Indarkeria matxistaren mehatxupean dauden emakumeen arriskua etengabe ebaluatzea babestu du Subijanak
Maialen Mazonen hilketa matxistaren ondoren, Arabako Fiskaltzak gogortu egin du indarkeria matxistaren biktimak babesteko protokoloa. Horren arabera, urruntzeko aginduak betetzen ez dituzten erasotzaileak atxilotu egingo dituzte, baita biktimak urruntze-agindua urratzeko baimena ematen duenean ere.
Radio Euskadiko "Boulevard" saioan egin dioten elkarrizketan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko presidenteak Maialen Mazonen hilketa matxista izan du hizpide. Iñaki Subijanaren esanetan, "zentzuzkoa" izan daiteke kasurik muturrekoenetan behin-behinean espetxeratzea. Halaber, indarkeria matxistaren mehatxupean dauden emakumeen arriskua etengabe ebaluatzea babestu du.
Subijanaren iritziz, emakumeak babesteko epaitegietan ezarritako babes-neurriak betetzea da garrantzitsuena, eta horrela ez den kasuetan arriskua berriro ebaluatzea eta polizia kontrolak, telematikoak edo behin-behineko espetxealdiak planteatzea. Halaber, uste du neurriak urratzen diren kasuetan baloratu egin beharko litzatekeela Fiskaltza eta epaileak jakinaren gainean jartzea.
EAEko Hauteskunde Batzordeko presidente ere baden heinean, uztailaren 23an hauteskunde-mahai bateko kide izatetik salbuesteko irizpideak zein diren galdetu diote. Subijanaren ustez, garrantzitsua da irizpideak finkatzea, erabakiak "homogeneoak eta uniformeak" izan daitezen eta "antzeko" kasuen aurrean erantzunak ezberdinak izatea saihesteko. Gaineratu duenez, Hauteskunde Batzorde Zentralak epe "nahiko laburrean" ezarriko ditu irizpide bateratu horiek.
Zure interesekoa izan daiteke
Bi emakume bizkaitar hil ziren Madrilgo jatetxeko suteagatik ikertutakoak auzipetu dituzte, hilketa egotzita
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda