Donostiako hondartzetako toldoen zozketarako izen-ematea ireki dute
Ireki dute Donostiako hondartzetako toldoen zozketarako izen-ematea. Gaurtik hasita, otsailaren 11ra arte, adin nagusiko guztiek eska dezakete toldo bat; berdin du Donostian bizi edo ez. Guztira, 1.400 toldo zozketatuko dituzte Kontxa (440), Ondarreta (424 toldo, 98 karpa eta 198 itzalkin) eta Zurriola (240) artean.
Izen-ematea online edo aurrez aurre egin ahal izango da Udalaren bulegoetan. Etxebizitza bakoitzeko izen-emate bakarra onartuko da. Inskripzioa egiteko orduan, 100 euroko fidantza ordaindu beharko da, adieraziz zein hondartzatan nahi den eduki toldoa.
Epea amaitu ostean, martxoaren 15ean ausaz zenbaki bat esleituko zaio izen-emate bakoitzari. Ondoren, martxoaren 18an zozketa egingo da, kokapena aukeratzeko ordena erabakitzeko. Esleipenik lortu ez dutenei zuzenean itzuliko zaie fidantza.
Behin ordena erabakita, martxoaren 21etik apirilaren 29ra arte, sarituek toldoaren, karparen edo itzalkinen kokapena aukeratu ahal izango dute. Aukeraketari uko egiten diotenek ez dute fidantzarik jasoko. Denboraldia ekainaren 15ean hasiko da, eta irailaren 15ean amaitu.
Toldoen tasak 247,26 eta 322,99 euroren artean daude (denboraldi guztirako). Itzalkinen kasuan, 337,47 eta 394,27 euroren artean. Tasei eta zozketaren oinarriei buruzko informazio gehiago, Donostiako Udalaren webgunean.
Zure interesekoa izan daiteke
Etxebizitzaren aldeko protesta jendetsua egin dute Madrilen, eta greba orokorra prestatzen ari dira
Igandera arte luzatu dituzte euriteengatik EAEn gaurko ezarrita zeuden abisu horiak
12 lagun zauritu dira Errioxako taberna baten zati bat erorita, eta zortzi osasun zentroetara eraman dituzte
102 urteko emakume bat hil da eta 90 pertsona erreskatatu dituzte Albaceten, Madrigueras herrian izandako uholdeetan
Milaka pertsona kalera atera dira Madrilen, etxebizitza eskubidea aldarrikatzeko