Mozal legea bertan behera uzteko akordioa lortu dute PSOEk eta Unidas Podemosek
PSOEk eta Unidas Podemosek behin betiko akordioa lortu dute Mozal legea (Herritarren Segurtasunaren Babesari buruzko martxoaren 30eko 4/2015 Lege Organikoa) bertan behera uzteko.
Itunaren arabera, gehiegizko jotzen diren isunak murriztu eta proportzionaltasun irizpideak aplikatuko dira, polizia agenteak grabatu ahalko dira funtzionarioen intimitaterako eskubidea urratzen ez den bitartean eta ez dira zigorrak ezarriko agintariei jakinarazi gabe manifestazioak deitzeagatik, betiere modu baketsuan eta desordena publikoak eragin gabe egiten badira.
Unidas Podemosen aldetik negoziazioetan parte hartu duen Enrique Santiagok azaldu duenez, atzo bertan lortu zuten behin betiko akordioa gobernu koalizioko kideek. Horren baitan, legea bertan behera uzteko EAJk aurkeztutako proposamenari zuzenketak elkarrekin aurkeztea ere adostu zuten.
Bero-beroan egiten diren itzulketen aipamena erretiratzea eta gai hori Atzerritarren Legearen baitan jorratzea ere adostu dute. Unidas Podemoseko iturrien esanetan, formula horrek ahalbidetu du adostasuna.
Koalizioaren barruan jarrerak bateratu ondoren, PSOEk eta Unidas Podemosek araudi hori indargabetzeko prozedura berrabiatuko dute. Legea 2015etik dago indarrean, eta EAJk aurkeztutako lege-proposamenak urtebete baino gehiago darama ez atzera ez aurrera Kongresuan.
EAJk aurkeztu zuen lege-proposamena Diputatuen Kongresuan Mozal legea baliogabetzeko helburuarekin. PSOEk eta Unidas Podemosek duela gutxi adostu dute azaroaren 10era arte luzatzea zuzenketak aurkezteko epea. Horrekin, Enrique Santiagok espero du data horretatik aurrera abiatzea Kongresuko tramitazioa.
Zure interesekoa izan daiteke
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak