Parisko poliziak debekatu egin dio hiriburuan sartzea "Askatasunaren martxa" deiturikoari
Parisko poliziak debekatu egin dio hiriburuan sartzea "Askatasunaren martxa" deiturikoari. Frantziako hainbat lekutan, indarrean dauden murrizketen aurka manifestazioak antolatzen ari dira, tartean Baionan, eta antolatzaileen asmoa, ostiral gauean Parisera iristea da larunbatean hiriburua blokeatzeko.
Hainbat konboi asteazkenean abiatu ziren Baionatik, Nizatik eta Perpinyatik, ostiralean Frantziako hiriburuan elkartzeko. Poliziak, baina, "jakinarazi gabeko manifestazioa" dela azaldu du, eta gogorarazi du Paris "blokeatzea" dela martxa horien helburua.
Testuinguru horretan, Parisko Prefetak debekatu egin ditu protestok, ostiraletik astelehena arte, eta gogoratu du bide publikoa oztopatzeagatik bi urte arterainoko espetxe zigorra eta 4.500 euroko isuna ezarri dezaketela.
Kanadako hiriburuan, Otawanen, kamioizaleak egiten ari diren protestak eredu hartu dituzte Frantzian mobilizazio hauek egiteko. 12. egunera iritsi da greba eta dagoeneko Kanada eta Estatu Batuen arteko zubiak blokeatzera iritsi dira. Mobilizazio honen arrakastak protestak eragin ditu munduko beste leku batzuetan ere, Zeelanda Berrian kasu.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda