Handitu egin da familien kopurua, baina geroz eta bizikide gutxiago dituzte
Familia-unitateen kopurua % 29 hazi da batez beste azken bi hamarkadetan Hego Euskal Herrian: 2001ean 930.180 familia izatetik 2021ean 1.209.484 izatera igaro da. Alta, horietan bizi diren biztanleen kopurua askoz neurri txikiagoan hazi da, % 8 egin baitu gora.
'Etxeen eta familien aldaketa' goiburupean, azken 20 urteotan etxeek eta familiek izan duten bilakaera aztertu du EITB Datak, eta gaur zabaldu dituzte ondorioak EITBko hedabideek. Ikerketak utzi duen izenburuetako bat, honakoa: biztanleria familia kopurua baino gutxiago hazi da.
Zehazki, txostenaren arabera, EAEn orain bi hamarkada baino 201.190 familia gehiago daude (% 24 gehiago), eta Nafarroan, 78.197 (% 35 gehiago). Biztanleria egoiliarra ere hazi da, baina ez neurri berean: 133.331 biztanle gehiago daude EAEn, eta 120.095 gehiago, berriz, Foru Erkidegoan.
Azterketak utzi duen beste datu bat familien tamainari lotutakoa da. Familia gehiago daude, baino geroz eta txikiagoak dira. 2011 eta 2021a bitartean, adibidez, EAEn 2,35 pertsona bizi ziren familiako, eta Nafarroan, 2,52. Kopuru horren beheranzko joera baieztatu dute azken urtebeteko datuek ere, etxe bakoitzean batez beste bi lagun bizi baitira (1991n ia 3 ziren).
Bilakaera oso antzekoa da Espainiako Estatuko erkidego guztietan, eta baita Europako herrialde gehientsuenetan ere, zenbait ñabardurarekin: Suedia da familiako pertsona kopuru txikiena duen herrialdea (1,9).
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda