Zornotzako hilerriko indusketa lanen bigarren fasea hasiko da gaur, gudarien gorpuzkien bila
Aranzadi Zientzia Elkarteak Zornotzako hilerriko indusketa lanen bigarren faseari ekingo dio gaur, 1936ko gerrako gudarien eta milizianoen gorpuzki gehiagoren bila.
Eusko Jaurlaritzaren Gogora Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutuak Aranzadirekin elkarlanean 'Gerra Zibileko desagertuak bilatzeko' programaren baitan, lehenengo indusketa 2023ko abenduan izan zen, eta orduan 54 pertsonaren gorpuzkiak aurkitu eta atera zituzten lurpetik.
Jaurlaritzak azaldu duenez, zantzu guztien arabera, hildakoak gudariak eta milizianoak dira, eta inguruko gerra-fronteetatik edo garaiko herriko Odol Ospitaletik eraman zituzten.
Indusketak hilerriko eremu zehatz eta mugatu batean egiten jarraituko dute. Eremu hori bere horretan kontserbatu da urteetan, eta dokumentazio historikoak jasotzen zuenez, gero egiaztatu den moduan, gerran hildako pertsonak lurperatu zituzten bertan.
Indusketa lanen iraupena hurrengo egunetan egingo diren aurkikuntzen araberakoa izango da.