Indarkeria matxista
Gorde
Kendu nire zerrendatik

De Pedro futbolari ohia espetxeratu dute, indarkeria matxistagatik 9 hilabeteko zigorra betetzeko

Realeko jokalari ohia bart atxilotu du Ertzaintzak, hain zuzen ere, bera bilatzeko eta atxilotzeko epaile baten agindua indarrean zegoelako. Gainera, De Pedrok aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik.
Javier De Pedro, Realeko jokalaria zen garaian
Javier De Pedro, Realeko jokalaria zen garaian. EiTB Mediaren artxiboko irudia

Javier De Pedro futbolari ohia espetxeratu egin dute indarkeria matxistagatik ezarri zioten 9 hilabeteko kartzela zigorra betetzeko.

Realeko futbolari izandakoa atzo atxilotu zuen Ertzaintzak, bera bilatzeko eta atxilotzeko epaile batek emandako agindua indarrean zegoelako, EiTB Mediak jakin ahal izan duenez.

De Pedrok aurrekariak ditu indarkeria matxistagatik eta beste delitu batzuengatik. 2018ko urtarrilean bere bikotekide ohiari Donostiako ostatu batean eraso egiteagatik atxilotu zuten. Gainera, 2010ean 51 egunez gizarte lanak egitera zigortu zuten bere bikotekide ohiari tratu txar jarraituak emateagatik eta irainengatik.

Urtebete lehenago Donostiako epaitegi batek 1.000 euro inguruko isuna ezarri zion, mozkortuta eta gidabaimenik gabe gidatzeagatik.

Javier De Pedrok 1993tik 2004ra Realeko lehen taldean jokatu zuen eta 2002-2003 denboraldian ligako bigarren postuan sailkatu zen talde hartako partaide izan zen. Halaber, Espainiako selekzioarekin 2002ko Munduko Futbol Txapelketan aritu zen.

 

 

Zure interesekoa izan daiteke

Marcha antirracista



EUROPA PRESS

21/3/2026
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Arrazismoaren aurkako martxa batek "faxismoaren gorakada" eta "zigorgabetasuna" salatu ditu Bilbon

Arrazagatiko Diskriminazioa Ezabatzeko Nazioarteko Eguna dela eta, ehunka pertsonak bat egin dute larunbat honetan Arrazakeriaren aurkako Bilboko M21 Asanbladak deitutako manifestazioarekin. "Faxismoaren gorakada" salatu, eta "talde neonazi eta supremazisten" jarduera eta diskurtsoen "zigorgabetasunaz" ohartarazi dute. 12:00ak jota zirenean hasi da martxa, Mariaren Bihotza plazan, eta San Frantzisko kalea Zabalbururaino zeharkatu eta gero, Bilboko udaletxearen aurrean amaitu da, manifestu bat irakurrita.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X