Txostena
Gorde
Kendu nire zerrendatik

GIBaren transmisioak EAEn, egonkor eta beherantz; sexu-transmizioko infekzioek, gora

2021ean, Euskadin, GIBaren 119 infekzio izan ziren, 100.000 biztanleko 5,4 kasu. GIBarekiko esposizio aurreko profilaxi-programa duela bi urte abiatu zuten, eta 434 pertsona tratatu ditu; Osakidetzak 6.122 pazienteri eman die arreta, guztira, erretrobirusen kontrako medikamentuak erabiliz.
Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren 2021eko memoria aurkeztu dute. Argazkia: EITB.
Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren 2021eko memoria aurkeztu dute. Argazkia: EITB.

GIBaren transmisioek egonkor eta beheranzko joeran jarraitzen dute Euskal Autonomia Erkidegoan, eta, bitartean, sexu-transmizioko infekzioen kopuruak gora jarraitzen du. Hala ondorioztatzen du urtero Osasun Sailak eta Osakidetzak prestatzen duten Hiesaren eta Sexu Transmisiozko Infekzioen Planaren 2021eko memoriak; memoriak datu epidemiologiko nagusiak eta Euskadik eremu horretan hartutako neurriak jasotzen ditu.

Testuinguru horretan, iaz, Euskadin, GIBaren 119 infekzio izan ziren, hau da, 100.000 biztanleko 5,4 kasu. Halaber, GIBarekiko esposizio aurreko profilaxi-programak 434 pertsona tratatu ditu (duela bi urte abiatu zuten programa hori). 2021ean, Osakidetzak 6.122 pazienteri eman die arreta, guztira, erretrobirusen kontrako medikamentuak erabiliz.

Memoriak dioenez, 2021ean, areagotu egin ziren diagnostikoak infekzio mota guztietan. Zehazki, Osakidetzak lurralde bakoitzean dituen hiru kontsulta espezifikoetan honako hauek erregistratu ziren: 976 chlamyidia kasu, eta 2020an 679 izan ziren; 797 infekzio gonokoziko, aurreko urtean baino % 66,33 gehiago; 273 sifilis goiztiar kasu, aurreko urtean baino % 37,2 gehiago; eta 160 kasu herpes genitalenak, eta 2020an 158 izan ziren.

Txostenak zehazten du 2021etik aurrera Basurtuko eta Donostiako unibertsitate-ospitaleetako mikrobiologia-zerbitzuen diagnostikoak zenbatzen direla, bai eta Mendaroko ospitaleko STIen kontsulta ere; haiek lurralde-kontsultetakoei gehituta, Chlamydiako 1.479 kasu daude, gonokoziako 988, sifiliseko 294 eta herpes genitaleko 199.

GIBa

GIBari dagokionez, Euskadin, iaz, 119 infekzio erregistratu ziren, eta, aurreko urtean, 105; 2019an, 147; eta, 2018an, 171. Horrek esan nahi du 100.000 biztanleko 5,4koa dela tasa. % 84 gizonei dagokie, eta diagnostikatutako pertsonen batez besteko adina 38,9 urtekoa da, 2020ko bera.

GIBak eragindako infekzio gehienak sexu-transmisiokoak dira, eta, oraindik, gizonekin sexua duten gizonen artean transmititzen da nagusiki, diagnostiko guztien % 55,5 (2020an % 54,3 eta 2019an % 57,8). Bide heterosexualaren bidezko transmisioa % 39,5 da (% 35,2 2020an eta % 26,2 2019an).

Kasuen % 52,1ean (erdia baino gehiago; 2020an, % 52,4) diagnostikoa berantiarra izan zen, hau da, immunitate-sistema jada oso kaltetuta zegoenean detektatu ziren, 350 CD4 zelula baino gutxiagorekin.

Erretrobirusen aurkako tratamenduak

Osakidetzak, guztira, 6.122 pazienteri eman zien arreta erretrobirusen aurkako tratamenduekin 2021ean (6.016, 2020an). Erretrobirusen aurkako tratamendu orokorrak erabateko beherakada eragiten du hiesa garatzen duten pertsonen kopuruan; 2021ean, Euskadin hiesaren 25 kasu berri diagnostikatu ziren.

Errealitate epidemiologiko horren aurrean, Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasuneko sailburuak aurten ere Hiesaren eta Sexu Transmiziozko Infekzioen Euskadiko Planean jasotzen diren prebentzio-ekintzako ildo guztiak erabat aktibo mantentzearen aldeko apustua egingo dela nabarmendu du.

Zure interesekoa izan daiteke

GRAFCAV1775. BILBAO, 07/04/2026.- La consejera de Bienestar, Juventud y Reto Demográfico, Nerea Melgosa, (c) el viceconsejero de Juventud y Reto Demográfico, Xabier Legarreta (d) y el director de infancia, adolencencia y familia Gorka Oraá presentan este martes las líneas generales del 'Día sin móvil: un reto para estar más cerca', que se celebrará el próximo 18 de abril en las tres capitales vascas. Observatorio Vasco de la Infancia, Adolescencia y la Juventud. EFE/Luis Tejido
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Mugikorrak alboratu eta familiaz gozatzeko gonbita, apirilaren 18an, EAEko hiriburuetan

Eusko Jaurlaritzak antolatuta, Mugikorrik Gabeko Eguna Familian izango da Donostian, Bilbon eta Gasteizen. Familia inguruan teknologiaren erabilera kontzienteagoa sustatzea du helburu egitasmoak. “Ongizate emozionala zaintzeko eta senideekin egotearen balioa berreskuratzeko keinu txiki” gisa aurkeztu du Nerea Melgosa Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburuak.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X