Ekaitza Balearretan
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Bilbo eta Palma arteko bi hegaldi bertan behera utzi dituzte, eta Menorcarakoa arazorik gabe irten da

Atzo Maotik Bilbora itzuli behar izan zen hegaldiko bidaiari guztiak ezin izan dituzte 06:45eko hegaldian sartu. Atzo, zortzi hegaldi bertan behera geratu ziren Balearretako euriteengatik. Gaur, normaltasunez ari dira artxipelagoko aireportuak.
Loiuko aireportuko informazio panela, atzo.
Loiuko aireportuko informazio panela, atzo. Irudia: EITB Media

Asteazkenetik Balear Uharteetan eragozpenak sortzen ari den tanta hotzak atzerapenak eragiten eta hegaldiak bertan behera uzten jarraitzen du, neurri txikiagoan bada ere, eta, jakina, gorabehera horiek Bizkaiko aireportuari ere eragiten diote. Horrela, Bilboko eta Palmako aireportuen arteko bi hegaldi bertan behera geratu dira ostiral honetan, Aenak jakinarazi duenez.

Bat 09:00etan iritsi behar zen Bilbora, eta bestea Loiutik Mallorcarantz irten behar zen.

Palmako Aireportuak krisi batzordea aktibatu zuen atzo, denboralearen ondorioak tarteko, "hegazkin konpainiekin elkarlanean aritzeko eta bidaiariei konponbide onena emateko". Ostegunean zehar trafikoa murriztu ondoren, gaur, ostirala, Balearretako aireportuak normaltasunez ari dira, Aenaren arabera.

Hala ere, programatutako orduan, 06:45ean, irten da Maorako (Menorca) hegaldia. Atzo, goizean goiz, hegaldi bat abiatu zen Bilboko aireportutik Menorcako aerodromora, baina Loiura itzuli behar izan zen. Hegazkin horretako bidaiari guztiak ezin izan dituzte gaurkoan sartu.

Atzo Balear Uharteetara joan behar ziren zortzi hegaldi bertan behera geratu ziren, ekaitzaren ondorioz lur hartu ezinik.

Balearretan abisu horian jarraitzen dute (arrisku ertaina), gaur euriteak eta ekaitzak izango baitira berriro, Aemeten esanetan.

Zure interesekoa izan daiteke

115 ikastoletako lehendakariek agerraldia egin dute
18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Oztopoen aurrean 'sare sendo bat' osatzen dutela adierazi dute 115 zentroetako lehendakariek

Euskal Herriko 115 ikastoletako lehendakariek agerraldi jendetsua egin dute gaur arratsaldean Hernanin (Gipuzkoa). Azken boladan izandako auzien balorazioa egiteko eta emandako erantzun kolektiboaren balioa goratzeko agerraldia izan da. Ekitaldian, Oier Sanjurjo Nafarroako Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Erik Etxart Seaskako lehendakaritzako kideak eta Nekane Artola Ikastolen Elkarteko lehendakariak hartu dute hitza. Azkenaldiko oztopoen aurrean ere 'indartsu eta gogotsu' arituko direla 'euskarazko hezkuntza baten alde' adierazi dute. Bi kasu aipatu dituzte bereziki: Lodosako kasua: Nafarroako Gobernuak Ibaialde ikastolari Haur Hezkuntzako ituna kentzeko egindako saiakera eta eskualdeak emandako babesa. Baxoaren borroka: Ipar Euskal Herrian azterketak euskaraz egin ahal izateko ikasle zein eragileek erakutsitako konpromisoa.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X