Felix Zubia: "Zalaparta sortu da tximino baztangaren inguruan, baina honek ez du pandemia bat sortuko"
Koronabirusaren pandemia "kontrolatze bidean" dagoela dirudien honetan, beste birus batek sortu du zalaparta aste honetan. Tximino baztanga delakoaren 80 kasu inguru atzeman omen dira munduan, Afrikatik, jatorrizko herrialdetik, kanpo, eta herritar askorengan beste pandemia baten mamua piztu da. Felix Zubia Donostia Ospitaleko Zainketa Intentsiboetako Unitateko zerbitzuburuak lasaitasunerako mezu argia eman nahi izan du gaur Euskadi Irratiko Osasun Etxea saioan. Ez diola kezkarik sortzen esan du eta hau ez dela "jende guztia dantzan jartzeko zerbait".
Zubiak uste du covid-19arekin bizi izan dugunarekin, sentikorrago gaudela eta bere iritziz, "berez behar ez lukeen zalaparta bat sortu da. Osasun Publikoko arazo bat da, osasun langileok eta publikoaren osasuna zaintzen dutenak arduratu beharreko zerbait", baina ez da alarma piztekoa: "Herritarrak informatu bai, baina honek ez du pandemia bat sortuko, honek ez du izugarrizko kasu piloa sortuko, gaitza kontrolatu daiteke eta egiten ez bada, gauzak gaizki egin diren seinale".
"Pandemiaren aurretik ere iristen zitzaizkigun horrelako alarmak eta ondoren ere iritsiko zaizkigu" azaldu du medikuak. Izan ere, "gaixotasun bat bere ingurutik irteten denean eta ohi baino kasu gehiago agertzen direnean, horrelako oharrak ematera derrigortuta daude osasun agintariak eta osasun langileok adi egon behar dugu baina hori da dimentsioa".
Gaixotasuna ez zuela ezagutzen eta aste honetan ikasi dituela haren gorabeherak kontatu du Zubiak. Hala, gaitzaren nondik norakoak ezagututa, ez dela larria azaldu du: "Tximino baztanga edo nafarreria ez da berez baztangaren agerpen berri bat, bi gaitz ezberdin dira. Hau zoonosi bat da, karraskarietan bizi den birus bat da (xagu, arratoi eta antzerakoak...) Afrikako inguru batzuetan endemikoa dena, xagu eta horietan mantentzen da. Animalia horiekin kontaktua izatean iristen da pertsonengana eta sortzen duen gaitzak badu antzekotasun bat baztangarekin, azalean sortzen dituen anpuluengatik, eta hortik datorkio izena, baina badira bestelako gaitzak ere, guk gaixotasun exantematosoak deitzen diogunak, azalari eragiten diotenak. Tximino baztangak, alde batetik, sukarrra, ondoeza eta gerriko mina edo giharretako mina ematen ditu eta, gero, berezi egiten duen erupzio hori. Hau burutik oinetara zabaltzen da, goitik hasi eta beherantz doa. Konkortxo batzuk sortzen dira, gero konkortxo horiek lehertu eta likidoa botatzen dute eta hau lehortu eta sendatu egiten da, eta hori da gaitzaren bilakaera. Duen berezitasuna da esku ahur eta hanka azpian ere agertzen dela erupzio hori, hori beste gaixotasunek ez dute egiten. Ez da larria, normalean larruazalari bakarrik eragiten dio eta ez da barrura pasatzen eta bere horretan geratzen da. Immunitate arazoak dituztenek bakarrik izango lukete arriskua, defentsarik ezean, gorputza birusa kontrolatzeko gai ez bada".
Gaixotasuna larria ez izateaz gain, Donostiako ZIUko buruak uste du erraz kontrolatu daitekeela, Osasun Publikoko protokoloak aplikatuz: "Bere transmisioa pertsonatik pertsonara nahiko zaila da, harreman estua behar da. Kutsatzea batez ere gertatzen da lesio horiek ukitzean, anpuluak husten direnean ateratzen den likido horrek dauka birus gehien. Sexu harremanen bidez ere kutsa daiteke. Gauzak ondo eginda, pertsona horiek isolatu egin behar dira eta oso garrantzitsua da euren ingurukoei eta kontaktua izan diren pertsona guztiei jarraipena egitea".
"Kasu honetan zergatik sortu da alarma? Jarraipenik ezin delako egin, jarraipena egiten asmatu gabe agertu dira kasuak. Berez kasuak Afrikan agertzen dira eta kontua da hemen kasuak agertu direla Afrikan izan gabe eta transmisioa katea nola izan den ez dela ezagutzen. Ezjakintasun horrek sortu du alarma. Kasu gehiago agertuko direla penatzen da baina gaitzaren ezaugarriak jakinda, pertsona horiek isolatuta eta osasun publikoak kontaktuak eta kontrolatuz gero, gaitzaren kontrola nahiko erraza izango da".
Kutsatuz gero, gaitza berez sendatu arte itxaron beharra dagoela azaldu du, ez baitago bestelako sendabiderik: "Momentuz tratamendurik ez da ezagutzen eta mozteko bestelako biderik ere ez. Gaitzaren ezaugarriak eta bere transmisio modua ezagututa, baina, ez da uraren bidez kutsatzen, ez da airearen bidez transmititzen, objetuen bidez oso denbora gutxian transmitutu daiteke... kontrolpean hartzeko nahiko erraza litzateke berez".
Gauzak horrela, lasaitasunerako deia egin du berriz ere, eta ez du egoki iritzi publikoki kasuen kontaketarekin gora eta behera ibiltzea: "Kasuen kontaketa eta horien berri emateak gehiago du zalapartatik benetako garrantzitik baino. Denok jakin beharko genuke gaitza zer den eta norbaitek antzeko sintomak baditu medikuarenera jo beharko luke. Guk derrigortasuna dugu horrelako kasu bat ikusten badugu aitorpen bat egiteko. Laginak hartzen dira eta aztertu egiten da kasua baieztatzeko eta hala bada, ingurukoen jarraipena egiten da kasu gehiago badiren ala ez ikusteko, baina nik uste dut, alde batetik, jendeak pribatutasunerako eskubidea duela gaixo izanda ere, eta, bigarrenik, 30, 32 edo 40 kasu direla esateak ez garamatzala inora".
Zure interesekoa izan daiteke
Euskadik beroari lotutako ia 300 heriotza posible erregistratu ditu udan
Adinari begiratuta, hildakoen % 92k 65 urte baino gehiago zituen, Carlos III.a Osasun Institutuaren Eguneko Hilkortasuna Monitorizatzeko Sistemaren (Momo) kalkuluen arabera.
Bizkaiko pentsiodunek manifestazioa egin dute gaur Bilbon, Aste Nagusi bete-betean, beste behin ere pentsio duinak aldarrikatzeko
Aste Nagusiko giroan deitu dute manifestazioa, pankarta nagusiaren leloak dion bezala, "Jaietan ere, pentsionistak kalean" daudela gogorarazteko. Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor kritikatu du mugimenduak, euren herri-ekimen legegilea aldez aurretik atzera bota izana salatuz. Pentsio minimoa gutxieneko soldatarekin berdintzea eta osasun zein zaintza-sistema publiko, unibertsal eta doakoak bermatzeko deia egin dute.
Giro aparta Bilbon, lehiaketa gastronomikoan, bilbainadekin, eta publiko guztientzako hamarnaka jardueratan
Musika, antzerki eta dantza ikuskizunak tradizio jarduerekin uztartuko dira astelehen honetan, hala nola lehiaketa gastronomikoarekin, zezensuzkoarekin eta su artifizialekin. Gaur Athleticeko jokalarien harrera izango da eta Pentsiodunen Mugimenduak mobilizazioa egingo du.
Gernikako gaztetxeko kideek Udalak bertan egin nahi duen liburutegiko obrak atzeratzeko eskatu dute, alternatiba seguru bat izan arte
Duela urtebete baino gehiago okupatu zuten Gazte Asanbladako kideek “hamar urte baino gehiagoz hutsik” egon den eraikina.
Gizon batek sexu-erasoa egin dio emakume bati Iruñean, eta erasoa eragozten saiatu den pertsona bat jo du
Gainera, beste gizon bat atxilotu dute Nafarroako hiriburuan, bikotekide ohia kalean jo omen duelako.
Osasun Ministerioak eta erkidegoek Ceutara 45.000 txerto bidaltzea adostu dute
Ceutak hirukoitz birikoaren 15.000 dosi eta difteria-tetanos, barizela zein polioaren aurkako 30.000 jasoko ditu, uztailaren amaieran iritsitako adingabe migratzaileei txertoa jartzeko.
Nafarroako Gobernuak eta Petilla Aragoiko Udalak 150.000 eurotik gorako plana adostu dute, datozen suteen aurrean herria babesteko
Udako sute larriaren ostean, suebaki berriak, bigarren ur-putzu bat eta gazteentzako abeltzaintza-proiektu bat abiatzea adostu dute.
Biobizkaiak osasun-produktu pertsonalizatuak fabrikatuko ditu 3D inprimaketaren bidez
Lizentzia horri esker, Aurpegi-masailetako Kirurgia, Bihotz-hodietako Kirurgia, Traumatologia, Otorrinolaringologia eta Onkologia Erradioterapikorako produktuen bost familia fabrikatu ahalko dira.
Hondarribiko Alarde tradizionalak utzi egin du gatazkari konponbidea emateko elkarrizketa prozesua
Udalak kezka agertu du erabakiaren aurrean, baina gatazka sozialari konponbide partekatu eta iraunkorra bilatzeko lanean jarraituko duela berretsi du.
A8an Abanton Kantabriarako noranzkoan sortu diren auto-ilarak amaitu dira dagoeneko
Kantabriarako norantzan erreietako bat itxi behar izan dute lanak egin ahal izateko, eta, ondorioz, auto-ilara luzeak sortu dira inguru horretan, baina, behin lanak amaituta, konpondu dira ilarak ere.