Giro eguzkitsua eta 20 ºC-ko tenperaturak izango dira asteburuan
Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, larunbatean eguraldi eguzkitsua espero da Euskadin. Hego-ekialdeko haizea ibiliko da eta horren ondorioz, tenperaturak gora egingo du kantauri isurialdean 20 ºC-ra iritsi arte. Isurialde mediterraneoan, aldiz, tenperatura maximoak ez dira asko aldatuko, eta 15-17 ºC artean geratuko dira. Egunaren lehen orduetan behe-lainoa sortuko da barnealdeko hainbat haranetan, eta litekeena da Ebro ibarrean trinkoak eta iraunkorrak izatea.
Igandean ildo beretik jarraituko dugu. Hegoaldeko haizea ibiliko da, tarteka zakar, bereziki mendi inguruetan. Tenperatura maximoak ez dira askorik aldatuko, baina Kantauri isurialdean, hego-haizearen eraginez, tenperatura minimoak igo egingo dira. Ebro ibarrean lainoa sor daiteke eta zerua eguzkitsu egongo da.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda