EAEko 700 familia inguru prest agertu dira Ukrainako errefuxiatuak hartzeko
Euskal Autonomia Erkidegoko 700 bat familia eskaini dira Ukrainako errefuxiatuak hartzeko. Jada iritsi dira hainbat Gipuzkoara, Bizkaiara eta Arabara.
Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Xabier Legarreta Eusko Jaurlaritzako Migrazio eta Asilo zuzendariak ohartarazi duenez, "II Mundu Gerratik aurrekaririk ez duen krisi humanitarioa bizitzen ari gara". Eusko Jaurlaritza hainbat administrazio eta erakunderekin harremanetan dago errefuxiatu ukrainarrak hartzeko elkartasun sarea prestatzeko.
"Espainiako Gobernuarenak dira asilo eskaera egiten duten pertsonei zuzendutako errekurtso erresidentzialak baina sistema hori ez da nahikoa eta Espainiako Gobernuak laguntza eskatu digu sistema hori indartzeko eta hala egiten ari gara Eusko Jaurlaritzatik" adierazi du.
Gerratik ihes eginez Ukrainatik irten diren pentsonei laguntzeko antolatzen ari diren elkarteek "errekurtso erresidentzialak" behar dituztela, batez ere, berretsi du eta laguntza eskaintzeko edo zalantzak argitzeko ondorengo helbide elektronikoa eman du: errefuxiatuak@euskadi.eus.
Gaur arte, "Euskadira iritsi diren pertsona gehienak jada hemen zeuden senide edo lagunengana iritsi dira", baina hemendik aurrera, askoz ere ukraniar errefuxiatu gehiago iritsiko direla aurreikusita, "non bizi aurkitu beharko zaie".
Legarretak azaldu duenez, Eusko Jaurlaritza "harrera sare handi bat sortzeko lanean ari da hiru lurraldeetan, eta horiek jada aurreko astean Irunen prestatu genituen 150 plazei gehituko zaizkie".
Eusko Jaurlaritzak eta Gurutze gorriak 945 222 222 telefonoa jarri dute laguntza behar dutenen eskura (009:00etatik 22:00etara martxan) eta laguntza zein informazioa modu presentzialean emateko hiru gune ireki dituzte hiru hiburuetan:
- Gasteizen: Gaztelako Ataria, 52.
- Bilbon: Gurutze Gorriaren egoitza, Concha Generala, 34.
- Donostian: Zorroaga Gaina, 41.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda