Txorrotako ura edangarria da berriro Bermeon
Uraren kalitatea dela eta, Bermeoko hainbat auzotan iturriko ura ez kontsumitzeko deia egin ondoren, Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak lortu du ur edangarriaren horniduran izandako arazoa konpontzea. Hala, ohiko zerbitzua eskaintzen ari dira dagoeneko.
Goizean, 08:00ak aldera, jakinarazi du Bermeoko Udalak arazoa konponduta dagoela. Dena dela, telefono zenbaki bat jarri du herritarren zalantzak argitzeko: 94 487 31 87.
Bermeoko 8.000 bizilaguni heltzen zaien ur edangarrian uhertasun maila onartutakoa baino sei aldiz handiagoa zela jakinarazi zuen atzo Bilbao Bizkaia Ur Partzuergoak, eta arazoa konpondu bitartean, iturriko urik ez edateko eskatu zuen. Premiazko ur hornidura bermatzeko, hiru kamioi isurkari mobilizatu zituen Partzuergoak.
Lekunberrin (Nafarroa) edateko urik ez
Bestalde, Lekunberriko Udalak (Nafarroa) asteazkenean ohartarazi zuen udalerriko iturriko ura ez dela egokia giza kontsumorako, hornidura-sarearen azpiegituran arazo bat dagoelako.
Udal-bando batean azaldu dutenez, gaur egun, ur kloratuarekin hornitzen ari dira, baina iragazteko tratamendurik gabe. Horregatik, elikagaiak garbitzeko edo egosteko erabil daiteke, baita higiene- eta osasun-erabileretarako ere, hala nola garbitzeko, baina ez giza kontsumorako.
Azpiegitura berrezartzen dutenean, edateko uraren zerbitzua berrezarri dela jakinaraziko du Udalak.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda