Albiste izango dira: Aste Santuko irteera operazioa, abisu horia haizeagatik eta Baltimoreko zubia
Honako gai hauek hartuko dituzte gaur, 2024ko martxoaren 27an, hedabideetako lerroburu nagusiak:
- Aste Santuko irteera operazioa: Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak Aste Santuko irteera operazioa martxan jarriko du 15:00etan, errepideetan joan-etorri handiko eguna izatea espero baita gaurkoa. Ohi bezala, Armiñongo lotunea (A-1 eta AP-1 errepideek bat egiten zuten tokian) eta AP-8ko Biriatuko ordainlekua izango dira ibilgailu gehien pilatuko dituzten puntuetako batzuk. Halaber, Bilboko Aireportuan 125 aireratze eta lurreratze daude aurreikusita.
- Abisu horia haizeagatik: Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du gaur 15:00etatik aurrera, 100 km/h-ko abiadura gainditu dezaketen haize-boladengatik. Bizkaiko eta Arabako haizeguneak ez diren eremuetan, baliteke hego eta hego-mendebaldeko boladek orduko 80 kilometroko abiadura gainditzea, batez ere mendebaldean. Gipuzkoan haizeguneak ez diren guneetan 60-80 km/h artekoak izango dira.
- Baltimoreko zubia: Baltimoren zubia erori ondoren ibaira eroritako sei pertsonak hiltzat eman dituzte. Gauean larrialdi zerbitzuek amaitutzat eman dituzte bilaketa lanak eta eguna argitzearekin batera gorpuak erreskatatzeko operazioa abiatuko dute.