Sergio Murillo, Bilboko eraso matxistaz: "Asaldatuta bizi behar ditugu horrelako gertakariak"
Sergio Murillo Bizkaiko Gizarte Ekintzako diputatuak azpimarratu duenez, gizarteak "asaldatuta" bizi behar ditu eraso matxistak, "oso larria delako, gure bizikideak erailtzen ari direlako batzuek uste dutelako gizonak izateagatik bakarrik gainetik daudela".
Euskadi Irratiko "Faktoria" saioan egin dioten elkarrizketan, atzo 58 urteko gizon batek 63 urteko emakume bati Bilbon egindako eraso matxista izan du hizpide. Bikotekide ohiak jipoitu eta su eman zion.
Eraso "larria" salatu ostean, Gizarte Ekintzako diputatuak esan du orain garrantzitsuena biktima sendatzea dela.
"Sexu desberdinkeriaren aurpegirik latzena" dela adierazi du, eta oraindik bide asko dagoela egiteko horrelako gertaera bakar bat ere gerta ez dadin: "Denok egin behar dugu indarkeria matxistaren aurka".
Bizkaiko Foru Aldundiak berriki Bilbon adinekoen egoitza bat itxi eta Ortuellako beste bati isuna jarri dio hainbat arau hauste egiteagatik. Murilloren esanetan, gainbegiratze horietan ezin dira malguak izan eta ezin da onartu hautemandako akatsak ez birbideratzea.
Bestalde, Murillok iragarri du EtxeTIC zentro berriak zabalduko dituztela Mungian, Zallan eta Basaurin datozen sei hilabeteetan, eta aste honetan adostu dutela Markina-Xemeinen beste bat irekitzea. Etxean ematen diren zainketei laguntzeko doako zerbitzua da EtxeTIC.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda