Gaur egingo diote autopsia Donibane Lohizuneko hotel batean hilda aurkitu zuten emakumeari
Gaur egingo diote autopsia joan den ostiralean Donibane Lohizuneko (Lapurdi) Paris hotelean hilda aurkitu zuten 34 urteko emakumeari. Indarkeria zantzu bortitzekin aurkitu zuten gorpua, hoteleko logela batean. Atzo egindako agerraldian eman zituen Jerome Bourrier Baionako fiskalak ikerketari buruzko zenbait xehetasun, eta nabarmendu zuenez, hilketa "basatia" izan zen.
Ostiralean bertan atxilotu zuten biktimaren bikotekidea, ustezko hiltzailea delakoan, eta fiskalak baieztatu zuenez gaur eramango dute epailearen aurrera.
Emakumeari hanka eta eskuak lotu zizkioten, eta buru-hezurra, matrailezurra edota ukondoa mailukadaz apurtu zizkioten. Bourrierren arabera, bortxatu izana ere ez dute baztertzen. "Egoera dramatikoa eta prekarioa bizi zuen bikoteak, drogak eta prostituzioa tarteko", erantsi zuen.
Ikertzaileek uste dute "aurrez pentsatuta egindako hilketa" bat dela. Kasu horietan, biziarteko espetxe zigorra aurreikusten du Frantziako legediak.
Hilketa matxista salatzeko, Ipar Euskal Herriko Mugimendu feministak elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako, 19:00etan, Donibane Lohizunen bertan,
Ziburuko gertakaria
Duela bi aste, apirilaren 14an, Ziburuko hotel batean balkoitik "erori" eta larri zauritu zen emakumea da ostiralean hilik aurkitu zutena.
Orduan ere atxilotu zuten gizonezkoa, 35 urtekoa, eraso matxista leporatuta, baina aske utzi zuten, hipotesiari eusteko froga faltagatik eta emakumea ri ospitalean egindako galdeketatik ez zutelako ondorio argirik atera; izan ere, ez zuela gertatutakoa gogoratzen esan zion Poliziari.
Emakumea desagerturik zegoen maiatzaren 1etik, eta fiskalak jakinarazi du bere kabuz alde egin zuela ospitaletik.
Zure interesekoa izan daiteke
Iñaki Angulo youtuberraren aurkako ikerketa hasi du Fiskaltzak, Hector Bellerin futbolariari irain homofoboak egiteagatik
Hoteletako erreserbekin lotutako iruzur kasuen gorakada atzeman du Ertzaintzak
Ginekologiako eta bularreko minbiziari eskainitako EITB Maratoiak ikerketa jarriko du erdigunean eta Zea Mays taldearen "Elektrizitatea" abestia izango du soinu-banda