Bilboko hilketa matxista salatu du Emakundek eta herritarrei euren gaitzespena agertzeko dei egin die
Bilboko San Frantzisko auzoan izan den hilketa matxista "irmoki gaitzetsi" du Emakundek, eta bere elkartasna eta laguntza eskaini die biktimaren familiari eta gertukoei. Halaber, herritar guztiei dei egin die protesta bilkuretan parte hartu eta euren gaitzespena azaldu dezaten.
Ohar bidez, Emakumearen Euskal Institutuak nabarmendu du "emakumeen aurkako indarkeria mota hau menpekotasun eta emakume eta gizonen arteko ezberdintasunaren adierazgarri latz eta gogorrena dela" eta "emakumeen kontrako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko hiritar guztien jarrera aktiboa ezinbestekoa dela".
Hilketa matxista kasuetarako protokoloa abian jarri duela jakinarazi du Emakundek, eta bat egin du Bilboko Udalak bihar eguerdierako deitu duen protesta bilkurarekin.
Bere aldetik, Beatriz Artolazabalek Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketarako Sailburuak adierazi du "modurik okerrenean" amaituko dela 2022 urtea: "emakume baten hilketarekin, emakume izate hutsagatik".
"Giza eskubideen urraketa nabarmenena da; gizartean errotutako gaitz bat da, eta ezinbestekoa da horren kontra lan egitea. Oraindik asko dugu egiteko bidegabekeria honen kontra", esan du.
Artozabalek ere, Eusko Jaurlaritzaren izenean, hilketa salatu du eta elkartasuna helarazi dio biktimaren familiari.
Ustezko hiltzailea, atxilotuta
45 urteko emakume bat hil du gizon batek Bilboko San Frantzisko auzoko taberna batean. Biak ziren tabernako arduradunak. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak 44 urteko ustezko egilea atxilotu dute. Gizonak berak deitu omen dio Udaltzaingoari 09:00etan.
Atxilotua Ertzaintzaren esku utzi dute, eta hura arduratuko da, orain, hilketa horren arrazoiak argitzeaz. Oraingoz ez da ezagutzen zein den biktimaren eta erasotzailearen arteko harremana.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda