Eusko Jaurlaritzak epaiketa digitalak bultzatuko ditu Digitalizazio Plan berriarekin
Eusko Jaurlaritzak jarduketa digitalak bultzatu nahi ditu Justiziaren administrazioan, jardunbide zein epaiketa ez-presentzialak sustatuz. 2021-2026 Justizia Plan Digitalaren helburuetako bat da hori. Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak aurkeztuko du plana astearte honetan, Gobernu Kontseiluaren bileran.
Artolazabalen arabera, plan horren bidez "gaur egungo sistema teknologikoak eta paperezko prozedurak aldatuko ditugu, eta oso justizia digitalizaturantz eboluzionatuko dugu, eraginkorragoa, merkeagoa eta erabiltzaileei zerbitzu hobea emango diena". Gainera, 2022-2028 Justizia Plan Estrategikoaren ardatzetako bat da.
Lanaren xede nagusienetako bat da Espediente Judizial Elektronikoa (EJD) ezartzea. 2023rako egongo da prest, Eusko Jaurlaritzak Nafarroako Gobernuarekin batera sinatutako hitzarmenari esker, euren Avantius kudeaketa informatikorako sistema erabiltzeko.
Horrela, "zeharo" murriztuko da paper bidezko justizia, jardunbide eta epaiketa digitalak bultzatuko dituztelarik. Adimen artifizialeko tresnak erabiliko dituzte horretarako; esate baterako, bideoan grabatutako bisten testualizazioa edo itzultzaile neuronal judiziala. Hala azaldu du Javier Landeta Eusko Jaurlaritzako Justizia Digitaleko eta Azpiegituretako zuzendariak.
Planak "Justiziaren karpeta" delakoaren sorrera ere jasotzen du, Osakidetzaren Osasun Karpetaren ildotik.
2021-2026 Justizia Digitaleko Plana 100 milioi euroko hasierako inbertsioarekin abiatu da eta, hori martxan jartzeko, hiru zedarritan oinarritu dira: makinak eta komunikazio-sareak eguneratzeko lana, informazioaren segurtasunaren hobetzea eta datuen babesa, zibererasoak saihesteko eta eskubideak babesteko.
Zure interesekoa izan daiteke
Euskal Hirigune Elkargoa ikertzen ari dira ur zikinak itsasora isurtzeagatik
Alzheimerra geldiarazteko gai diren bi botikak gizarte segurantzan sartzeko galdegin dute neurologo eta elkarteek
Aita Mennik lehen hiru solairuak ireki ditu berriro, hildako bat eta 18 zauritu eragin dituen sutearen ondoren
Migratzaileen aurkako tentsioak gora egin du Ceutan, Negu Gorriaken aurkako protesta batean