Plazenta artifizial batek ahalbidetu du ardi fetu batek umetokitik kanpo 12 egun bizirautea
Ardi fetu batek umetokitik kanpo 12 egun bizirautea ahalbidetu du Bartzelonan garatutako plazenta artifizial batek. Oraingoz prototipo bat da eta animalietan baino ez dute probatu, baina azken helburua da sei hilabete baino gutxiagoko ume goiztiarren bizi itxaropena eta garapena hobetzea.
Bartzelonako BCNatal zentroaren CaixaResearch Plazenta Artifizala proiektua oraindik fase esperimentalean dago. Prototipoa animalietan probatu dute lehenik eta, aurreikuspenak betetzen badira, bi edo hiru urtean gizakietan egingo dituzte azterketa klinikoak.
"Oso mugarri garrantzitsua da", nabarmendu du BCNataleko zuzendari eta proiektuaren buru den Eduard Gratacosek astelehen honetan. Azaldu duenez, helburu nagusia da "fetuak amaren sabeletik kanpo ere fetu gisa bizitzen jarraitzea lortzea, eta hori oso zaila da, natura ahalik eta gehien engainatu behar delako".
Europan, urtero, 25.000 haur jaiotzen dira haurdunaldiko seigarren hilabetea baino lehen. Kasu horien pronostikoa "errotik" aldatzeko, Gratacosek zehaztu du fetuen biziraupena lau astera (28 egun) luzatu nahi dutela, gero haurtxoek plazenta horretatik kanpo bizitzen jarrai dezaten, inkubagailu batean.
"Jaiotzaren puntu teorikoa mugitu eta (fetua) plazenta horretan lau astez mantenduta, hilkortasuna eta ondorioak erdira baino gutxiagora murriztu ahal izango genituzke; beraz, onura izugarria izango litzateke", azaldu du Gratacosek.
Bigarren fasea
Lehen fasea amaituta, bigarren fase bat egingo da (2023-2025) fetuaren biziraupena lau astera luzatzea helburu duena. Halaber, segurtasun maila "muturrera" eramatea eta esparru bioetikoa garatzea espero dute. Aurreikuspenen arabera, "bizpahiru" urtetan azterketa kliniko bat egin ahalko da gizakiengan, oso kasu zehatzetan eta beti ere ume goiztiarretan (inoiz ez enbrioietan).
Zure interesekoa izan daiteke
EAEko hiriburuak, balizko istiluen beldur
12 atxilotu Baionan, bizitzaren garestitzea salatzeko protesten hirugarren larunbatean
Euskadiko sahararrak ospakizun betean, NBEk Minurso misioa berritzerik izan ez duelako
Elkarretaratzea Gobelan, Romo FC klubeko entrenatzailea sexu-askatasunaren aurkako delituengatik kartzelara bidali ondoren
Bilbo, Donostia eta Gasteiz blindatu dituzte, Blocusek txikizioa egiteko egindako deialdien aurrean