Indarkeria matxistari buruzko Euskadiko akordio berriak biktimen beharrak erdigunean jarriko ditu
Euskal erakundeek, Emakunderekin batera, astearte honetan onartu dute Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen arreta hobetzeko III. Akordioa. Itun hori 2001ean sinatu zen lehen aldiz, eta 2009an eguneratu zen. Tratu txarren eta sexu erasoen biktimen arretan inplikatuta dauden erakundeen arteko koordinazioa lortzea du helburu, biktimen beharrak erdigunean jarriz.
Testu berri horrek indarkeria matxista mota guztiei egingo die erreferentzia, ez bakarrik bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriari edo familia barrukoari eta sexu indarkeriari. Emakumeak, haien seme-alabak eta inguruko beste pertsona batzuk ere biktima gisa aitortu nahi ditu.
Berrikuntzen artean dago, baita ere, kasuen atzemate goiztiarra; izan ere, akordioak eremu eta sistema guztietako erakunde ororen proaktibitatea sustatzen du, eta erakunde sinatzaileen konpromisoak zabaltzen ditu emakume biktimei arreta ematen dieten profesionalen prestakuntzari dagokionez.
Datorren astean, Gobernu Kontseilutik igaroko da, eta prest geratuko da Kontseilua osatzen duten erakundeek ekitaldi publiko batean sina dezaten, lehendakaria buru dela.