Aita-semeak hilda topatu dituzte Bartzelonan eta indarkeria bikario kasu gisa ari dira ikertzen
Esquadra Mossoak indarkeria bikario kasu gisa ari dira ikertzen Horta-Guinardo barrutiko (Bartzelona) etxebizitza batean gizonezko baten eta 7 eta 10 urteko bi mutikoren heriotza. Lehen zantzuen arabera, gasa arnastuta hil dira hirurak astelehen honetan. Ikerketa abiatu berri dute, baina hipotesi nagusia da aitak bere burua eta bi semeak hil dituela amari min egiteko (indarkeria matxistaren mota bat da hori, indarkeria bikarioa).
Kasuaren gertuko iturriek azaldu dutenez, emakumeak egin du ohartarazpena, senar ohiaren berri ez zuela eta. Gabonen ostean umeak entregatu behar zizkion gizonak, eta eskolara eraman. Ez bata ez bestea gertatu ez direnez, gizonaren etxebizitzara joan dira mossoak, suhiltzaileak eta Bartzelonako udaltzainak, eta bertan topatu dituzte hiru gorpuak. Etxebizitzari gas kiratsa zerion.
Ikerketa abiatu baino ez dute egin, eta hipotesi guztiak mahai gainean dituzte agenteek. Dena dela, indarkeria bikario kasu bat dirudiela aurreratu dute. Jakinarazi dutenez, gizonak ez zituen emakumearen kontrako tratu txarren aurrekaririk (gogorarazi behar da hilketa matxisten % 80tan hala gertatzen dela).
Aita-semeen gorpuak 21:40 aldera atera dituzte etxebizitzatik, eta Auzitegi Medikuntzako Institutura eraman, autopsia egiteko.
Mossoen polizia zientifikoak hartu du bere gain jazotakoa ikertzeko ardura. Bien bitartean, suhiltzaileek etxebizitzaren segurtasuna bermatzeko neurriak hartu dituzte (gas kontzentrazio handia zegoen).