Igandeko ekaitzak Nafarroa ekialdean eta Durangaldean izan du eragina, batik bat
Atzoko azken orduetako ekaitz bortitzen ostean, igande honetan bide beretik jarraitu du eguraldiak, egunaren bigarren zatian bereziki. Arratsaldean zehar, euri zaparrada mardulak egin ditu Nafarroa ekialdean eta Durangaldean, batik bat.
Larunbat arratsalde-iluntzean ekaitzak gogor jo zuen Bizkaian, eta euri eta txingor oldeak kaleak urez estali zituen Bilbon, Txorierrin eta Nerbioi-Ibaizabal inguruan, eta gaurko lehen ekaitzak ere bertatik sartu dira, ekialdean gogorrago jo duten arren.
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak amaitutzat eman du 19:00ak aldera Euskal Autonomia Erkidegoan arratsaldeko ordubietatik prezipitazio handiengatik ezarritako abisu horia. Izan ere, ordubetean 25 litro pilatu dira Gorbeian, euri gehien bota duen eremuan alegia.
Gainera, Bernan 19,8 litro bota ditu arratsaldean ordubetean, Mañarian 13,5, Urkiolan 13 eta Iurretan 12. Ur putzu handiak egin dira Iurreta, Durango edo eta Abadiñon, eta zuhaitzak ere bota ditu haizeak, besteak beste, Urkiola inguruan.
AP-8 errepidean, Eibar parean, Bilborako noranzkoan errei bat itxita egon da errepidera eroritako zuhaitz batek traba egiten zuelako, eta beste hainbeste gertatu da Abadiño aldean, Donostiarako noranzkoan.
Nafarroan ere, Ezkurrako basoan, halaxe gertatu da, Luis Dadebat Imaz erabiltzaileak bidali digun argazkian ikusten denez.
Gainera, Nafarroako suhiltzaileek Esteribarren esku hartu behar izan dute eroritako zuhaitz bat kentzeko.
Bizkaiko suhiltzaileek, bestalde, hainbat irteera egin behar izan dituzte Durangaldean, euriak eragindako arazoei aurre egiteko. Iurretan eta Durangon arratsalde hasierako ekaitzen ondorioz pilatutako ura kentzen ari dira.
Markinara ere iritsi da ekaitza, eta, euriaz gain, haizea nagusitu da. Gogor astindu du ingurua, Ricardo Barrutia EITB Mediako erabiltzaileak arratsaldeko lehen orduan grabatutako bideoan ikusi daitekeenez.
Beranduago, Nafarroan sartu eta Erribera eta zentro-ekialdea zeharkatu ditu, zenbait herri gogor astindu dituelarik. Ekialdean, Zangoza inguruan hasi da euri-jasa, tarteka baita txingorra ere, eta, inguru horretatik gorantz, Pirinioetaraino iritsi da ekaitza.
Hainbatetan izan da euri erauntsia arratsaldean zehar; ur-putzu handiak sortu dira nonahi, eta Leireko monasterio barrura ere sartu da ura. Ezkarozen, esaterako, argindarrik gabe geratu dira.
Ekaitz bortitzek Nafarroako ekialdea ekortu dute, eta erdialdeko eremuetan metro koadroko 30-50 litro pilatu dira bi ordutan, AEMET agentziaren arabera. Txingor handia ere egin du.
Unera arte, ez da gorabehera garrantzitsurik izan, baina suhiltzaileak hainbat lekutan ari dira lanean, ura txikitzen edo garbitzen, Artiedan adibidez.
17:20 aldera euria eta haizea indartsu iritsi dira Zaraitzu bailarako Jaurrieta herrira, Nieves Urmenetak hartutako irudietan.
German Gorraiz EITB Mediako erabiltzaileak Otsagabia astindu duten zaparrada mardulak grabatu ditu.
Meteorologia zerbitzuek hainbat abisu eta alerta ezarri dituzte igande honetarako Euskal Herrian, prezipitazio handiengatik. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoan 14:00etatik 19:00etara egon da indarrean abisu horia, eta 15:00ak eta 00:00ak bitarte egongo da, berriz, Nafarroan. Ipar Euskal Herriari dagokionez, 21:00etan bertan behera gelditu dira abisuak.
Zure interesekoa izan daiteke
Harritzar bat zintzilik geratu da N-634 errepidearen gainaldean, Getaria parean
Eguerdia pasatxo zenean, tamaina handiko harri bat erori da mendian behera, baina burdinezko sareak eutsi egin ahal izan dio. Astearte goizean hasiko dituzte erretiratzeko lanak, eta bien bitartean, errepidea irekita dago.
Sei pertsona zauritu dira Faltzesen, beren autoa bidetik irten ostean
Zauritu guztiak ospitalera eraman dituzte eta ingresatuta geratu dira, pronostiko erreserbatuarekin. Horietako bost adin txikikoak dira.
Maila horian daude Abetxuko, Sangroniz eta Mungiako estazioak, uholde arriskuagatik
Euskalmetek jakinarazi duenez, datozen orduotan ere euria barra-barra egiten jarraituko du, ia etenik gabe, batez ere, Kantauri isurialdean.
Butroe ibaiak gainezka egin du Mungia parean
Euriteen ondorioz, Butroe ibaiak gainezka egin du Mungia parean, eta bertako Udalak autoak toki garaietara mugitzea gomendatu die herritarrei.
Nafarroak 4,7 milioi aktibatu ditu auto elektrikoaren erabilera bizkortzeko
"Tximista Auto" plan berriak ibilgailu bakoitzeko 5.500 eurorainoko laguntzak eta azpiegituretarako zuzeneko laguntza indartzen ditu.
Berriro ekin diote Bidasoa ibaira salto egin zuen gizonaren bilaketari
Antza, pertsona batek bi gizon ikusi ditu igande goizaldean ibilgailuak garbitzeko gune batean lapurreta egiten, Irunen, eta ertzainak heldu direnean, horietako batek uretara egin du salto; bestea, 31 urteko gizasemea, atxilotu egin dute.
Gizon batek bikotekide ohia hil du Benicassimen
64 urteko emakume bat da biktima. Hainbat labankada jaso ondoren, larri eraman dute Castelloko Ospitale Nagusira, eta han hil da. Ustezko erasotzailea, 70 urteko gizona, atxilotuta dago.
Ertzaintza aste honetan hasiko da isunak jartzen baliza ez erabiltzeagatik
Baliza ez edukitzea edo baliza ez erabiltzea arau-hauste arintzat hartzen da, eta 80 euroko isuna dakar.
Gasteizko San Frantzisko elizan lanak egiten hasi dira, gehiago hondatu ez dadin
Martxoaren 3ko biktimen memorialaren egoitza izango dena narriatzen ari da, eta "kaltea areagotzeko arriskua dago, berehala esku hartzen ez bada".
Gizon bat hil da autoarekin kamioi baten kontra jota, Azkoienen
Aurrez aurre jo du kamioia 49 urteko auto-gidariak, eta lekuan bertan hil da.