Polonian kartzelatuta dagoen Pablo Gonzalezek Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo du
Polonian otsailetik kartzelatuta dagoen Pablo Gonzalez euskal kazetariak Estrasburgoko Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo du, bere auzia eta egoera bertara eramatea helburu.
'El Salto' eta 'Publico' hedabideen arabera, kazetariaren inguruko pertsona batek jarri du salaketa Auzitegiaren aurrean. Bertan argudiatu dute espetxeratzeak ez dituela betetzen justiziako gutxieneko minimoak, eta Gonzalez dagoen baldintzek ez dituztela giza eskubideak errespetatzen.
EITB Mediak, gainera, Oihana Goirienarekin hitz egin du, alegia, Pablo Gonzalezen bikotekidearekin; Goirienak esan duenez, familia "kezkatuta" dago, kazetariaren "osasun fisikoagatik eta buruko osasunagatik", kontuan izanik zazpi hilabete daramatzala kartzelan familiarekin komunikatu gabe. Senideek jakin badakite Estrasburgoko prozesua "luzea" izango dela, baina espero dute Auzitegiak aintzat hartzea bidegabekeria gauzatzen ari direla.
Gonzalez otsailaren 28tik dago preso eta inkomunikatuta, alegia, Polonia eta Ukraina arteko mugan Ukrainako gerraren eta horren ondorioen berri ematen ari zela atxilotu zutenetik. Poloniako Barne Segurtasunerako Agentziak Errusiaren espioi izatea egotzi dio.
Abuztuan, Poloniako Przemysleko auzitegiak kazetariaren behin-behineko espetxealdia beste hiru hilabetez luzatu zuen. Apelazio Auzitegiak luzapen horren aurkako demanda baztertu zuen.
Zure interesekoa izan daiteke
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu, helegitea aurkeztu edo ez erabaki eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langile baten kaleratzea berretsi du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak