Bizkaiko bost zentro erlijiosotan adin txikikoei egindako sexu-abusuak ikertzen ari da Ertzaintza
Ertzaintza Bizkaiko bost ikastetxe eta erakunde erlijiosotan adin txikikoei egindako sexu-abusuak ikertzen ari da. Erasoak 1950 eta 1990 arteko hamarkadetan gertatu zirela zehaztu du Josu Erkoreka Segurtasun Sailak.
Bilboko Elizbarrutiak joan den urtarrilaren 4an iragarri zuen barne ikerketa bat abiatu zuela Bizkaiko zentro erlijioso ezberdinetan -Bilboko Maristak ikastetxea, Santa Marinako haurren erietxea, Barakaldoko Paules ikasetxea, Bediako San Juan Bautista eliza eta Bilboko Kristo Errege parrokia- izan ziren sexu-abusu kasuak argitzeko.
Iragarpen horren ondotik, EH Bilduk galdera bat erregistratu zuen Legebiltzarrean Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak bere aldetik ikerketa ofizialik abiatu duen jakiteko, eta Erkorekak baieztatu du hala egin dutela, baina ezin duela auziari buruzko xehetasun gehiagorik eman, "instrukzio fasean" dagoelako.
Halaber, sailburuak erantsi du Segurtasun Saila Bilboko Elizbarrutiko Sexu Abusuen Batzordearekin harremanetan jarri dela.
Elizbarrutiaren ikerketa
Orain arte, Bilboko Elizbarrutiak jakinarazi du zortzi salaketa jaso dituztela.
Nolanahi ere, Elizbarrutitik EITB Mediari zehaztu diotenez, kasu gehiagoren berri izaten ari dira, eta udan euren ikerketaren ondorioak azalduko dituzte.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda