerikusia duten arazoak dituztela.
Etorkintzako profesionalek, gainera, sexu-harremanek drogazaleak sendatzeko prozesuan eragin "izugarria" dutela nabarmendu dute. Kasurik larrienetan, droga menpekotasuna duten emakumeek prostituziora jotzen dute, eta horrek "adizioa areagotzea eta sufrimendu handia" dakar. Bada, horietako asko "erlazio afektibo toxikoetan murgilduta daude", eta drogen efektuen menpeko sexu-harremanak dituztenean, "gehienetan preserbatiborik gabe izaten da, eta horrek arriskua handitzen du".
Arestian aipatutako problematikei aurre egiteko beharrezkoak diren tresnak finkatzeko orduan bat datoz osasunaren alorreko profesionalak: emakume drogazaleekin bereziki landu behar dira gaitasun sozialak, feminitatea, sexuarekin zein generoarekin lotutako estigmak, autoestimua eta familia barruko harremanak.
Zure interesekoa izan daiteke
'Euskaltzaleon Martxak' euskaltzale guztiak batu nahi ditu ekainaren 13an Iruñean
Aldarrikapena eta ospakizuna uztartuko ditu jardunaldiak, "euskaraz bizitzeko baldintzak eskatzeko eta euskaltzale izatearen harrotasuna balioan jartzeko".
Gurutzaontzian hantabirusak kutsatutako hiru pertsonak Herbehereetara ebakuatuko dituzte
Espainiako Osasun Ministerioak adierazi duenez, pertsona horiek ebakuatu ondoren, "ez litzateke egongo arrazoi klinikorik" Kanariar Uharteetan eskala egiteko, Cabo Verde eta Uharteen arteko bidean "kasu sintomatiko berririk agertu ezean".
Seaskako ikasleek desobedientziara joko dute eta euskaraz erantzungo dute baxoko matematikako azterketa
Baionan dagoen Bernat Etxepare lizeoan egin duten agerraldian, Seaskako ikasleek iragarri dute desobedientziara joko dutela eta ekainaren 12an egin behar duten baxoko matematikako azterketa euskaraz egingo dutela. Azterketa guztiak frantsesez egitera behartuta daude, eta aspalditik ari dira baxoa euskaraz egiteko aldarrikapenarekin. Momentuz baina, ez dute aurrerapausorik lortu. Euskal gizarteari babesa eskatu diote, eta besteak beste, igandean Herri Urratsen izango diren mobilizazioetara batzeko deia egin dute.
Iñigo Urkulluk eta Patxi Lopezek Garaikoetxea gogoratu dute, zendu berritan
Lehendakari biek doluminak eta esker ona adierazi dituzte Carlos Garaikoetxea zendu ondoren. Iñigo Urkulluk adierazi du beretzat "gertukoa" zela Euskadiri buruzko planteamentuetan. Lopezek, berriz, "erreferentea" dela esan du.
Lekuko batek adierazi du Maialenen ustezko hiltzailea “noraezean" zebilela eta biktimari “familia aurka jartzea" leporatzen ziola
Maialenen hilketaren epaiketaren bigarren egunean, hainbat lekukok deklaratu dute. Maialen maiatzaren 27an hil zuen omen bikotekideak, Gasteizko hotel batean, 13 labankada emanda. Akusazioek diote hiltzeko asmoz jardun zuela, eta 45 urteko espetxe-zigorra eskatu dute. Defentsak, berriz, "errealitatetik deskonektaturik" zegoela alegatzen du.
Epaileak ikertu gisa deitu du El Bocaleko pasabidearen diseinatzailea
Egitura diseinu eta eraikuntza akatsen ondorioz erori izana posible dela adierazi du epaileak bere autoan. Ingeniariak ekainaren 5ean deklaratuko du.
OMEk baieztatu egin du bi hantabirus kasu izan direla gurutzaontzian, eta zazpi kasu aztertzen ari dira
Hiru bidaiari hil dira hantabirusak jota, eta laugarren bat zainketa intentsiboetan dago. 23 nazionalitatetako 149 lagun (88 bidaiari) zeramatzan itsasontzia Argentinatik irten zen martxoaren 20an, Cabo Verderantz. Egun, han jarraitzen du, Kanaria Handian edo Tenerifen lehorreratzeko zain. OMEk uste du gaixo eta hildakoak gurutzaontzitik kanpo infektatu zirela.
Zer da hantabirusa, karraskariek transmititzen duten eta gaixotasun larriak eragin ditzakeen birusa?
Martxoaren 20an Ushuaiatik (Argentina) abiatu zen gurutzaontzi batean agerraldi bat izan da, eta dagoeneko hainbat hildako utzi ditu. Agerraldiak gaixotasun zoonotiko horren gainera eraman du fokua.
Pertsona bat zauritu da BI-10 errepidean, Bilbon, istripu baten ondorioz
Ezbeharra Errekalde parean gertatu da, Galdakaorako noranzkoan, eta hiru erreietako bi itxi dituzte. Hala ere, 07:00ak aldera errepidea erabat zabaldu dute.
Hiru pertsona hil dira, ustez hantabirusak jota, gurutzaontzi batean
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) adierazi duenez, "kutsatze-arriskuak txikia izaten jarraitzen du" eta "ez dago izutzeko arrazoirik". MV Hondius gurutzaontzia lehorreratzeko portu bila ari da, Cabo Verdek baimena ukatu baitio. Ontzian doazen 149 lagunetatik 14k Espainiako nazionalitatea dute.