Azken orduetako euriteek ibaien maila igoarazi dute Gipuzkoan eta Lapurdin
Prezipitazio iraunkorrengatik abisu horia egon da indarrean gau osoan Gipuzkoan (09:00etan geratu da bertan behera abisua), eta arratsaldera arte jarraituko du abisuak Ipar Euskal Herrian. Euriteek eragina izan dute lurraldearen ekialdean, eta hainbat ibairen maila igoarazi dute. Maila horian dira, horrenbestez, Urumea (Gipuzkoa) eta Errobi eta Ugarana (Lapurdi).
Euskalmetek ibaien arroen maila zaintzeko dituen estazioen datuen arabera, Urumeako arroan Añarbeko eta Ereñozuko estazioak maila horira iritsi dira bart.
Bidasoa arroan, Jaitzubiko estazioa maila laranjara heldu da 02:00ak aldera, baina gero jaisten joan da, eta maila berdean zegoen goizeko lehen orduetan.
Ipar Euskal Herrian, Lapurdiko bi arro, Errobi eta Ugarana ibaiena, bereziki zaintzen ari dira, biak ala biak maila horira heldu baitira. Errobi ibaiari dagokionez, Kanbo, Baigorri, Milafranga eta Ortzaizeko eremuak dira kezka iturri, eta Ugaranari dagokionez, Ziburu eta Senpere.
Iragarpenaren arabera, goizean euria egiten jarraituko du, baina arratsalderako atertzera egingo du (mendebaldetik hasita, lurralde guztian gero); beraz, litekeena da ibaien maila apurka-apurka bere onera etortzea.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda