Eguraldia
Gorde
Kendu nire zerrendatik

Negu sasoiko eguraldia eta elurra izango ditugu asteburuan

Polotik iritsiko den aire-masa hotz baten eta depresio baten ondorioz, hotza, euria eta elurra izango dira nagusi.
Irimo bezalako mendiak, 901 metro, zuritu daitezke. Argazkia: Aitor Agirrezabal
Irimo bezalako mendiak, 901 metro, zuritu daitezke. Argazkia: Aitor Agirrezabal

Negu sasoiko eguraldia izango dugu asteburu luze honetan Euskadin. Polotik iritsiko den aire-masa hotz baten eta depresio baten ondorioz, hotza, euria eta elurra izango dira nagusi, Euskalmetek eta EITBren zerbitzu meteorologikoak egindako iragarpenaren arabera.

Ostirala bustitik esnatuko da, bereziki iparraldean eta ekialdean (Gipuzkoa, Lapurdi eta Nafarroa iparraldea). Lurraldearen hegoaldean, berriz, ateri eutsiko dio, eta eguzkiaz gozatu ahalko dute egunaren bigarren zatian. Ez da tenperatura aldaketarik izango, eta minimoak bezperan baino zertxobait altuagoak izango dira. 

Giroa larunbatean petralduko da. Iragarpenen arabera, prezipitazioak, haizea, tenperaturen beherakada eta 800-1.000 metroan elurra izango dira. Haizeak ipar-mendebaldetik joko du, eta traba egingo du egun osoan. Horrek hotz sentsazioa areagotuko du. Termometroak 4-5 ºC-raino jaitsiko dira Gasteizen eta Iruñean, eta 7-10 ºC-an errendituko dira Donostian eta Bilbon. Epelenek ez dute 15 ºC-ren langa gaindituko. Zerua estalita egongo da, eta euria egingo du, goizetik gauera. Elur-mailak behera egingo du arratsaldean, eta 800-1000 metro inguruan egongo da gauean.

Hain justu, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hiru abisu hori ezarriko ditu muturreko eguraldiagatik: prezipitazio iraunkorrengatik, Bizkaian eta Gipuzkoan (12:00etatik 24:00etara); haizeagatik, bi lurraldeetan (09:00-24:00), eta elurragatik, barnealdean (Araban eta Bizkaiko eta Gipuzkoako barnealdean, 18:00etatik gauerdira arte). Itsasoan ere ez da giro izango, eta itsasaldeko arriskuagatik abisu horia eta nabigaziorako alerta laranja aktibatuko dituzte, bost metroko olatuak espero baitira.  

Hotz boladak okerrera egingo du igandean. Tenperatura maximoak apur bat gehiago jaitsiko dira. Zerua estalita egongo da eta prezipitazio ugari egingo du; elur-maila 700-1000 metro inguruan kokatuko da. Horrekin batera, trumoi-ekaitzak jo eta txingorra egin dezake puntualki. Ipar-mendebaldeko haize zakarrarekin jarraituko dugu, batez ere egunaren lehen partean, eta tenperatura maximoak 7-11 ºC-an geratuko dira. Mendi inguruetan, izotza egingo du.

Eguraldi makurra dela eta, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak hainbat abisu ezarri ditu iganderako: prezipitazio iraunkorrengatik, isurialde atlantikoan (00:00etatik 24:00etara); haizeagatik, bi lurraldeetan (00:00-18:00) eta elurragatik, barnealdean, (00:00etatik gauerdira arte). Itsasoan ere ez da giro izango, eta itsasaldeko arriskuagatik abisu horia eta nabigaziorako alerta laranja aktibatuko dituzte, sei metroko olatuak espero baitira.  

Donostiako Pasealeku Berria

Babes Zibilak jakinarazi duenez, larunbatean Donostiako Pasealeku Berria ibilgailuentzat eta oinezkoentzat itxiko dute 17:00etan, eta Leizaola pasealekurako eta Haizearen Orrazirako sarrerak ere itxiko dituzte. Neurri horiek gutxienez astelehenera arte egongo dira indarrean.

Zure interesekoa izan daiteke

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

Pertsona bat erietxera eraman behar izan dute Baionan gertatu den sute baten ondorioz

Sua 14:15ak inguruan piztu da garra Baiona Tipiko Kupelgileak karrikako eraikin batean. Suhiltzaileek eraikina hustu dute bertaratu orduko.  Hirugarren solairuan zegoen gizonezko bat larrialdi zerbitzuen laguntzarekin atera behar izan dute eta Baionako erietxera eraman dute kea arnastuta.  Garrak itzali badituzte ere, auzo guztiko elektrizitatea eta gasa moztu dituzte, prebentzio neurri gisa. Eraikinak kalte ugari izan ditu eta bere egoera hurrengo orduetan aztertu beharko da. Bizilagunek gaua etxetik kanpora igaroko dute. 

18:00 - 20:00
ZUZENEAN
Duela  min.

ELAk adierazi du CCOOko kide batzuek euskaldunen hizkuntza eskubideen aurkako kanpaina abiatu dutela

ELAk  adierazi du bat datorrela AEKrekin, Korrikaren antolatzailearekin, eta babestu egin du CCOOren zuzendaritza lasterketatik baztertzeko erabakia. ELA sindikatuak “euskararen aurka antolatutako kanpaina” baten parte izatea leporatu die CCOOko kide batzuei, eta, zentzu horretan, erabat "koherentea" iruditzen zaio Korrikan parte ez hartzen ez uzteko erabakia hartu izana.

Gehiago ikusi
Publizitatea
X