Euskal Herriko periferiako ikastolei aitortza egin die gaur Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak Beskoitzen
Beskoitze omenaldi eta eskertza berezi baten agertoki izan da igande honetan, bertan egin baita, 'Ikastolak Herriari' egitasmoaren barruan, 'Non eta mugan' ekitaldia.
Ekitaldi horren bitartez Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak aitortza egin nahi izan die Euskal Herriko periferian, beste lurraldeekiko muga mugetan dauden ikastolei, euskara eta euskal kultura inguru horietan bultzatzeko egiten duten lanarengatik.
Zehazki zortzi ikastolei egin die gaurkoan aitortza hori: Beskoitzeko Ikastola, Sohütako Eperra Ikastola, Zangozako Ikastola, Lodosako Ibaialde Ikastola, Tuterako Argia Ikastola, Vianako Erentzun Ikastola, Oiongo San Bizente Ikastola eta Balmasedako Zubi Zaharra Ikastola.
Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak azaldu duenez, ikastola hauek "oztopoz betetako ibilbidea egin dute gaurdaino, oso bide aberasgarria ere izan dena" eta ibilbide horrengatik "eskertza eta aitortza" egin nahi izan die elkarteak.
Beskoitzen bereziki hunkiturik hartu dute aitortza eta Euskal Herriko txoko guztietatik zetozenei abegi egiteko ardura. Izan ere, periferiako ikastola hauentzat, berez ere oztopoz betetako bidea izan ohi dena, are zailagoa suertatzen ari da Beskoitzeko Ikastolarentzat azken hilabeteotan, orain arteko lurrak utzi beharko baititu ikasturtea bukatzerako, Herriko Etxeak hala erabakita.
Negoziazioak geldirik daudela azaldu du gaur Beskoitzeko Ikastolako lehendakari Cyril Fesquinek: "Ez dugu ezer. Herriko etxean egin dugun azken bileran ikusi dugu hautetsiek ez zutela ezer prestatuta" eta esan du aste honetan berriro biltzekoak direla Herriko Etxearekin, aterabideren bat topatzeko saiakeran.
Beskoitzen prefabrikatuetan jasotzen dituzte eskolak ikasleek, eta beste ikastoletako kideek azaldu dutenez han argi ikusten da "zenbait ikastolen errealitate gogorra". Hala ere, denek adierazi dute gaurko ekimenak indarrak hartzeko balioko diela.
Aurten Gipuzkoako Ikastolen alde Kilometroak antolatuko dituen Azpeitiko Ikastolako kideak ere Beskoitzen izan dira zortzi eskolei aitortza eginez. Beskoitzeko Ikastolari Kilometroetako logo izango den eguzki-lorearen eskuz eginiko oroigarria ere eman diote: "Eguzki-lorearen hosto guztiak dira desberdinak eta denak beharrezko, eta erdigunetik, gure ikastoletatik, Beskoitzekotik ere, aterako dira euskararen haziak", esan du Azpeitiko Ikastolako kideak.
Zure interesekoa izan daiteke
Santurtziko alkateak "onartezintzat" jo ditu Anderren atxiloketaren irudiak
Zer neurri proposatzen ditu KIDS Legeak adingabeak Interneten babesteko?
SOS-Deiak larrialdi zerbitzua ordu erdi etenda egon da sistemako akats baten ondorioz
Ezkontza kopurua % 8,4 gutxitu da Euskadin urteko lehen hiruhilekoan
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, ibilgailuak erregistratzeko eta delituak egiteko mutil baten identitatea usurpatzeagatik
Euriteek gutxienez hildako bat utzi dute Katalunian
Bengoetxea: "Epaia sakon aztertuko dugu helegitea aurkeztu edo ez erabakitzeko eta moldatzen ari garen dekretua hobetzeko"
Oporrak baimenik gabe 17 egunez luzatu zituen langilearen kaleratzea berretsi egin du Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak