Pablo Gonzalez, hilabete Poloniaren esku
Pablo Gonzalez kazetari euskal herritarrak hilabete egingo du Polonian preso astelehenean. Otsailaren 28an atxilotu zuten Poloniako kontraespioitza zerbitzuek, Ukrainako mugatik hurbil, gerrari eta errefuxiatuei buruz informatzeko lanean ari zenean, Errusiako Inteligentzia Zerbitzuko agente izatea egotzita.
Martxoaren 3an Rzeszów hiriko espetxean sartu zuten behin-behinean eta joan den asteazkenean jakin zen behin-behineko espetxealdian izango dela maiatzaren 29ra arte. Hala jakinarazi zion gutun bidez Poloniak Oihana Goiriena emazteari .
Poloniako Kode Penalaren 130.1 artikulua oinarri hartuta atxilotu zuten Gonzalez; errudun jotzen badute, 10 urte arteko espetxe zigorrari jaso dezake Gonzalezek.
Hilabete pasa denean, ordea, ez bere abokatu Gonzalo Boyek, ez bere emazte zein senitartekoek, ez dute berarekin zuzenean hitz egiterik izan, baimena lortu nahian ari dira, baina, momentuz, gutunez baino ezin dira komunikatu.
Gaur gaurkoz, Varsovian dagoen kontsul espainiarrak soilik du baimena berarekin hitz egiteko. Haren bitartez jakin zuen familiak Gonzalez onik zegoela "animoz eta osasunez" eta irmo defendatu zuela bere errugabetasuna.
Boyek duela gutxi sareetan jakinarazi dutenez, ofiziozko abokatu bat jarri diote Gonzalezi, baina antza, Poloniako agintariek helarazitako datuekin ezinezkoa izan zaio abokatu harekin kontaktatzea.
Boyek egunotan salatu duenez, "Poloniako agintariak ez dira errespetatzen ari Pablo Gonzalezek Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunean jasota dituen eskubideak", besteak beste "abokatu bat aurrean izan gabe galdekatzen" ari direlako kazetaria.
Pablo Gonzalez euskal jatorriko kazetaria Errusian jaio zen eta Nabarnizen bizi da, bere emaztearekin eta hiru seme-alabekin batera. La Sexta, Gara eta Público hedabideentzako ari zen lanean atxilotua izan zen boladan. Gonzalez aditua da Europako Ekialdeko herrialdeen historian eta politikagintzan. Inguru hartako gatazka ugari landu ditu, gainera, kazetari gisa.
Hilabete lehenagotik zelatatua
Atxilotua izan baino hilabete lehenago Ukrainako zerbitzu sekretuen deia jaso zuen Gonzalezek, Donbassen lanean zela, lehenbailehen Kievera joateko esanez, galdeketa bat egin behar ziotela eta. Publikok zabaldu zuenez, "errusiazaletzat" jo zuten galdeketa hartan eta, Poloniaren susmoa areagotu egin zuten antza, errusieraz jakiteak eta inguruak ondo ezagutzeak, bai eta Laboral Kutxako txartel bat izateak ere.
Hala, hiru eguneko epean Ukrainatik alde egitera "gonbidatu" zuten, kanporatze agindurik ezarri gabe, ordea.
Berria egunkariak jaso zuenez, artean Ukrainan zegoela, CNI Espainiako zerbitzu sekretuetako agenteak Gonzalezen senideen etxeetara joan ziren, Euskal Herrian eta Katalunian, Gonzalezen inguruko informazio eske.
Boyek, orduan, lehenbailehen etortzeko eskatu zion Gonzalezi, baina, hemen zegoela bakean utzi zuten: berriz hara itzuli zain egon ziren hura atxilo hartzeko, abokatuaren arabera.
Zure interesekoa izan daiteke
Artxandako tunela, itxita: eragozpen nagusiak, bide alternatiboak eta aholkuak
Bilboko gotzainak elkarrizketarako deia egin du, "berriz ere indarkeria agertu ostean, aurretik izan zenaren berdina izan ez arren"
Jendetza euskal hilerrietan, Santu Guztien egunean
Espainiako Gobernuak asteartean onartuko ditu Urdako istripuaren biktimentzako laguntzak
LZB sistemak partzialki huts egiten duenean zirkulazioa orduko 40 km-ra mugatzea proposatu du Renfek
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko