Sutea piztu da Gasteizko etxebizitza eraikin batean eta 12 pertsona atera behar izan dituzte
Sutea piztu da bart Gasteizko etxebizitza eraikin batean eta guztira 12 pertsona atera behar izan dituzte. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez, ez da inor zauritu, baina kalte materialak handiak dira.
Garrak 00:40 aldera piztu dira Corazonistas kaleko bi solairuko harrera etxe batean. Antza denez, berogailu batek eragin du sutea, baina Segurtasun Sailak ikerketa zabalik du oraindik.
Ertzaintzak emandako lehen informazioen arabera, 11 ziren bertan lo egiten ari ziren pertsonak, bederatzi heldu eta bi adingabe, baina ondoko komentuko mojek zehaztu dute 12 direla, bertan igaro baitute gaua. Zehazki, Gasteizko Elizbarrutiak babestutako baliabiderik gabeko hamabi pertsona dira.
Suhiltzaileek garrak itzali dituzte, baina zaintza lanetan jarraituko dute datozen orduetan. Bizilagunek Salesen komentuan igaro dute gaua eta oraingoz ezingo dute beren etxeetara itzuli. Ildo horretan, Gasteizko Elizbarrutia gizarte zerbitzuekin eta Gurutze Gorriarekin harremanetan jarri da, aterperik gabe gelditu diren hamabi pertsona horiei ostatua bilatzeko.
Zure interesekoa izan daiteke
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda