Legebiltzarrak Primeran plataformaren garrantzia azpimarratu du, euskara "biziberritzen" lagunduko duelako
Eusko Legebiltzarrak Primeran plataformaren balioa nabarmendu du gaur. Plataforma hori EiTBk jarri du abian, "euskarazko ikus-entzunezko edukiak lortzea errazten duelako", hizkuntzak ingurune digitalean duen presentzia handitzen duelako eta "euskarazko ikus-entzunezkoen arloan aro berri bat irekitzen duelako, hizkuntza hori biziberritzen lagunduko duena".
Konkretuki, EiTBren Primeran 'streaming' plataforma martxan jarri ondoren, euskarazko ikus-entzunezkoen sektorean "jauzi egiteko" beharra defendatzen duen EH Bilduren mozioa eztabaidatu du Ganberak.
Gobernuan dauden EAJrekin eta PSE-EErekin eta Elkarrekin Podemos-IUrekin babestu du testua koalizioak. PP eta Ciudadanos, ostera, abstenitu egin dira, eta Voxek aurkako botoa eman du.
Testuan, EiTBk abian jarritako Primeran plataformaren balorazio "positiboa" egin du Eusko Legebiltzarrak; izan ere, "euskarazko ikus-entzunezko edukiak lortzea errazten du, euskararen presentzia areagotzen du ingurune digitalean, eta euskarazko ikus-entzunezkoen arloan irekitzen duen aro berriak hizkuntza hori biziberritzen lagunduko du".
Ildo horretan, Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio "ikus-entzunezkoen eremua indartzeko, sistema gisa funtzionatzeko eta egituratzeko dituen aukerak garatu eta aztertzeko, eta sorkuntzaren, ekoizpenaren eta hedapenaren arloan dauden baliabide guztiak elkarreraginean jartzeko".
Era berean, Jaurlaritzari eskatu dio "ikus-entzunezkoen arloan ekoizpen independenterako laguntzak eta tresnak garatzen, inbertsioa handitzen eta hobekuntzak egiten jarraitzeko, euskal sorkuntza eta ekoizpena aberasten joan dadin".
Azkenik, EiTBri eskatu dio "bere zerbitzuen doakotasuna bermatzen jarraitzeko eta bere kanal eta euskarrietan lan zinematografiko nabarmenak, lehen mailako fikziozko telesailak, dokumentalak eta gaurkotasuneko animazioak eskaintzen jarraitzeko".
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda