Gabonetako loteriak 2.590 milioi banatuko ditu saritan, iaz baino 70 milioi gehiago
Eguberritako loteriaren aparteko zozketaren eguna da gaurkoa. 09:00etan hasiko da, ohi bezala, Madrilgo Errege antzokian. Aurten 2.590 milioi euro banatuko dira saritan, hots, iaz baino 70 milioi gehiago. Ohi bezala, eitb.eus-ek zuzenean eskainiko du Gabonetako loteriaren zozketa.
Igoera hori gorabehera, sari nagusien zenbatekoa betikoa da: sari nagusiak, 400.000 euro banatuko ditu dezimo bakoitzeko (4 milioi euro serieko). Bigarren saria 125.000 eurokoa da dezimoko; eta hirugarren saria, 50.000 eurokoa. Hiru sariotako bat egokituz gero, % 20 Ogasunari eman beharko diote zortekoek (lehen 40.000 euroak salbuetsita daude).
Horrez gain, bi laugarren sari (20.000 euro dezimoko) eta zortzi bosgarren sari daude (6.000 dezimo bakoitzeko).
Sariok arratsaldetik bertatik kobratu ahalko dira, behin egiaztapen guztiak amaituta. 2024ko martxoaren 22ra arteko epea dago.
Bistan denez, dirutza kobratzeko dezimoa bera edo saritutako zenbakiaren egiaztagiria aurkeztu beharko da. 2.000 euro baino gutxiagoko sariak esku dirutan edo Bizum bidez jaso ahalko dira loteria administrazioetan. Sari potologoak (2.000 euro baino gehiagokoak) baimendutako finantza erakundeetan (BBVA eta Caixabank) kobratu ahalko dira bakarrik.
Bizkaian gastatzen da gehien
Bizkaitarrak dira loteriazaleenak, eta han dute batez besteko gastu handiena: 100,94 euro pertsonako. Ondoren dator Gipuzkoa (63,25 euro), eta tarte batera, Araba (58,26 euro) eta Nafarroa (58,24 euro).
Kopuruok estimazioa baino ez dira, behin betiko datua saldu ez diren billeteak itzuli ostean jakingo baita.
Horrenbestez, gastatutakoa berreskuratzen saiatuko dira, beste behin, herritarrak. Dena dela, probabilitateari erreparatuta, gastatutakoa baino gehiago irabazteko aukerak % 5 baino ez dira.
Iaz zortea alde izan zuten, eta aurten ere hala izango direlakoan daude asko eta asko. Izan ere, gogora ekarri behar da sari nagusia Hego Euskal Herrian egokitu zela 2022an, Bilbon 4,4 milioi utzita eta Azkoitian (Gipuzkoa), Cordovillan eta Iruñean (Nafarroa) dezimo bana salduta. Dena dela, bigarren sariak (18,5 milioi, Bilbon eta 53,7 milioi, Mungian) eta bosgarren sariek (10,8 milioi, Galdakaon) utzi zuten diru gehien.
Sari nagusia, 45 aldiz Hego Euskal Herrian
Sari potoloa 45 aldiz egokitu da Hego Euskal Herrian, 37tan EAEn eta zortzitan, Nafarroan (bost Iruñean, eta bana Altsasun, Tuteran eta Fiteron). Bizkaia izan da zori onekoena, 20 urtetan jausi baita sari desiratuena bertan. Gipuzkoan 15 bider banatu dute lehen sari hori, eta Araban, hirutan.
Zure interesekoa izan daiteke
Jendetza euskal hilerrietan, Santu Guztien Egunean
Espainiako Gobernuak asteartean onartuko ditu Urdako istripuaren biktimentzako laguntzak
LZB sistemak partzialki huts egiten duenean zirkulazioa orduko 40 km-ra mugatzea proposatu du Renfek
Europak bi euroko tasa ezarri die EBtik kanpo erositako paketeei
Eusko Jaurlaritzako Gazteria zuzendariak uste du jarrera erradikalizatuak gutxiengoa direla
Euskal hiriburuetako saltokiek egurrezko oholak kendu dituzte, gaua istilurik gabe igaro ondoren
2.200 pertsona baino gehiago identifikatu dituzte Bartzelonan, Blocusen deialdiak tarteko