Andrea Momoitio: "Nolabaiteko erreparoa dago bollera mari-mutila irudikatzeko"
Andrea Momoitiok lesbiana eta feminista, hurrenkera horretan, gisa definitzen du bere burua. Gainera, kazetaria da eta Pikara Magazinen koordinazioan ari da lanean. Homofobia, Transfobia eta Bifobiaren Aurkako Egunaren atarian, militantzia lesbikoaz, ikusgarritasunaz, zaurgarritasunaz, erreferenteez eta iraganeko, oraineko eta etorkizuneko borrokez aritu da.
Lesbiana, feminista eta kazetari moduan, hainbat ertzetik heltzen diozu ikusgarritasunaren gaiari. Zer ikasi duzu ikusgarritasunari buruz militantzian eta Pikara Magazinen lanean?
Lesbianen ikusgarritasuna kolektiboak historikoki egin duen aldarrikapen nagusienetako bat da, historikoki diodanean 70eko hamarkadatik gaur egunera artekoaz ari naiz; izan ere, orduan hasi ginen lesbianak antolatzen eta militantzia politikoa egiten. Egia da ikusgarritasunaren erreibindikazioa oso presente egon dela beti, baina, nolabait, eskakizun hori gainditzeko beharra sumatzen dut, eta ez dakit iraganean genituen aldarriak egungo egoerarako horren baliagarriak diren.
Karrera bukatu eta masterra egin nuenean, fikziozko telesailetako lesbianen irudikapenari buruzko ikerketa egin nuen. Ikusten nuen militantziatik ikusgarritasuna eskatzen genuela, baina dagoeneko telebistan bazeudela pertsonaia lesbiana ugari. Hala ere, erakusten den emakume lesbianen irudia nahiko estereotipatua dela esango nuke, eta estereotipatua izanagatik ere, lesbianen estereotipo tradizionala ukatu egiten dela. Zaila izaten da, esaterako, egungo ikus-entzunezkoetan lesbiana maskulino batekin topatzea. Badirudi ekoizpen aurrerakoienek nolabaiteko erreparoa dutela bollera mari-mutila irudikatzeko, eta ez dakit denon izenean hitz egin dezakedan, baina ni estereotipo horretaz oso harro nago.
Beraz, ez dakit nahitaezkoa den ikusgarritasuna aldarrikatzen jarraitzea, jakin badakit hainbat sektoretan badagoela oraindik gaiaz hitz egiteko premia, baina lesbiana bizitzeko eta izateko dauden modu guztiak aitortzen dituen ikusgarritasunaren aldeko apustua egingo nuke nik.
Bestalde, LGTBQI+ mugimenduari eta itxialdiari buruzko erreportaje bat idatzi nuen iaz, eta hainbat elkartek adierazi zidaten itxialdiak agerian utzi zuela emakume askok, oraindik ere, zailtasunak dituztela armairutik irteteko, lanaren esparruan, adibidez. Horrek atentzioa eman zidan, ikusgarritasunaz baino, irudikapen anitzei buruz hitz egiteko unean geundela uste nuelako, eta errealitaterekin egin nuen topo: agian orain arte azaldutako guztiak zerikusi handiagoa du nire inguruarekin eta nire burbuilarekin. Ez dakit norainoko presentzia dugun, adibidez, lanaren alorrean. Ez dakit gutako zenbatek esaten dugun lanean, eta askatasun osoz, bollerak garela. Gai korapilatsua da, erpin asko dituena, eta horregatik da oraindik borroka handienetako bat.
Gorputza, diskurtsoa eta hitzak aktibismo lesbikoaz jakin nahi duen ororen esku jartzen dituzula kontuan izanda, ardura handia sentitzen al duzu? Urteko 365 egunetan pedagogia egin behar izatea nekeza al da?
Ez dut ardura modu negatiboan interpretatzen; izan ere, ahal dudan guztietan aprobetxatzen dut lesbiana naizela, lesbiana bizi naizela eta lesbianen aldeko aktibismoa egiten dudala publikoki esateko. Bete egiten nau eta gustura sentitzen naiz, ez dut zama gisa ulertzen.
Pedagogiari dagokionez, aktibismo guztietan gertatzen den bezala, badaude honakoa pentsatzen dudan uneak: "Oraindik horrela jarraitzen al dugu? Benetan beharrezkoa al da hasierako puntura bueltatzea?". Eta batzuetan kostatu egiten zait zerotik hasi behar izate hori, gero eta gauza gehiago dakizkidalako eta gauza horiek gero eta argiago ditudalako. Dena dela, ez dut sentitzen gehiegizko erantzukizunik, eta zorioneko sentitzen naiz gaiaz hitz egiteko aukera dudanetan.
Garrantzirik al du zaurgarritasunak ikusgarritasunaren diskurtsoan? Eroso sentitzen zara zaurgarri agertzean? Beharrezkoa dela uste duzu?
Baietz esango nuke. Zaurgarri erakusteak mesede egiten dit, nire izaera horrelakoa delako. Sarritan gertatu izan zait bizitza pertsonalean traba egiten zidaten gauzak publikatu eta lasaitua hartzea, betiere nire trikimailuak erabilita.
Esate baterako, nire bizipenetan oinarritutako artikulu bat egin behar badut, argitaratu baino askoz lehenago idazten dut. Bikote hausturari buruzkoa argitaratu nuenean, adibidez, banaketa bera artikulua publikatu baino askoz lehenago gertatu zen. Ariketa berdina egiten dut beti: idatzitakoa bere horretan uzten dut, denbora pasata berreskuratu egiten dut, distantziatik ikusi, erabat aldatu eta, orduan bai, argitaratu egiten dut, dagoeneko minik ematen ez didanean. Nire esperientziatik esan dezaket gustura nagoela zaurgarri agertzen naizenean, baina nire nortasunarekin oso lotuta dago hori.
Zer iradokitzen dizu ahalduntze edo jabetze kontzeptuak? Egun dituzuen aldarrikapenen artean lekurik duela uste duzu?
Agortu egin dugu kontzeptua, eta niri, dagoeneko, ez dit ezer esaten. Badakit kontzeptuak zentzua duela hainbat esparrutan, eta ulertzen dut espazio horietan oraindik indarra duen hitza dela.
Hiru erreferente lesbiana aipatu beharko bazenitu, zeintzuk izango lirateke?
Maite Irazabal —Bilboko "bollo" aktibismoan Maite Elorrio moduan ezagutzen dugu— da nire erreferenteetako bat, urteak daramatza lesbianen mugimenduan borrokan. Maite memoria da, erresistentzia ,eta, gainera, laguna dut. Aldarrikatu beharreko erreferentea dela esango nuke.
Ikuspuntu teoriko batetik, Monique Wittig idazleak ekarri handia egin dio pentsamendu lesbikoari, batez ere "Pentsamendu heterosexuala eta beste saiakera batzuk" liburuarekin. Hainbat artikuluk osatzen dute liburua, eta horietako bat bereziki ezaguna egin zen. Bertan, lesbianak emakumeak ez ginela azaldu zuen, emakume kategoria bera sistema heterosexualari lotutakoa delako eta logika horiek deuseztatzeko beharra dagoelako. Agian, diskurtsoak indarra galdu du urteekin, baina bere momentuan oso ekarpen garrantzitsua izan zen.
Azkenik, "Hospital Central" telesaileko Macaren eta Estherren pertsonaiak aipatuko nituzke. Inozoa edo absurdoa dirudien arren, Macak eta Estherrek bizia aldatu zidaten. Telebistan bollerak ikusi nituen lehen aldia izan zen, eta maitasun istorioa erromantikoa eta polita zen. Biziki gogoratzen ditut urduritasuna eta zirrara, baita telesaila logelan ikustea ere, beldur nintzelako gurasoek zerbait nabarituko ote zidaten. Gainera, oroitzen dut orduko bikotekidearekin —urtebeteko harremana izan genuen, ezkutuan— maitasun eta emozio handiz hitz egiten genuela Macari eta Estherri buruz. Bi emakume horiek telebistan ikusteak eta istorioak izan zuen oihartzunak armairutik irteteko indarra eman zidaten; pizgarria izan zen ezkutuko harremanak alde batera uzteko eta gertatzen ari zitzaidan hori hain larria ez zela konturatzeko.
Pikara Magazinek 10 urte bete berri ditu. Radio 3eko elkarrizketa batean, June Fernandezek —aldizkariaren sortzaileetako batek— esan zuen bere obsesioak erabat aldatu direla hastapenetatik, baina badaudela ordutik mantentzen dituzuen hainbat gogo, asmo eta betebehar. Zure ustez, zer aldatu da hamarkada honetan? Zein erronka dituzue epe laburrera?
Aldatu baino, hazi egin gara. Orduko egituratik haztea lortu dugu. Orduan egin nahi genuena, kazetaritza ikuspegi feministatik egitea alegia, egiten jarraitzen dugu, baita hobeto egin ere. Gero eta langile gehiago gara, eta gure oinarriak gero eta sendoagoak dira.
Duela 10 urte sinesgaitza zitzaigun Pikaran egiten genuen lanetik bizitzeko aukera bera ere, eta orain sei langilek osatzen dugu lantaldea. Asko hasi gara, baina istorioak beste modu batean kontatzeko gogoari eutsi diogu, hori izan baita betidanik egin nahi izan duguna.
Etorkizunera begira, Pikara kazetari freelanceen bizi-baldintzak duintzeko espazio bihurtu nahi dugu. Badakigu kazetaritza feminista egiten, eta orain ekoizpen logikak ere feministak izatea behar dugu. Gero eta langile gehiago izan nahi ditugu, geure bizitzak erdigunera eraman eta gero eta soldata hobeak eskaini. Kazetaritza feministan erreferenteak izan gara, baina, orain, lan-baldintzetan ere eredugarriak izan nahi dugu.
Aurki liburu bat publikatuko duzu. Zerbait aurreratu dezakezu? Pikaran egiten duzun lanari lotuta dago?
Bai, liburuak badu Pikararekin zerikusirik, egiten ditudan gauza guztiek bezala. Duela urte batzuk erreportaje bat idatzi nuen, 1977an Bilbon izan zen prostituten manifestazio baten ingurukoa. Gaiak zirrara berezi bat piztu zidan, eta kontatzeko moduko istorioa zela pentsatu nuen. Hortik sortu zen maiatzean entregatuko dudan liburuaren ideia, eta Libros del K.O. argitaletxeak argitaratuko dit.
Maria Isabel Gutierrez Velasco Santanderreko emakumearen istorioa kontatu dut. Basauriko kartzelan erreta agertu zen, 23 urterekin. Espetxetik suizidioa izan zela esan zuten arren, lagunek ez zuten bertsio ofiziala sinetsi, eta hainbat eguneko greba antolatu zuten. Basurtuko Ospitalean itxialdia egin zuten, Areatzako zubira eta Portugaleteko Zubi Esekira kateatu ziren eta prostituten batzorde bat sortu zuten. Mugimenduak indar berezia izan zuen 77ko azaroan; hilaren 9an topatu zuten hilda eta azken manifestazioa 25ean egin zuten. Maria Isabelen inguruan aritu ziren Diputatuen Kongresuan. Hilabete baino ez zuten iraun protesta sutsuek, baina istorioa oso ezezaguna da oraindik.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal Herrian Euskarazek CC. OO. sindikatuaren ren mehatxua salatu du eta mobilizatzeko deia egin du
EHEk adierazi du sindikatuak bost konpromiso eskatu dizkiola, bestela bide judiziala abiatuko duela ohartaraziz, eta egoera “onartezina” dela salatu du.
Ramadanaren amaiera jendetsua Euskal Herrian
Ehunka musulman bildu dira Gasteizen eta Zumarragan islamaren hilabeterik sakratuenari agurra emateko. 2026ko otsailaren 17tik martxoaren 19ra arte, musulmanek abstinentzia egin dute egunez. Argia egon den orduetan, ez dute jan, ez dute edan (ezta urik ere), ez dute erre eta ez dute sexu-harremanik izan.
Athleticeko presidenteak jazarpena eta mehatxuak salatu ditu
Jon Uriartek Ertzaintzaren aurrean salatu duenez, futbolarekin lotutako gazte erradikalak bere etxeko atarian sartu dira eta mezu iraingarriak utzi dizkiote.
Luzaiden dantzan, Korrikaren lekukoa eskuan!
Arnegitik Luzaiderako bidean, Luzaideko Bolantak taldeak dantzan hartu du Korrikaren lekukoa. 126. kilometroan izan da, 04:00ak aldera. Azken urteotako tradizioari eutsiz, dantzan jarri dira lekukoa hartu dutenean.
Jendetza bildu du Korrikak Maulen
Lurraldeko eta hiriburuko hainbat elkarte eta herriko etxe ikusi ditugu parte-hartzen, hala nola, Sohütako pastorala, UEU, Palestinaren aldeko elkartea, Pitxu gaztetxea, Xiberoko Botza eta beste hainbat. Handik Nafarroa Beherea alderako bidea hartu du. Gaueko 22:00 pasata sartuko da lurralde hartan Aiherratik.
Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz
Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko. Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta. Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute.
Atharratzetik abiatu da 24. Korrika, festa giroan, pizkundearen akuilu izatea xede
Ibilbide osoa zuzenean ikusteko aukera dago ETB ON plataforman, EITBren telebista plataforma digital berrian. Euskararen lekukoa martxan da jada, eta Atharratzetik abiatu den oihuak Euskal Herri osoa zeharkatuko du beste behin. Bilbon amaituko da, martxoaren 29an, igandez.
Euskal jatorriko 114.400 pertsona atzerrian bizi dira, duela urtebete baino % 5,5 gehiago
Gehienak Amerikan bizi dira, Argentinan zehazki, INEk urtero argitaratzen duen Atzerrian bizi diren espainiarren erroldaren (AEE) arabera.
32 urteko emakumezko bat zauritu da Iruñean, ibilgailu batek harrapatuta
Ezbeharra 07:32an gertatu da, Arrosadia auzoan. Emakumeak kolpe ugari jasan ditu, hortaz, Iruñeko Unibertsitate Ospitalera eraman dute, pronostiko erreserbatuarekin.
Trafikoa bere onera itzuli da A-8an Irun parean, baina auto-ilara txikiak oraindik daude Kantabriarako noranzkoan, Abanton
Zubiaren hasieran trafiko-eragozpenak izan dira A-8 autobidean.